Ezpeletako gaztelua
FITXA
Udalerria: Ezpeleta
Herrialdea: Lapurdi
Zailtasuna
Aztarnak
Kokapena eta Egitekoak
Lehen ere herritik hurbil zen gaztelua, baina gaur egun ia elkarturik daude biak, gazteluraino zabaldu baita herria. Eliza eta eliza aldeko auzoa beherago daude, iparraldera. Gaztelua muino koskor baten gainean dago, Latsa errekak Errobirako bidean eginiko ibar baten gaineko aldean. Muinoaren iparraldera eta ekialdera ezponda luzeak dira ibaiaren aldera, defenda errazak.
Gaztelu pribatua izan da hasieratik. Ezpeleta sendiari eta baroierriari loturik zeuden gazteluaren historia eta egitekoak. Baina, Erdi Aroa bitartean behintzat lurraldeko aldaketen eta gorabeheren arabera ibili zen Ezpeletako leinua, eta aldi berean erresuma batekin baino gehiagorekin harremanak askotan.
Udaletxe eta piper langintzaren erakusketa-leku bihurturik dago gaur egun.
Egungo eraikina eta inguruko harresia indusketak egin ondoren, ekialdetik. (2001)
Historia
Lehenago ere izan omen zen Ezpeleta izeneko buruzagi bat, baina ez dakigu zuzen noiz, 1059koa baita lehenengo aipamena. Ezpeletako Aznar izeneko bat agertzen urte horretan Nafarroako hamabi nobleen artean. Agiri horren datak, ordea, ez du balio handirik, baina bai, ezpeletar bat han agertzeak, garai hartako nobleek Ezpeleta leinua zaharrenen artekotzat zeukatela esan baitu horrek. Ziurragoa da Ezpeleta leinuko bati buruzko XII. mendeko aipamena. Pierre Bertrand d¿Espelette izeneko bat agertzen da 1170tik 1178ra bitartean Baionako gotzain.
XIII. mendean Nafarroaren eta Ingalaterraren artean izan zen gerran askotan aipatzen dira Ezpeleta leinua, baita herria bera ere, garai hartan bi erresuma horien artean zen mugatik hurbil baita Ezpeleta. Baina Ezpeleta sendiak berak pairatu zuen gehien guda horretan, bi aldeetan banaturik ibili baitzen. 1249an Leicesterko kondeak Ingalaterrako erregearen izenean egin zuen inkestan (erreklamazioetan), nahikoa sarritan agertzen dira Ezpeleta leinukoak, kaltetu gisa, batzuetan, eta kaltegile gisa, beste batzuetan. Kaltetuen aldetik, Ezpeleta jauretxea, errota batzuk eta beste hainbat etxe erre izana, sagastiak txikitu izana eta beste hainbat kalte eragin izana leporatzen dizkio Nafarroako erregeri: 5.000 sosen galera, guztira. Inkestak ¿domun d¿Espeleta¿ dioenez, esan daiteke, artean ez zela Ezpeleta leinuaren etxea gaztelu, edo ez zela artean gaztelurik.
Kaltegileen artean, berriz, Garzia Arnalt d¿Ezpeleta eta semea, Guillaume d¿Ezpeleta agertzen dira: hiru behi lapurtu izana leporatzen zioten aitari, eta zaldi bat lapurtu izana, semeari. Ezpeletako jauna, Ezpeletako Sancho, ingelesen alde borrokatu zen, bestalde, eta nafarren aldekoek ere egin zituzten beren eskakizunak: ¿Ezpeleta hiru anaiek¿ egindako kalteak agertzen dira erreklamazioetan.
Gaztelua Lapurdin egon arren, Nafarroako Erresumako gorabeheretan ere buru belarri sartu izan ziren, handik urte batzuetara. Garzia Arnaut Ezpeleta zen urte horietan Ezpeletako jaun. 1270ean, Teobaldo II.a Nafarroako erregerekin (1253-1270) Tunisiara joan zen VIII. Gurutzada, azkenekoa izango zena, egitera. Bere herriko jaun ez ezik, Gostoroko (Zuraideko auzo nagusiaren antzinako izena) eta Amozko (Senpereko auzoa) jaun ere bazen Ezpeletakoa. Eta Ezpeleta sendiak ustiatzen zituen Gostoroko priore etxeko etekinak.
1302an Garzia Arnalt zen Ezpeletako jaun, eta Flore Gixuneko jaunaren alabarekin ezkondu zen. 1307an, Mauleko kapitain eta gazteluzain izendatu zuen Ingalaterrako Eduardo II.ak, Nafarroako erregearen bidez hango gaztelua eta bizkonderria berreskuratu zituenean. Ezpeletako lurren jabe zela, eta hango justizia bere esku zegoela onartzen zuen 1311ko txosten batean.
