Itzuli orri osora

Bidaxuneko gaztelua

FITXA

Udalerria: Bidaxune

Herrialdea: Nafarroa Behera

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Panoramika 1

Haundia

Txikia

Panoramika 2

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Agramondarren lur guztiak bezala, gaztelu hau ere bi erresumen eta hainbat feudoen artean dago kokaturik, eta kokapen horrek indarra ematen zion bere jabeari politika bikoitza egiteko eta leialtasun zin bat baino gehiago egiteko. Gazteluaren kokalekua estrategikoki ere ona zen, defendatzeko erraza, muino batean dagoelako. Gainalde horretatik Biduze ibaia menperatzen zen. Ibai hori zen Aturrirako bidea, eta orain dela gutxi arte eskualdeko garraioen ardatz garrantzitsua.

Agramondarren lurrak eta interesak Aturri ibaiaren bi aldeetara zabaldu zirenean, agramondarrak, beren sortetxea zen Erreitiko Agramont gaztelua utzi, eta Bidaxunekora etorri ziren bizitzera, leinuaren egoitza nagusi gisa berau hartuta. Toki erosoago horretan, mendez mende bizi izan ziren eta jauregi dotore bat eraiki zuten Erdi Aroa igaro ondoren. Parisen finkatu zirenean ere, sustraiak non zituzten ez zitzaien inoiz ahaztu ia mila urteko leinuko kideei.

Mendeen joanean Agramont deitura frantsesezko Gramont bilakatu zen. Askotan, bukaerako t-a ere ez da erabiltzen.

Bidaxuneko gaztelua

Fatxada nagusia, aurretik begiraturik (hegoaldetik) (1999)

Historia

Erdi Arotik bi hizkuntzen mugan egonagatik, gaztelua eta herria hainbat izenez agertzen dira agirietan: Bidaison, Bidaixon, Vidaisson, Vidayxon, Bidatxune, Bidache, Bidatxe, Vidaxen, Bidaixen¿ Hasiera batean Amikuze lurralde historikoan zegoen Bidaxune, baina geroago agramondarren lurralde gisa ezagutuko ziren bazter horiek.

Agramont leinuari beste gaztelu batetik datorkio izena, Erreitiko Mulari muinoan dagoen gaztelutik. Tartasi eta Akizeko bizkondeari XI. mendean zabaldutako adar bat da Agramont leinua.

1175ean Raimond Brun I.a Agramont hil zuten. Esaten dutenez, jauntxo gaskoiak eta euskaldunak Rikardo Lehoi-Bihotzaren aurka matxinatu zirenean erail zuten. Orduan, bi semeen artean banatu zituzten ondasunak. Bibiano II.ak, leinu-buru gisa, Erreitiko gaztelua eta inguruko ondasunak eskuratu zituen. Brun Agramonti, berriz, Bidaxuneko lurrak egokitu zitzaizkion. Historialari batzuk diote jaun horrek eraiki zuela Bidaxuneko gazteluaren aurrekaria. Bere seme zaharrenak, Raimond Brun II.ak, jaso zituen bai Bidaxuneko etxea eta baita 1215ean agramondarren leinu nagusiaren gidaritza ere, bere osaba Bibiano II.a seme-alabarik gabe hil baitzen. Orduan bihurtu zen Bidaxuneko eraikina agramondarren leinu nagusiaren egoitza nagusia, eta hala izan da gaur arte. Ondasunak berriro batu eta Agramonteko jaunek euren tituluak aipatzen zituztenean Bidaxunekoa beti zen aurrenekoetako bat.

Ingalaterra eta Nafarroako erresumen arteko gerraren ondoko 1249ko salaketetan, Agramont gaztelua aipatzen zen, baina Erreitikoa adierazteko. Nahiz eta Bidaxunen gaztelurik edo etxe berezirik agertu ez den, ezin da baztertu egungo gazteluaren kokalekuan eraikin gotorturen bat egotea XIII. mendea arte.

XIII. mende bukaeran, 1285 urte inguruan, Raimond Brun III.a eta Raimonde Bardos ezkondu zirenean, leinuak Bidaxune ondoko beste jaurgo bat eskuratu zuen, Bardozekoa.

