Itzuli orri osora

Donostiako gaztelua

FITXA

Udalerria: Donostia

Herrialdea: Gipuzkoa

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Panoramika 1

Haundia

Txikia

Panoramika 2

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Donostia hiriaren iparraldean dago gaztelua, Urgull mendiaren gailurrean (120 m). Mendia hegoaldeko muinoei lotua zegoen, hondarrezko mingain baten bidez, baina orain zeharo aldatua dago, hiria bertaraino hedatu baita. Mendiaren hiru laurden labarrak dira, ur gainean, Kontxa badiatik Urumea ibairaino, iparraldetik. Laugarren aldean, hegoaldean, hiria dago eta, beraz, hiria hesituz, gotortu egiten zen gaztelua zegoen mendia ere.

Berant Erdi Aroan, eta ondoko garaietako mugak zirela eta, Euskal Herriko hiri gotortu nagusietako bat bilakatu zen Donostia, eta izaera militarrak XIX mende arte iraun zuen. Bidasoako mugatik gertu egoteaz gain, itsasertzean zegoen eta horrek eskuragarri uzten zien arerioei.

Donostiako gaztelua

Urgull Igeldo menditik begiratuta. Hainbat eraikin nabari dira.

Gazteluaren egitekoa zera zen, hiriaren defentsan osagarri izatea. Horrekin batera, gehienbat hasieran, herritarrentzako itsasaldeko eta barnealdeko talaia lanak ere egin zituen.

Donostiako gazteluari gaztelaniaz Santa Cruz de la Mota deitzen diote.

Historia

Hainbat tokitan erromatar aztarnak agertu dira, orain arte, testuingurutik kanpo. Aurkikuntza horiek eta euskal itsasertzean azken urteetan agertu direnek Donostia benetako portu erromatarra zela pentsarazten dute; hirigunea egungo Alde Zaharrean kokatuko zen, Urgull mendiaren oinean.

1101ean, Pedro I.a Nafarroako eta Aragoiko erregeak (erregealdia Nafarroan: 1094- 1104) berretsi zuen Donostiako monasterioa, Antigua auzoko San Sebastian, Leireko monasterio nafarrari eginiko dohaintza zela, eta horretarako eginiko agirian esaten da lehenengoz Urgull mendiaren ondoan hiri bat dagoela.

1180an Nafarroako Antso VI.a Jakitunak (1150-1194) forua eman zion hiriari, eta bertan gazteluaren aipamenik jasotzen ez bada ere, dagoeneko hiriaren gotortze egituraren partea izango zen. Geroago, 1194. urte inguruan, Antso VII.ak Azkarrak (1194- 1234) Urgull gaina gotorrago egin omen zuen. 1199ko martxoan Iohane Bidauri zen Nafarroako tenente Donostian.

1200ean, Nafarroako Erresumatik Gaztelara igaro ziren gazteluen artean, Donostiakoa sartzen du Ximenez Rada artzapezpikuak, eta hori da gazteluari dagokion lehenengo aipamen idatzia. Geroztik, Alfontso VIII.a errege gaztelarrak Diego Lopez Haro Bizkaiko III. jauna jarri omen zuen eskuratutako lurraldeeta n arduradun gisa. Urte hartako agiri batek gaztelarra erregetzat jotzen du Gaztelan, Araban, Kanpezun, Marañonen, Gipuzkoan eta Donostian, eta bizkaitarra, berriz, tenente Sorian, Naiaran, Marañonen eta Donostian. XIII. mendeko hasierako bost urteetan Alfontso VIII.ak behin eta berriro errepikatu zuen agirietan in Alava et in ypuzqua et in Sco.Sebastiano errege zela.

Nafarrek ahaleginak egin zituzten galdutakoa berreskuratzeko. 1234an, esate baterako, Teobaldo I.ak (1234-1253) Blanca alabaren ezkontzaren bidez lortu nahi izan zituen Donostia eta Hondarribia, baina ezkontza ez zen egin.

Donostiako gaztelua

Jatorrizko gazteluaren ingurukoak (2000).

Halere, denbora laburrez izan bazen ere, 1366ko irailaren 23ko Libourneko hitzarmenari esker, Nafarroak berreskuratuko zuen gaztelua. Karlos II.ak (1349-1387) itun horrekin eta geroago Kanpezun izenpetutakoarekin, Gaztelako Pedro I.a eta Enrike II.a anaiordeen arteko borroketatik etekinak lortu nahi izan zituen. Zegoen nahastea aprobetxatuz, Karlos II.a saiatu zen lurraldea berreskuratzen; zenbait leinuren leialtasuna lortu zuen, eta horietako zenbaitekin Gipuzkoa zeharkatu zuen 1368an. Amezketako jauna, Pedro Lopez izendatu zuen " Donostiako barrutiko ibar-jaun eta kapitain." Baina 1373an berriro Gaztelak bereganatu zuen lurraldea.

