Itzuli orri osora

Balmasedako Gaztelua

FITXA

Udalerria: Balmaseda

Herrialdea: Bizkaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Gaztelua Balmaseda herritik gora dagoen mendiaren gainaldean zegoen, mendiaren iparraldean. Gazteluaren oinarrizko funtzioa herria babestea zen, eta horregatik, herriarekin zuzenean lotuta zegoen, gaztelutik hiri-harresiraino bi murru jaisten baitziren. Balmaseda betidanik izan da herri jendetsua, bertatik igarotzen baitzen Pisoricatik Flaviobrigara zihoan erromatar galtzada. Hori gutxi balitz bezala, herria Kadagoa ibaiko ibiaren ondoan kokatua zegoen, gerora zubi zaharra eraikiko zen tokian. Dirudienez, gaztelua ez zen oso zabala. Baina bazen nahikoa zabal eta sendo arerioek herriari aurka egiteko inguruko mendi eta tontorrak erabil ez zitzaten. Era berean, herriarekin batera, Kadagoa ibaia zeharkatzeko erabiltzen zen ibia kontrolatzeko ere balio zuen. Ibiak bazuen bere garrantzia, Gaztela eta Bizkaiaren arteko igarobidea baitzen. Laburbilduz, mendi tontorretik, talaia baten funtzioa betetzen zuen gazteluak.

Arteagako gaztelua

Erretena eta ekialdeko harresiaren ikuspegi orokorra. (2000)

Historia

XVI. mendean, Zallako De la Piedra gazteluak eta Balmasedakoak jatorri bera zutela esan zuen Barakaldoko Martin Coscojales fraideak (1542-1607) bere Antigüedades de Vizcaya idatzian. Alegia, bi-biak musulmanei Bizkaiko eskualde horretarako bidea ixteko asmoz eraiki zituztela 735 urte inguruan.

Berant Erdi Aroan, gazteluaren historia eta herriarena eskutik helduta zihoazen. Merkataritzako harremanen garapenaren ondorioz Bizkaian sortu zuten lehendabiziko hiribildua izan zen Balmaseda. Izan ere bere kokapenak aparteko garrantzia zuen, Gaztelako mesetatik Bizkaiko itsas portuetarako bidean zegoelako. 1199an edo 1200ean, Lope Sanchez Menak, Bortedoko jaun eta Alfontso VIII.aren gorteko handikiak, Balmasedari Logroñoko forua eman zion Castro Urdialesetik.

Lehenagotik ere bizi zen jendea igarobide horretan, batik bat merkataritzarekin lotuta zeuden jardueretan aritzen zen jendea. Logroñoko foruak zenbait pribilegio eman zizkien Balmasedako herritarrei. Besteak beste hauxe zioen agiriak: ¿[Herrikoak] ez ditzatela behartu, ez indarrez, ez bestela, gaztelua zaintzera, ezta beste ezertara ere.¿ Hitz horiek kontuan hartuz, ordurako gaztelua bazegoela pentsa daiteke, baina baliteke formulismo hutsa izatea, besterik gabe. Bestalde, azpimarratu behar da Balmaseda ez zela muga hiria izan XII. mendera arte.

Kroniketako eta agirietako aipamen laburretan agerian geratzen da XIII. mendean jardunean zegoela gaztelua. 1218an, Gaztelako Fernando III.a Saindua erregearen arreba Bizkaiko VI. jaun (1214-1236) Lope Diaz Haro II.a Buruberoarekin ezkondu zen. Eta ezkontza hartan Balmasedako gaztelua eta hiria Urraca andrearen ezkontza sarian sartu zituzten

Geroago, 1256an, Harotarren aurka borrokan zebilela Gaztelako errege Alfontso X.a Jakitunak gaztelua hartu zuen. Lope Diaz Haro III.a zen orduan Bizkaiko jauna (1254-1288). Erregeak familiaren zenbait ondasun bereganatu zituen, Balmaseda herria eta gaztelua barne, eta denak errege-lurralde bilakatu zituen. Hori zela eta, Harokoak errege horren semearen alde jarri ziren, hots, Antso IV.a Bipila izango zenaren alde.

Bitarte horretan, 1273an, Bizkaiko jaunak leialtasun zina egin zion Nafarroako Enrike I.a erregeari (1270-1274) Tuteran. Zin egitean, Gaztelako beste zenbait zaldunek eskatu bezala, Gaztelako Alfontso X.ak kendu ziona itzultzeko ahaleginak egin zitzala eskatu zion Nafarroako erregeari. Balmaseda aipatu zion besteak beste. Eskaera horrek handik hamaika urtera jaso zuen erantzuna. 1284an, Antso IV.ak Gaztelako tronua eskuratzerakoan, gaztelarrek kendutako jaurgoa eta ondasunak itzuliak izan baitzitzaizkien Harotarrei. Hori gutxi balitz bezala Bizkaiko jaunak alferez nagusi eta erregearen konfiantzako aholkulari bihurtu zen.

Baina 1288an Bipila goitizeneko gaztelar erregeak hil egin zuen Bizkaiko jauna. Bizkaiko jaunaren semea, Diego Lopez Haro IV.a, Aragoiko erregearekin aliatu eta Gaztelako erregeari aurka egiteko gaztelu batzuk bere alde jarri eta matxinatu zen. Garai hartako kronika baten zatiak honela dio: ¿¿ eta erregea Gasteiztik atera zen, eta Urduñara jo zuen, eta herrian sartu zen eta gaztelua borrokatu zuen, eta hartu zuen, eta gudariak Balmasedara bidali zituen, hura hartzera, eta hartu zuten, eta¿¿ Lekuko batzuen arabera, oso ikusgarriak omen ziren errege horrek setioetan erabili zituen gerra-tramankuluak.

Diego Lopez Haro IV.a, hurrengo urtean, 1289an, ondorengorik utzi gabe hil zen eta jaurgoaren jabetza auzitan jarri zen. Ondorioz, Bizkaiak hiru jaun izan zituen aldi berean: Antso IV.a Bipila Gaztelako erregea, besteak beste Balmasedako gaztelua eta lurraldea kontrolatzen zituena; Diego Lopez Haro V.a, hildakoaren osaba, eta Maria Diaz Haro I.a, hildakoaren arreba, eta berez, legezko oinordekoa. Azkenean, hitzarmen bat adostu behar izan zuten hiruren artean, eta Maria bizi zen artean Balmasedako hiriaren eta gazteluaren jabe egin zen. Maria hiltzen zenean On Diegoren oinordekoari igaro behar zitzaizkion jabetza horiek baina hau ondorengorik gabe hil zenez, berriro ere Gaztelako koroaren eskuetan gelditu ziren.

Balmaseda atzera erregearen esku gelditu zenean, bertakoek Fernando IV.ak (1295-1312) ez ziola inori emango zin egin zezan lortu zuten: ¿Hemendik aurrera herria eta gaztelua nireak izan daitezela eta nire semearenak, oinordeko baitut, zeinak Gaztela eta Leongo Erreinua bereganatuko duen.¿

Baina emandako hitza janez, 1399an, Enrike III.ak, Portugalgo gerran zebilela, gaztelar leinuko Joan Velascori zorrak ordaindu ahal izateko Balmasedako hiria eta gaztelua saldu behar izan zizkion. Haiekin batera, Kantabriako beste bi herri ere saldu zizkion 15.000 urrezko florinen truke. Balmasedako herritarrek, tematuta, kopuru horren erdia bildu eta erregeari emanez salmenta hori bertan behera uztea lortu zuten.

Velasco sendiarentzat gazteluak zuen garrantzia agerian geratu zen 1465ean. Orduko korrejidoreak, Otxoarren kaltetarako ari zen ustetan, Oinaztarren aldeko epaiak eman zituen. Hori ikusirik Sancho Velasco Balmasedan sartu zen eta inguruetako senide nagusien laguntzarekin bere aldeko korrejidore berri bat ezartzen ahalegindu zen.

Korrejidoreari, herriko zenbait biztanlek, Bizkaiko Anaidiak eta eskualdeko Oinaztar alderdikide nagusiek lagundu zioten. Denen artean erresistentzia antolatu zuten gazteluan, baina ahalegin guztiak alferrik izan ziren, handik bi egunetara Oinaztarrei ere laguntzaile asko iritsi baitzitzaizkien. Sancho Velascok atzera egin behar izan zuen, eta atzerako bidean ondasun asko suntsitu zituen (etxe, urkamendi, errota, burdinolak¿).

Handik aurrera, herriari kalte egiten ziola eta, Anaidiak eta herritarrek gaztelua botatzeko eskatu zieten Errege Katolikoei. Dirudienez gaztelua Naiarako dukearen eskuetan zegoen, eta dukearen aldekoek haien arteko liskarretan erabiltzen zuten. Hortik zetorren herriari sortzen zion kaltea. Hori zela medio, 1481eko apirilaren 7an Bermeon izan zen Batzarrean zera agindu zien Fernando erregeak bizkaitarrei:"Urduñako eta Balmasedako gotorlekuak nireganatu eta eraits ditzatela.¿

Urduñari zegokion agindua azkar bete zen, baina Balmasedakoa atzeratuz joan zen. Hori ikusirik, 1507an, Fernando erregeak, Naiarako dukea, bere esku zeuden gaztelu guztiak Albako dukeari ematera behartu zuen. Egoera horrek hiru urtez iraun zuen baina 1510ean erregeak Naiarako dukeari itzuli zion gaztelua. Dena den, eskaintza horren truke Nahirako dukeak errege-edukitze erregimenean berekin zituen marabediak ordaindu behar zizkion erregeari. Egoera hori XVII. mendera arte luzatu zen.

Pixkana-pixkana, gaztelua lehengo indarra eta garrantzia galtzen zihoan, baina XIX. mendean, berriro ere helburu militarrentzat erabili zuten eta horrek arnas berri bat eman zion. Lehenbiziko Karlistaldian, 1835ean, goitik pusketa bat kendu zioten eraikinari, eta teilatua eginez gotorleku txiki bat atondu zuten bertan. 1836an, karlistak Balmasedan sartu zirenean, gaztelua erabat suntsitu zuten eta haren lekuan gotorleku modernoago bat eraiki zuten. 1839an, gerra bukatu eta karlistak Balmasedatik irten zirenean gaztelua leherrarazi zuten. Dirudienez, Bigarren Karlistaldian berriro erabili zuten, baina garrantzi gutxiko gunea zen eta 1876tik aurrera behin betikoz baztertua geratu zen.

Arteagako gaztelua

Goiko barrutiko iparraldeko muturra. Hainbat eraikinen aztarnak. (1999)

Egitura eta aztarnak

XVIII. mendeko marrazki batetik uler litekeenez, Erdi Aroan dorretzar bat besterik ez zen izango gaztelua. Bestalde, azterketa arkeologikoen arabera, gaur egun gaineko aldean ikusten den egituraren %90a karlisten gotorlekuari dagokio. Dena den, Enrike Vedia Goosens (1802-1863) balmasedarrak 1853an idatzitako Memorias para la historia de la M.N. y M.L. villa de Balmaseda liburuan, gazteluak zuen itxurari buruzko deskribapen bat dakarkigu:

¿Hau idazten duena iritsi zen gaztelura; egia esan, lau horma besterik ez ziren, leiho gutxi batzuekin, edo, hobeto esan, gezi-leihoekin eta arkudun ate txiki batekin; paretak 6-7 oin ziren lodi, eta 56-60 oin altu. Eraikuntzak paralelograma baten forma zuen; zatirik handienak 40 oin izango zituen, eta txikienak 28; jakina da solairu nagusi bat bazuela, baina, esan bezala, ez zen ageri. Barruan armarria ere bazuen, eta guztiz ezabatua egon ez balitz, lagungarria zatekeen jakiteko noiz eraiki zuten eta norena izan zen; hala ere, oso aspaldiko eraikina zen, eta hormak hain ziren lodiak, ezen, lekurik garaienean, arte eder bat sustraitu baitzen.¿

1998 eta 1999 urteetan, sastrakak, hurritzak eta bestelako landareak kendu, lubanarroa garbitu eta harriak behar bezala finkatu zituzten.

Mendiko maldan zutik dauden murruei dagokienez, zaila da argiki bereizten zein diren Erdi Aroko gazteluaren eta herriaren arteko loturak, zein XIX. mendeko fuerte modernoen terrazak edo zabaltzak, zein lur sailak eta baratzeak mugatzeko paretak eta zein lurrari eusteko balioko zutenak. Dena den, gazteluaren ekialdetik eta hegoaldetik jaisten ziren bi harresien aztarnak oraindik ikusgai daude.

Mendiaren gain aldeko aztarnak trinkoagoak dira. Terraza bat baino gehiago daude eta denetan garaiena, gotorlekuko barruti nagusia izango zen (34 x 16 metro). Esparru horren iparraldean, mendiaren ertzari jarraituz, 2 metro lodi den harresia dago, eta ipar-ekialdeko muturrean, aldiz, zenbait harresi eta lubanarroa antzematen dira.

Hiru murru lerroren aztarnak ikusten dira eta hirurak harri egitura ezberdinekoak dira. Han nonbait egon behar dute Erdi Aroko dorre angeluzuzenari zegozkion aztarnek ere.

Terraza horren ondoko lubanarroa haitza landuz eta harresiak bata besteari gehituz egina da. Ekialdeko muturrean murru baten bitartez lubanarroa itxia dago, eta hori dela eta euria egiten duenean urez betetzen da. Dena den lubanarro ikusgarria da. 4¿5 metroko zabalera du bataz beste eta 17 metroko luzera. Garaierari dagokionez, 6¿5 metro altu ere bada zenbait lekutan.

Arteagako gaztelua

1846. urteko marrazki baten xehetasuna. Gazteluaren aztarnak gotorleku bihurtu eta desegin ondoren; hiritik zihoan harresia ere ageri da, mendia ixteko erabilia. (EGIPV-A-L liburukia)

Iristeko

Herritik gora dago gaztelua eta gaur egun ez dago bertara daraman biderik. Zuzenena La Cuesta kaleko 36 eta 38 zenbakien artean hasten diren eskaileretatik igotzen da. Eskailera horiek etxe eta baratzeen artetik igotzen baitira gaztelua dagoen muinoraino. Etorkizunean, pentsatua dagoen bezala parke bihurtzen badute, sarrera errazagoa izango du.

Arteagako gaztelua