Bi horien seme zaharrena zen Arnalt Guillem III.arekin (IV.a beste genealogia batzuen arabera) agertu zen lehen aldiz Bidaxuneko gazteluaren aipamena. Agramonteko jaun horrek 1329an egin zion leialtasun zina Nafarroako Joana II.a erreginari (1329-1349). Hain zuzen ere, Bidaxuneko eta Erreitiko gazteluagatik egin zion zin, eta horren truke, Orreagako bidesariaren eskubidetik 220 libera jasoko zuen urtero. Basailu itun horretan xehetasun bat jarri zuen agramondarrak: Bidaxuneko ingurua Nafarroakoa edo Ingalaterrakoa zela eztabaidagai bihurtzen bazen, eginiko leialtasuna Erreitiko gaztelura mugatuko zen. Orduko jaunak titulu hauek zituen, besteak beste, Euskal Herrian: Agramonteko, Burgueko, Bidaxuneko eta Bardozeko jaun eta baroia, eta Nafarroako ricohombre eta zaldun.

Lehenago, 1328an, Agramonteko jaun horrek itun bat izenpetu zuen Baionako hiriarekin, eta horren ondorioz, Bidaxune leinuaren gune bihurtzen hasi zen, Aturri ibaitik gertuago baitzegoen hasierako Agramont gaztelua baino.

Agramonteko jaunak Nafarroa Garaian ere ibiltzen ziren. Preseski, Bibiano II.a Agramontek 1203an Antso VII. Azkarrari (1194-1234) Erreitiko gazteluagatik basailu zina egin zionean zabaldu zitzaien Nafarroa Garaiko atea. XIII. mendetik Ricohombre izendapena zuten leinu-buruek. 1280an, Arnalt Guillem II.a Nafarroako bi gaztelutako gazteluzaina zen (Irulegikoa eta Gazteluberrikoa). Arnalt Guillem III.a Nafarroako Karlos II.arekin (1349-1387) ibili zen Normandian. 1360an, Arnalt Remon jaun gaztea, Lizarrako gaztelu nagusiko gazteluzaina zen eta baita Lizarrerriko ibar-jauna ere. 1389an, Agramonteko jaunari San Martin Uxueko gazteluko gazteluzaintza eman zion Karlos III.ak (1387-1425). Eta azkenik, 1460an, Gracian Agramont, orduko jauna, Donibane Garaziko gazteluburu bilakatu zen eta horrekin batera erregearen ordezkaria Nafarroa Beherean.

Baina Agramont sendia, Nafarroan, administrazioan baino gehiago nabarmendu zen leinuen arteko borroketan. Agramondarren eta lukuzekoen borrokak Zuberoara eta hegoaldera zabaldu zirenean, erresumaren galera ekarri zuten. Grina txar hori geldiarazteko asmoz, erregeak Bidaxuneko eta Erreitiko gazteluak eta Orreagako errentak kendu zizkien 1342an agramondarrei. Foixeko kondeak agramondarrei bahitutakoak itzul ziezazkiela eskatu zion erregeari. Azkenean, Arnalt Guillem II.ak Sens-eko artzapezpikuaren aurrean leialtasun zin berri bat egin zuenean, erregeak Foixeko kondearen eskakizuna bete zuen. Horren truke Nafarroako erregearen ikurrak Bidaxuneko gaztelutik kenduko ez zituztela hitza eman zion Agramonteko jaunak. Kontuak kontu, 1350 urte inguruan jaun horrek beste arazoren bat eduki behar izan zuen Nafarroako erregearekin.

1375. urte inguruan, Arnalt Raimond II.a, aipatutako Arnalt Guillemeren biloba, Agnès Camerekin ezkondu zen. Hala, Akamarreko gaztelua eta herria agramondarren eskuetan gelditu ziren, eta bide batez, Gixune izan ezik Biduze ibaiaren beheko arroa osoa ere bai. Arnalt Raimond II.ak, bestalde, Agramont edo Erreitiko eta Bidaxuneko gazteluengatik basailu zina egin zion Karlos II.a erregeari 1385eko otsailean. Agirietan geratu da zin hartan eginiko erritua.