1344ko gutun batzuek diotenez, minduta zegoen Ingalaterran Eduardo III.a Lapurdiko hainbat jaunek baimenik eskatu gabe gazteluak eta etxe-dorreak eraikitzen zituztelako. Baina, mantentzen zuten harentzako leialtasuna, Ezpeletako jaunak eta Lapurdiko beste hainbat noblek zin egin baitzioten 1363ko ekainaren 30ean, Bordelen.
Garai horretan Orzaizeko jauregi bat (sala) eman zion Nafarroako erregeak eta jauregi hori izateak Nafarroako Gorteetan egoteko eskubidea ematen zion Ezpeletako jaunari, sortetxea Lapurdin izan arren.
Lope Garzia Salazarrek (1399-1476) bere Bienandanzas e Fortunas liburuan dio ezpeletarrek ere hartu zutela parte leinuen arteko borroketan. Egilearen arabera, aspalditik zetorren senperetarren (¿Lapurdikoa da¿) eta ezpeletarren (¿Nafarroako erresumakoa da¿) arteko ezinikusia. Gatazketako batean Garzia Arnalt Senpereko jauna erre zuten ezpeletarrek, eta, handik urte batzuetara, hildakoaren alaba Pedro Lopez Amezketarekin (¿Gipuzkoako lantzarik hoberena¿) ezkondu zuten senperetarraren leinukoek. Gonbidatuak ezkontzako festan zirela, Ezpeletako jaunaren Beltza goitizeneko iloba iritsi zen. Gero izan zen borrokan, gipuzkoarrak Beltza hil zuen eta mendekua hartukotzat eman zuten. Nafarroako agiri batek badakar aurreneko borroka hori, 1370. urte inguruan; baina, bi jaunen artean adostutako lehia bat izan balitz bezala.
Hor ikusten denez, nazioarteko politikan hiru erresumatako jendeak hartu zuen parte: Senpere (Ingalaterrakoa), Amezketa (Gaztelakoa) eta Ezpeleta (Nafarroakoa), baina Euskal Herriko leinuen arteko gerra tarteko zela. Ezpeletarrak Agramondarren aldekoak ziren.
XIV. eta XV. mendeetan, Nafarroako administrazioko maila guztietan sarturik ikusten ditugu ezpeletarren leinu nagusia zein bereizitako adarrak, eta nahikoa kargu, dohaintza eta titulu berenganaturik, errege administraziotik. Iruñean jauregi ederra zuen Ezpeletako leinu nagusiak.
Luis XI.ak, 1462an eginiko bidaian, Ezpeletako jaurerria baroierri egin zuen, Ezpeletako Joan leinuburu zela. Handik aurrera, goiko, erdiko eta beheko, maila guztietako epaiketak egingo ziren Ezpeletako gazteluan.
1589an, Erlijio gerrak eta espainiarren mehatxuak zirela eta, Gixuneko eta Ezpeletako gazteluetan arma-gizonak jartzeko eskatu zion Denys de la Hillière Baionako gobernadoreak erregeri, Baiona hobeki defendi zezaten hegoaldetik eta ekialdetik.
Ezpeletako Bertrand, orduko baroia eta Nafarroa Garaiko gorteetako partaidea, Espainiako gudarostean zebilen; Frantziaren kontra, alegia. Beraz, hari titulua eta gaztelua konfiskatzea erabaki zuen Bordeleko legebiltzarrak 1637ko ekainean. Herritarrek orduan, haren kontra matxinaturik, gaztelua suntsitzeko aprobetxatu zuten. 1640 inguruan hil bide zen eta gaurko Ipar-Euskal Herrian zituen ondasunak arreba Barbarari utzi zizkion. Ezpeletako Barbarak 1637ko konfiskazioaren aurkako erreklamazioak aurkeztu zituen, eta gaztelua berreskuratzea lortu zuen. Herritarrek ere 25.000 libera ordaindu behar izan zioten, gaztelua konpontzeko, eta 1670. urtera arte ez zuten kitatu zorra.
Ezpeletako Barbara hil zenean, Luis XIV.enak Gramondeko orduko (1690) dukeari eman zizkion gaztelua eta baroi titulua. Baina legez Juliana Enriquez Lakarra-Nafarroa zen oinordekoak, ordea, Barbararen iloba eta Bertranden biloba baitzen, protestatu egin zuen eta 1690ko apirilaren 13ko itunean erabaki bezala, dukeak itzuli egin behar izan zizkion gaztelua eta baroi titulua. Ondorengorik izan ez zuenez, hiltzerakoan (1694) herriko apaizei utzi zien gaztelua.
1707an herriak erosi zuen gaztelua, eta herriarena da gaur egun; baita baroi titulua ere.
Cesar Duvoisin apaiza ainhoarrak (1805-1869) hala dio Cambo et ses alentours bere liburuan gazteluaz: ¿Han ez dut aurkitu ez armairurik, ez dorre feudalik, ez bastioi zaharrik, ezta zubi altxagarririk ere; den-dena desagertu da. Bi dorreen zimenduak, harresi hondakin batzuk, itxura penagarriko eraikin puska handi bat, horra hor zer gelditzen den gazteluaren antzinako handitasunetik.¿
Barandiaranek dioenez, bada lurpeko galeria bat Mondarraingo gaztelutik Ezpeletako gaztelura. Beste batzuen ustez, berriz, Ehieraxaharra etxera zihoan galeria hori.
Gazteluaren aztarna, udaletxea, indusketak egin baino lehen (mendebaldetik). (1997)
Egitura eta aztarnak
1637ko suntsiketaren eta geroko eraberritzearen ondoren, udaletxe, eskola, apaiz-etxe eta beste izateko atondu zuten gaztelua. Horregatik, XVII. mendeko eraikuntza ikusita eta Jauregi esaten ziotela jakinik, Erdi Arokoa ere etxe-dorre edo etxe gotortu bat baino ez ote zen pentsatu izan dute batzuek.
Baina etxe gotor bat baino gehiago izango zela zioen Duvoisinek, eta hala zela baieztatu zuten 1997an egin zituzten indusketa lanek. Eta gauza bera adierazten dute, bestalde, gaur egun han ikus dezakegunak ere. Dirudienez, kanpoan ibili zale ziren Ezpeletako jaunak, baina jakin zuten sortetxea zaintzen; hala uste dugu XIV. eta XV. mendeko aztarnak ikusita. Erresumen arteko muga gertu zela jakinik, Frantziako erregearen laguntza ere izan zuen agian, Lapurdiko konkistatu ondoren.
1997ko udaberrian, gaztelua aztertzen hasi zen Okzitaniako Tolosa hiriko enpresa bat, eta han aritu ziren arkeologoek prentsaurreko bat eman zuten urte bereko uztailean, behin-behineko emaitzak aurkezteko. Azterketak hasi baino lehen, dorre biribil bat eta bi horma baino ez ziren aipatzen, gazteluaren aztarna usteko gisa. Dorrea, gainera, XVI. mendekoa zela esaten zen.
Ingurua aztertzerakoan, ordea, 3 dorre gehiagoren aztarnak agertu ziren, eta hormatal luze batzuk, dorreen artean. Ikus daitezkeen dorreak eta desagertua den beste bat hormatalez elkartuz gero, 40 edo 45 metroko diametroa zuen pentagono bat eratuko zuten, hormatalak ez baitziren, dirudienez, zuzenak. Azaleraturiko hiru dorretatik bi behintzat oso ondo nabari dira, hegoaldean biak. Hirugarrena, berriz, ipar-ekialdean zena, D-918 errepidea zabaltzerakoan hondatu zuten, neurri handi batean, behintzat. Eta ipar-mendebaldean zena galdutzat jotzen dute. Ferra itxurako oinplanoa dute dorrek.
Dorreak eta hormatalak harlanduz eginak dira, kareharri ondo landuz eginak. Hegoaldea du alderik ikusgarriena: harresia eta azaleratutako bi dorre. 2¿5 metroko garaiera dute. Gaur egun ikus daitekeenaren gainean 3 edo 4 metro garaiko harresia egongo zen. Harresi haien hondarrak bistaraturik daude orain, Mendebaldeko dorrearen bi aldeetan.
Udaletxeari erantsita dagoen dorrean bi eratako harria erabili zuten, dirudienez. Beharbada, XVII. mendeko bigarren erdialdean parte handi bat berriz egin behar izan zutelako ditu desberdinak. Kanpotik ere nabari da dorreko solairu bakoitza non hasten edo bukatzen den, harri-eraztun bat-edo baitu solairu bakoitzean. Hegoaldeko horman kakategi bat du. Su-armak jartzeko leiho-zuloak ere badituzte dorre horrek eta beste batek: hiruzpalau motatako zuloak. Indusketa lanek adierazi dutenez, hegoaldeko ezponda ez da benetako ezponda, lubanarro baten aztarna baizik, eta mendebaldekoa ere halaxe da agian.
Egiturari buruzko xehetasun garrantzitsu batzuk ere argitzeke daude oraindik. Ez dakigu, besteak beste, non zuen sarrera; non zen dorre nagusia, dorre nagusirik baldin bazen; zer egitura zuen barruak, edo nola banatua zegoen.
Dena dela, gaur udaletxe izateko eta bere zerbitzuak eskaintzeko harturik daukatena XVII. mendekoa da. Hormen egitura askoz kaxkarragoa da, ate eta leiho inguruetan izan ezik, eta hareharriz egina, gehiena. Udaletxea eta erakustokia zaharberritze lanetan dira aspaldian. 1999an zuriz margotu zuten kanpotik, leiho eta ate inguruko harriak izan ezik. Harri horiek nabariago geratu dira, baina gainontzeko harriak ez dira ikusten.
Udaletxearen eraikina eta dorreak eta hormatalak, arkeologoen arabera. (Archeologie des Pyrénées Occidentales et des Landes. XVIII. liburukia, 1999. urtea).
Iristeko
Herriaren muturrean dago, Kanbora doan D-918 errepide ohiaren goiko aldean. Aparkalekua atondu dute gazteluaren ondoan.