1476an nabarmen geratu zen hiriko babes sistemaren ahulezia. Isabel I.a Katolikoa Gaztelako erregina tronoratu zutenean, gerra zibila piztu zen, eta frantses gudari taldeek, Joana Beltranejaren aldekoekin, Donostiako murruak eraitsi zituzten, baina ez zuten lortu gaztelua hartzea. Ondoren, Errege-erregina Katolikoek bultzatu zuten defentsa sistema berregin zuten.

Hiria bera gotortzeaz gain, Erdi Aroko gazteluko dorretzarraren hegoaldean, hiriaren aldean alegia, Erreginaren kuboa deitutakoa eraiki zuten, dorreari atxikita; 20 metroko diametroa zuen, eta goian plataforma bat jarri zuten, bonbardak kokatu ahal izateko. Horretaz gain, ekialdeko eta mendebaldeko maldetatik hiriari lotu zioten gaztelua, bi harresiren bidez. Geroago, 1552tik aurrera, tropa iraunkorrak ezarri zituzten hirian eta gazteluan.

XVI. mendea zen, eta Pizkundeko berrikuntza militarrak ziren. Hiriak, Urgullgo gazteluak eta kaiak, hirurek multzo gotortu bat osatu zuten, eta Urgull osoa gotorleku gisa geratu zen. Mende horietan, defentsak eguneratu eta egokitu egin zituzten: Urgull mendiko eraikinak eta hiri-harresia. Espainiako ingeniari ospetsuenek hartu zituzten bere gain Donostiako lanak, besteak beste, T.Espanochik (1595), H.Torrellik (1686) etab.

Hiria militar beharren menpe geratu zen, baita gazteluan gertatzen ziren istripuen menpe ere. Horrela, 1575ean bolbora zuten hogeita bost upelek su hartu zuten, eta hiria erre egin zen. 1688an tximista batek bolborategia jo eta eztanda egin zuen; etxeek kalteak izan zituzten, eta eraikin asko konpondu behar izan zituzten.

Bi mende luzetan inork ez zuen lortu hiriko defentsa gainditzea. Baina 1719an, Berwick dukeak gaztelua hartzea lortu zuen estreinako aldiz, 20.000 gerrari frantsesekin. Gertaerak defentsa sistema berraztertzera eraman zituen agintariak, eta ondorioz, eraikin egonkor batzuk egin zituzten: Santiagoko kanoitegia, Gobernadorearen kanoitegia, Bardokaskoa edo Begiratokiko gotorlekua.

Konbentzioko Gerraren (1793-1795) bigarren zatian, frantsesek ia tirorik egin gabe gainditu zuten Gipuzkoako frontea. Donostiak etsi egin zuen frantsesen aurrean, eta Gipuzkoako ordezkariek, Espainiatik aparte, bakea hitzartu zuten Frantziako Errepublikarrekin.

Espainiako Independentzia gerran frantsesak berriro sartu ziren Donostian borrokatu gabe (1808), eta bost urtez bertan izan ziren. Penintsula osotik atzera eginarazi zietenean ere, Donostiako hirian 3.000 soldadu frantses gehiago sartu eta gotortu egin ziren. Aliatuek, ingelesak, portugaldarrak eta espainiarrak, inguratu eta harresia hondatuz hirian sartzea lortu zuten, 1813ko abuztuaren 31n, setio luze eta odoltsu baten ondoren. Wellington dukearen gudari anglo-portugaldarrek, hiriari eraso zioten, lapurretak egin zituzten, guztia suntsitu eta su eman zioten hiriari; frantsesak, bitartean, gazteluan zeuden, gorderik. Gehiegikeriak irailaren 8a arte iraun zuen, hau da, gaztelukoek etsi zuten arte. Eraso horretan, Berwick-ek harresia apurtu zuen toki berean pitzatu zuten, (hortik dator egungo toponimo ezaguna, La Bretxa).

Ondoren, XIX. mendeko gainerako gerretan paper eskasa izan zuen gazteluak. Horrela, I.go Karlistaldian Uranga jeneral karlistak Donostia setiatu zuen (1835), eta ordukoa da Urgullen eraiki zen harresia. Britainiar tropek, sir George Lacy Evansen gidaritzapean, setioa gerarazi zuten, 1836an.

1839tik aurrera, gerra amaitua zela, eraberritu zuten Urgullgo Gobernadorearen bateria, itsas aldeko gudulerroa indartzeko, eta ahalegin askoren ondoren, 1863an hiriharresia bota zuten, eta hiria zabaltzeari ekin zioten. Gazteluaren barrutian telegrafo optiko bat zegoen XIX. mendeko gerretan, eta 1846ko Madril-Paris telegrafo optikoak lotura zuen Donostiako gazteluarekin.