Oinordekoak, Joan Agramontek, Nafarroako Karlos III.ari egin zion basailu zina 1398an, Parisen jaso zuen ondasun guztiagatik. Handik urte batzuetara, 1434an, Frances Agramontek egin zuen leiltasun zina: ¿Nik, Francesek, Agramonteko eta Bidaxuneko jaunak, omen egiten dizut zuri, Nafarroako erregina Blanca andreari, Agramonteko eta Bidaxuneko gazteluengatik.¿

Agramondarrek ongi baliatu zuten 1449-1451 urteetan gertatu zen frantziarren etorrera. Batetik, 1479an, Roger Agramont leinu-buruak (1469-1519) Akamarre, Samatze eta Saint-Pée de Lerengo lurrak batu zituen baroierri bihurtzeko. Bestalde, Frantziako erregearengandik Baionako alkate kargua lortu zuen 1486an, eta Guinako seneskala ere izendatu zuten. Geroago, 1595etik aurrera, Antonio II.-ri, Baionako alkate izateaz gain, bertako gobernadore militarraren kargua ere eman zioten. Eta kargu hori leinuaren esku geratu zen Frantziako Iraultza arte. Baina tituluak eta ospeak larrutik ordaindu zituzten agramondarrek. 1512an esate baterako, Frantzisko Agramont, orduko baroia, hil egin zuten Ravennan, eta bere seme Joan II.a, berriz, Napolin, 1528an. Hurrengo mendeetan beste leinu-buru edo oinordeko batzuk ere gerratan hil ziren Frantziako erregeen alde borrokatuz.

Nafarroaren konkistaren ondoko txosten batean (1515koa edo 1516koa) Bidaxune eta Agramont gazteluak gaztelarren eskuetan gelditu zirela aipatzen baldin bada ere, Ipar Euskal Herriko hainbat toki eta eskualdetan gezurrezkoa zen menpetasun hori. Gauzak horrela, 1523an Espainiako Karlos V.a enperadoreak borroka leku bihurtu zituen Ipar Euskal Herria eta haren auzoa den Biarno, Orange printzeak gidatutako eraso baten bidez. Dirudienez, enperadoreak Nafarroako erregearen lurralde osoa bereganatu nahi zuen, Biarnokoa barne. Jose Moret kazetari jesuitak (Iruñea, 1615-1687) Nafarroako Erresumako Urtekariak izeneko lanean Bidaxuneko gazteluaren erretzearen berria jasotzen zuen. Horren arabera, hiru eguneko setioaren ondoren, gazteluaren hirurehun defendatzaileak erreta hil ziren. Suak sendiaren agiriak ere kiskali zituen.

Suntsiketa horren ondoren, 1530 urte inguruan hasi zen Bidaxuneko gazteluaren bilakaera, jauregiaren eraikitzearekin batera. Orduan, Klara Agramont (1505-1560), Ravennan hildako Frantziskoren alaba eta Napolin hildako Joanen arreba, zen agramondar leinu-burua. Klarak, 1534an, Gixuneko gaztelua eta konde titulua eskuratu zituen, eta horrekin, Biduze ibaiaren behealdeko eskualde osoa eta Aturri ibaiaren arroako zati handi bat agramondarren esku gelditu ziren. Klara Agramont Bigorrako Aster-ko bizkondearekin, Menaud d¿Aure-rekin, zegoen ezkonduta, baina ezkondu aurretik adostu zuten oinordekoak Agramont deitura hartuko zuela. Antonio I.a Agramontek hartu zuen amaren segida, eta leinuaren aro berri bat hasi zen leinu-buru gehienak Antonio izendatuz.

Antonio I.a jauna zela (1526-1576), 1563an, Agramonteko lurrak konderri bihurtu zituen Frantziako Karlos IX.ak. Eta 1570ean, handik aurrera leinuak Bidaxunen zituen lurretarako balioko zuen titulu berezi bat eskuratu zuen: Bidaxuneko printzerri subiranoa. Antonio II.ari, Nafarroako Enrike III.aren laguna zenez, 1589an Frantziako Enrike IV.a errege bihurtu zenean, Parisko koroaren ateak zabaldu zitzaizkion. Geroztik, Frantziako errege guztiekin harreman estuak izan zituzten leinukoek eta bide batez titulu parrastada bat eskuratu zuten.

Leinukoen artean, asko idatzi da Diana Andoins andreaz; Corisande izenez ezagunagoa. Corisande, 1567an, 12 urteekin, Philibert Agramontekin ezkondu zen (1552-1580), gero, 25 urteekin alargun gelditzeko. Alargundutakoan Nafarroako Enrike III.aren maitale bihurtu zen. Bitxikeriekin jarraitzeko, bere semeak, Antonio II.a Agramontek (1572-1644), hil egin zuen bere emaztearen maitalea. Hain zuzen ere, jaun hori izan zen 1633an 24.000 liberaren truke Baionako hiriari alkatearen kargua saldu ziona. Baina alkatetza salduagatik gobernadore militarra izaten jarraitu zuen.

Antonio III.arekin (1604-1678) iritsi zen leinuaren urrezko aroa. Urrezko aroa esaten da, 1641ean, Luis XIIIak Agramondarren jauna Frantziako mariskala izendatu zuelako. Ordutik datorkio leinuari Agramonteko duke titulua. Eta Duque-par de Francia Luis XIV.arekin gauzatuko da 1648tik aurrera. Bitartea horretan, Antonio III.ak Bidaxuneko jauregiko liburutegia aberastu zuen eta lorategia garaiko modara egokitu. Azkenean, Baionako Gaztelu Zaharrean hil zen eta Bidaxuneko elizan lurperatu zuten, Antonio VIII. (1755-1836) aparte utzirik, azken agramondarra izango zena

Ospe handiko jende askok hartu zuten ostatu Bidaxunen: Frantziako Karlos IX.ak (1565), Katalina Medicisek (1565), Mazarino kardinalak (1659)¿ Baina Antonio IV.ren garaitik (1641-1720) aurrera, leinukoen Bidaxuneko egonaldiak urriagoak eta motzagoak izan ziren. Baita ere Luis Antonio VI.a (1688-1741) Paristik gertuago zegokeen beste jauregi bat eraikitzen ari zen hil zenean. Ondorioz, 1764rako, agiri baten arabera, Bidaxuneko eraikina egoera kaxkarrean zegoen.

Frantziako Iraultza urteetan, Antonio VII.a (1722-1801) zela leinu-burua, gaztelua ondare nazional gisa hartu zuten (1793) eta Konbentzio gerra hasi zenean ospitale bihurtu zuten. Militarrek alde egin zutenean, gaztelu-jauregia erre egin zen 1796ko martxoaren 22ko gauean. Uste da zerbitzari batek nahita eman ziola su. Sendia bera ere ez zen gaztelua baino hobeto ibili urte horietan. Iraultzaileek, orduko dukearen emazte Beatrice, Choiseul-eko kontesa, hil egin zuten gillotinan, 1794an. Dukea, berriz, Fontainebleaun atxiloturik egon zen, eta baita beren seme Luis Antonio ere 1793an. Azken hau 1795ean hil zen. Antonio VIII.ak hartu zuen orduan oinordetza. Antonio VIII. erregeen zaindarien burua zen Versaillesko jauregian, baina errege-erreginen unerik latzenak bizitzea egokitu zitzaion, eta atzerrian ibili behar izan zuen hainbat urtetan.

Antonio VIII.ak berreskuratu ondoren, jauregia ez zen berreraikia izan, baina dena ez zen hain egoera kaxkarrean egongo, gaurko dukeek garai hartako zalditegiak erabiltzen baitituzte bizitoki gisa. Garai hartan hainbat bisitari ospetsuk ikusi zituen jauregi zaharraren aztarnak: Napoleon III.ak eta bere emazte Eugenia Montijok (1856), Ingalaterrako Eduardo VII.ak¿ Hori gutxi balitza bezala, Eugenia Montijok, aurrez Arteagako gazteluaren berritze lanak eginak zituenak, 1857an Bidaxunera itzuli zenean berreraikitzeko asmo bat aurkeztu zuen.

Hala ere, gaztelua eta jauregia biziberritzeko ahaleginik handienak Antonio XIII.aren semeak egin zituen. 1986 eta 1991 urteen artean, udan, gaueko ikuskizunak antolatu zituen eraikinak argiztatuz. Egun, hainbat hegaztiren bizilekua da, zoo antzekoa, eta uda oroz harrapakerien ikuskizun bat eskaintzen da gazteluan.

Bidaxuneko gaztelua

Gazteluaren iparralde eta mendebaldea, oin biribileko dorrearekin. (2001)

Aztarnak

Bidaxunekoa oraindik orain nola jauregiaren hala gazteluaren aztarnak dituen eraikin bakarra da Euskal Herrian. Hala ere jauregiaren aztarnak nabarmenagoak dira gazteluarenak baino. Adierazgarria da Erlijio Gerrak zirela eta Philibert Agramontek (1576-1580, leinu-buru) Baionako agintariei emaztea, aipatutako Corisande Andoins, zaintzeko eginiko eskaera, ¿gerla dela eta, batetik, eta Bidaxuneko gazteluan aski babes ez duelako, bestetik.¿

Herritik etorriz gero, jauregiak ezkutatzen du Erdi Aroko gaztelua. Jauregiak berak ere garai ezberdinak biltzen ditu bere baitan, lubanarroaren beste aldean. Ataria XVIII. mendekoa du. Dotorea, apaindura askokoa, baina gainean zegoen gaztelerazko armarria, bi andre irudik eutsia, eta ¿Naizena naiz¿ leloa zeramana, galdua du.

Ezkerrera eta eskuinera, XVII. mendeko eraikinak daude, baina atariaren ondoko dorreak XV. mendekoak dira. Eraikuntza multzoaren eremura sartuz gero, lorio nagusiaren beste aldean, XVI. mendeko jauregiaren fatxada errenazentista ikusten da, 1523ko suntsiketaren ondoren eraikia izan zena. Ekialdeko eta mendebaldeko izkinetan, XVII. mendeko eraikinak daude. Horren guztiaren iparraldean, gazteluaren barrutia dago harresiz inguratua; XVI. mendean atondua, Erdi Arokoaren gainean.

Azken barrutiko ertz batean oin biribileko dorre ederra dago, ¿Rondache¿ izenekoa. Leihoak eta inguruko goiko galeriaren aztarnak ikusita, batzuentzat XV. mendearen bukaeran eraikia izan behar du. Beste batzuentzat berriz, bera izango omen zen gazteluko dorre nagusia, eta beraz XIV. mende bukaeran edo XV. mende hasieran zutik jarria. Hiru solairukoa zen eta almenen aztarnak ditu oraindik. Peiroraderako errepidetik ere, gazteluaren kanpotik, ikusgarria da dorrea, batik bat duen sendotasunagatik eta bere irekidura mota ezberdinengatik. Antonio III.ak eraldatu egin zuen dorrea: goialdean liburutegia kokatu zion eta behealdean kapera.

Jauregien azpian soto zabalak daude. Batzu-batzuk egoera txarrean, eta beste zati batzuk gaueko harrapariak erakusteko atonduak.

Dukeen egungo bizitokia gazteluaren eta herrien artean kokatzen da. Eraikina luzea da, Bidaxuneko kareharriz 90 zaldi sartzeko eraikia. Zati honek, 1796an erre ez baldin bazen ere, kalteak jasan zituen 1967ko lurrikaran.

Bidaxuneko gaztelua

Ikuspegi orokorra eta ingurukoak, ekialdetik begiraturik. (2001)

Iristeko

Bidaxune komunikazio sare garrantzitsu bat izanki, errepide bat baino gehiago iritsi eta igarotzen dira herritik. Ibaia ere ez da oso aparte. Errepide seinaleetan gaztelurako bidea zein den adierazita dago.

Iragarritako ordutegia: 14.30-18.30 bitartean dago zabalik, apirilaren erdialdetik irailaren bukaerara. Hegaztien ikuskizuna: ekainaren 15etik irailaren 15era, 15.30etan. Aste buruetan eta jaiegunetan 15.30etan eta 17.00etan.

Bidaxuneko gaztelua