Bigarren Karlistaldian ere hiria liberalen alde jarri zen, eta karlisten setio eta bonbardaketak pairatu zituen berriro (1875-1876). Gazteluan ikusten den kanpai-tokia eraiki zuten karlisten bonbardaketen abisu emateko; Bordatxo (Arratzain donostiarrentzat) menditik tiro eginda jakinarazten zieten hirian zeudenei, zelatariak 14 segundo baitzituen hiritarrei abisu emateko.

Jarraian, Donostiako Udalak behin eta berriro eskatu zien agintari militarrei Urgull mendia eta San Telmo komentua bere esku utz zezaten, eta horren truke, hainbat lur sail eskaini zizkien, kuartelak eta bestelako egitura militarrak eraikitzeko. Azkenik, 1921ean, Udalak lortu zuen asmoa betetzea, eta Urgullgo eraikin batzuk botatzen hasi ziren. 1925ean, eraisteari utzi zioten, ingurua parkea eta monumentu izenda zezaten. 1950ean, Jesusen Bihotzaren estatua erraldoia paratu zuten gazteluaren gainean.

Aztarnak eta egitura

Hasierako gaztelua egungo goiko barrutian zegoen, Matxo inguruko plataforman. 1995ean, indusketa lanak egin zituzten Mertxe Urteagaren gidaritzapean, eta garai batean Nafarroan ohikoa zen egitura bat aurkitu zuten: oin angeluzuzen bat, eta lau izkinetan dorre biribil bat. Egungo iparraldeko atean izango zuen sarrera, eta barruti erdian dorre nagusia egongo zen, karratua. Eredu nafar horrek esan nahi du XII. mendearen bigarren erdialdean eraiki edo berrantolatu zutela gaztelua, Antso VI.a Jakitunaren edo Antso VII.a Azkarraren urteetan, 1150-1200 artean, Euskal Herriko mendebaldea gotortzeari ekin ziotenean. Geroago, 1512a baino lehen, Euskal Herrian, beraz, Erdi Aroan oraindik, dorre nagusia hegoaldetik handitu zuten, gainean kanoiak jartzeko; multzoa eraldatu egin zuten, eta dorretzar baten itxura hartu zuen, matxo deiturikoa - matxo hitz bitxia italierako maschio hitzetik dator, dorretzarra-. Egindako luzapena Erreginaren kuboa izenez ezagutzen da.

Donostiako gaztelua

Simancasko agiritegian dagoen planoa.

Egun eskura ditugun aztarnen artean aipamen berezia merezi dute agiri kartografiakoek. Izaera militarrari zor dio hiriak behin eta berriro ikonografia historikoan islatu izana, eta horri esker, badakigu gazteluak zein itxura izan duen XVI. mendetik aurrera, baita ondoren zein aldaketa izan dituen ere. Ezagutzen dugun planorik zaharrena 1552koa da, eta Simancasko Agiritegian dago gordeta.

Azkenik, beste toki askotan ere hala gertatu baita, Santa Maria elizatik gaztelura lur azpiko galeria zihoala uste izan dute eta uste dute donostiar askok. 1963an, Urgull mendiko eraikinak bisitatzeko atondu zituztenean, gida-liburuxka elebiduna (gaztelania-euskara) argitaratu zuten, Santa Cruz de la Mota izeneko Gaztelu erakuslea zuen izenburua euskaraz. Gaztelaniazko testua Fernando Mexiak egin zuen, baina argitalpenean tamalez ez da ageri zeinek euskaratu zuen.

Gazteluaz gain

Egun parke bilakatu da Urgull mendia. Paisaiaren edertasunaz eta gailurreko gazteluaz gain, inguruan gotortutako eremuak eta eraikinak bisitatuz ibilaldi ederra osa daiteke. Aztarnak interesgarriak dira oso, mendeetako arkitektura militarraren bilakaeraren lekukoa baitira. Donostiako kaitik abiatuta, Errege Katolikoen harresi gainetik sar daiteke parkean, eta bertan daude ibilaldia gidatzeko panelak. Horiei jarraituz, esparru eta bertako eraikin gehienen berri izan daiteke, eta dagoenarekin gozatu.

Iristeko

Urgull gaztelura bost tokitatik igo daiteke, baina Donostiako kaiaren edo Gaztelubide elkartearen sarreratik egitea komeni da. Mendia zabalik dago goizeko 08:00etatik arratsaldeko 18:00etara, neguan. Udan, bi ordu geroago ixten d ute, 20:00etan.

Donostiako gaztelua

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk