Azkoiengo gaztelua
FITXA
Udalerria: Azkoien
Herrialdea: Nafarroa Garaia
Zailtasuna
Aztarnak
Kokapena eta Egitekoak
Herria Arga ibaiaren ondoan eta haren mailatsuan da gaur egun, baina ez da beti leku horretan izan; orain gazteluaren aztarnak diren mendian zen lehen, Talaia mendiaren gainean alegia. Hura hurbil, amildegia hegoaldean eta ekialdean, oso mendi egokia zen gainean gaztelu bat edo herri bat eraikitzeko, bi alde bakarrik baitzituen irispide erosokoak, mendebaldea, malda etzan samarrean edo iparraldea, gailurraren berdin samarrean jarraitzen zuela.
Leku-izena da Azkoien (haitz-goien), baina biztanleak behealdera jaitsi ziren gero, mendia eta gaztelua utzita. Goiko etxeak leize-zuloak ziren gehienak: %20, 1930ean.
Azkoiengo biztanleak babesteko eraiki zuten gaztelua, eta egiteko hori izan zuen XIV. mendera arte, gutxienez. Aldi gogorretan inguruko herrietakoak ere hara joaten ziren babes bila. Talaiarako ere erabiliko zuten noski, mendiaren izena zuzen jarria baldin bada.
Eta Arga ibaiaren gainean zubia egin zutenean -1403koa da lehenengo aipamena- igarobide bihurtu zen Azkoien, eta ondo defenditu beharreko herri ere bai, bide batez.
Gaztelua zegoen mendiaren ikuspegi orokorra, Arga ibaiaren beste aldean. Ezkerrean, zubi gaineko dorre eztabaidatua, eta eskuinean, gaztelu eta herri zaharraren aztarnak goialdean. (1998)
Historia
¿Handik [Cárcartik] Peralta izeneko leku batera igaro zen, non gaztelu gotor askoak baitzeuden; kristauek hustu egin zituzten, baina bidean utzi zituzten ondasun eta jaki guztiak, ez baitzuten izan astirik horiek eramateko. Horietako batzuek, beren emazte eta seme-alabekin, hiru leizetan hartu zuten babes (...); baina gure soldaduek erasoan jarraitu zuten, eta leizeetara iristea lortu ondoren, Jaungoikoari eskerrak, mendean hartu zituzten, azkenik; gizonak hil zituzten, haurrak esklabo hartu, eta han ezkutatu zirenek utzitakoak hartu zituzten (...). Eskualde horretako gaztelu guztiak suntsitu zituzten, eta harri bakar bat ere ez zuten utzi zutik.¿
Abd ar-Rahman III.aren 924ko erasoaz ari da hor Arib Ibn Saad, eta Azkoien aldeko gatazkaz, zehatzago esateko. Arib Ibn Saad-ek Ibn Idari-ri hartu zion hori, seguru asko. Adb ar-Rahman III.ak eskarmentua eman nahi zien Nafarroako eta Leongo erregeei azkeneko erasoaz gero egin zutenagatik. 79 egun lehenago irten zen Kordobatik. Bezperan igaro zuen Ebro ibaia, eta sartu zen baskoien esku zauden lurretan. Uztailaren 11 zen. Kronikariak dioen bezala Azkoien aldea hartu, eta biharamunean Falces aldera joan zen bere gudarosteekin.
Ez du Arib Ibn Saad-ek Azkoiengo gaztelua aipatzen, baina ordurako gaztelu bat edo antzeko zerbait izango zen. Kronikariak desegin zituztela dioen horietako bi Funeskoa eta Caparrosokoa izan zitezkeen, biak ezagunak baitziren orduko. Eta inguruan Arlas izeneko beste bat ere aipatu izan da, bestalde, dokumentuetan, hurrengo mendearen hasieraz gero.
Alfontso I.ak Tutera hartu zuen arte (1119) hegoaldeko mugan zen gotorlekurik garrantzitsuenetarikoa izan gero Azkoien, tenentzia edo administratibo-barruti militar baten buru bilakatu baitzen.
Azkoiengo arduradunen izen asko agertzen da XI., XII. eta XIII. mendeei dagozkien Aragoiko eta Nafarroako agiri sailetan, baina ez denenak jakiteko adina. Hona batzuen izenak, eta arduradun izan ziren urteak: Fortun Sanchez (1027-1054), Garzia Iñiguez (1056-1057), Fortun Gartzes (1060-1063), Sancho Fortuniones (1063-1066), Jimeno Aznarez (1072), Fortun Aznarez (1072-1074), Fortun Sanchez (1080-1087) eta Jimeno Fortuniones (1096-1124).
Garzia Bermudez Azkoiengo gazteluzaina Antso VI.a Jakitunarekin (1150-1194) zen nonbait 1181ean, Gasteiz hiribildu bilakatu zenean. ¿Garzia Bermudi Petralta¿ izenez jasotzen du agiri egileak. ¿Garceas Bermundi in Petralta¿ edota ¿Garzia Vermudii in Peralta¿ jasotzen diote hurrengo urtean Bernedoko eta Antoñanako agirietan.
XII. mendean, Talaia menditik Arga ibaiaren ondora aldatzen hasi ziren azkoiendarrak eta gero eta bakarrago geratzen ari zen gaztelua. Hori ikusita eta gaztelarren eraso batean leial jokatu zutela aprobetxatuz, Gartzia IV.a Ramirezek (1134-1150) foruak eman zizkien, 1144ko otsailaren 28an, esker ona erakusteko, batetik, baina berriro gora itzultzera eragiteko asmoz ere bai, bestetik.
1259ko Comptos edo Kontuen ataleko ordainketen sailean Sancho Perez Peralta izena agertzen da Azkoienen gazteluzain edo gazteluaren eta dorrearen arduradun, ¿castel et de la torr de Peralta¿, bi kargurengatik ordaindu behar balitzaio bezala alegia. 1266an ere ordainketa modu bera egin zioten. 7 libera eta 35 kaiza gari zen orduko gazteluzainaren urteko soldata. XIV. mendean ere sistema bera erabili izan zuten dirudienez, Ferran Ruiz Peñalen gazteluzainaren 1315eko eta 1321eko ordainketak horrela banaturik agertzen dira behintzat.
1276an Diego Perez Sotes zen Azkoiengo eta Arguedasko gazteluzain, eta 1277ko martxoan bi gazteluagatik egin zion leialtasun zina Nafarroako gobernadoreari, Joana I.aren ordezkariari. 1280an, berriz, Phelip izeneko bat zegoen gazteluzain. Garai horretan, 15 libera eta 75 kaiza gari zen gazteluzainaren urteko soldata arrunta. Ogia erretzeko labe berria egiten hasi ziren urte horretan, eta poterna edo ate txiki bat egin zuten, bestalde, mendia alderako horman. 20 sos ordaindu zituzten lanak. Leringo gazteluan ur biltegi berria egitetik zetorren obra maisu bat ere izan zuten, Girart izenekoa, beste ur biltegi bat egiteko lekua eratzera ekarrarazita.
Muga hurbil zuten eskualdeetan lapurrak gehitzen hasi zirela-eta, inguruko gazteluak indartzeko agindua eman zion, 1309an, Nafarroako Gobernadoreak Lizarrako ibar-jaunari; gaztelu batzuk, bereziki, eta Azkoiengoa, besteak beste.
Agirietan agertzen denez, Karlos II.a errege zela (1349-1387) egin zituzten Azkoiengo gazteluan azkeneko konponketa lanak; 1354ko urtean, zehatzago esateko, eta 45 libera konta izan ziren.
1366an baleztaz hornitu zuten gaztelua eta 40 arma-gizon bidali zituzten gainera hura defenditzera eta inguruetako biztanleak babestera, izan ere Gaztelako erregegaien arteko liskarretan parte hartzera zihoan mertzenario asko igarotzen zen Nafarroatik eta triskantza eta nahaste handiak eragiten baitzituzten pasatzen ziren lekuan.
Herria gaztelarren setiotik libratzen ez ezik, Funes haiei kentzen ere gogor borrokatu ziren azkoiendarrak 1378an, eta Funesko eta Peñalengo belardiak erabiltzeko baimena eman zien Karlos II.ak ordainetan.
Baina bada urte ilunik ere, gazteluari dagokionez behintzat, XIV. mendearen bukaeran eta XV. mendearen hasieran. Ez da, esate baterako, 1375az geroztik-edo Azkoiengo gazteluzainen izenik agertzen ordainketa zerrendetan. Badaiteke agiri askotan gaztelu hitzaren lekuan dorre hitza erabili ohi zelako izatea, baina, ¿Duela denbora asko suntsitua¿ agertzen da gero, 1400eko ohar batean, eta badirudi ¿cayda¿ hori dorreagatik dioela. Gaztelua bera ere azaltzen da, bestalde, geroxeagoko aipamen batean; eta atzera batez, urte batzuetan.
1423an, Karlos III.ak bere bilobarentzat Vianako Printze titulua sortu zueneko agirian agertu da hurrena, tituluak zenbait ondasun ere bazeramatzan-eta berekin: Azkoiengo herria eta gaztelua, besteak beste. Bi aipamen ageri dira gazteluarena eta herriarena, gaztelarren aurkako orduko gerran, 1430ean. Gazteluan bost baleztari zeuden eta herrian 45 gerrari. Urte bat lehenago, 63 zaldun eta 32 oinezko zeuden, bereizi gabe gazteluaren eta herriaren artean.
Azkoien Vianako Printzearena zen beraz, baina hala eta guztiz ere, Joan II.a eta Blanka errege-erreginek Peraltako Pedrori (¿Zaharra¿) eta ondorengoei eman zieten 1430ean. Dohaintza horren bidez jaurgo pribatuko herri bilakatu zen Azkoien, eta Agramondarren eskualde horretako sorleku izango zen gero.
Gerra zibila zelako-edo, 1457an berriz ere errege jabetzako bihurturik zegoen gaztelua, eta Gil Intxaurreta zen gazteluzain. Urte horretan 8 arma-gizon zituen bere aginduetara: 3 oinezko eta 5 zaldun.
1469an, berriz matxinatu ziren Agramondarrak, eta, besteak beste, Azkoiengo gaztelua eta herria erabili zituzten horretarako. Leonor printzesaren arma-gizonek inguratu egin behar izan zuen herria, eta hartu zuenean gaztelua suntsitzeko eta herria errege ondasun bihurtzeko eskatu zioten herritarrek Leonorri, ez zutela berriz halakorik gertatzea nahi eta. Ez zuen gaztelua suntsitu nonbait, 1512an, gaztelarrek Nafarroa konkistatu zutenean, artean osorik, eta Falcesko markesaren jabetzako agertzen baita gazteluen zerrenda batean. Bestela izan balitz denbora gehiago iraungo zuen osorik, agian, baina, ez zuen beste lau urte baizik iraun, esaten dutenez.
Karlisten garaian ere erabili zuten mendia, eta han dago oraindik egin zuten dorrea.
Gazteluaren hormatzarra, Puerta Falsa izeneko atariarekin, eta sarbidea haitzean landua. (2000)
Egitura eta aztarnak
Agiri askotan dorre hitza agertzen da gaztelua adierazteko, eta Talaia mendiari loturik. Horrek ez du dorre soila zenik esan nahi. Beharbada bi eraikuntza berezi bezala hartu beharko lirateke, eta bi sailetan sartu: dorre albarrana, batean, eta gaztelua eta Talaia mendian zen herria, bestean, Talaia mendian zena gaztelu gaztelua zela frogatzen baitute zituen egitekoek eta Erdi Aroko agiriek. 1307an, gazteluko bi dorre eta etxe batzuetako estaliak berritu zituzten, esate baterako. Dorre nagusia zen dorreetako bat, eta eskailera gorenean zena, bestea. Teilatuei dagokienez, hiru etxetakoak berritu zituzten gutxienez: sarreraren ondoan zena, areto nagusiaren ondoan zena eta jauregi esaten ziotena.
Gazteluak bi harresi lerro zituen, dirudienez, alde batzuetan behintzat, ¿kanpoko itxitura¿ agertzen baita 1343ko agiri batean, kanpoko harresian egin zuten ateari buruz ari dela. Etxeez gainera, labe bat eta ur biltegi bat ere baziren gazteluko esparruan.
Herritik gora abiatuta lehenengo ikusten diren aztarnak ez dira, dena den, esku artean darabilkigun gazteluarenak, Karlistada garaian eraiki zuten dorrearenak baizik. Zubia kontrolatzeko egin zuten dorre hori, eta Erdi Arokoaren gainean, beharbada, ze, Espainiako Historiaren Errege Akademiaren hiztegiak ¿...eraikuntza askoren hondakinak ageri dira, harresi zatiak, 2 ate, talaia eta garai bateko gotorlekuaren beste aztarna batzuk¿ baitio Talaia mendiaz ari delarik, eta hiztegi hori 1802an argitaratu zenez, badirudi dorrea Karlistada garaia desagertu zela; ez da, gainera, beste dorre arrastorik agertu mendi horretan, eta herrian talaia esaten diote dorre hori.
Santa Luzia baselizaren hondakinak daude gorago, eta lubanarroaren sakonunea aurrerago, mendebaldeko maldan ezkerretara, gazteluaren muga markatzen duela.
Harri koskorrez, lurrez eta karez egindako hormatal baten azpian zuen gazteluak sarreretako bat, Puerta Falsa deitua herrian. Hormatal horren puska bat zutik dago oraindik: 21 bat metroko luzera eta 13 metro inguruko garaiera ditu. Arku itxura du hormatalaren azpian den sarrerak, eta bi aldetara pendiz handia duen etorbide moduko bat dago arku hori igarota; oso leku egokia, etsaiari gainbehera eraso ahal izateko. Aho biribileko zulo bat ere bada pendiz horietako batean, albora. Gaur egun zaborrez itxita dago, baina mendiaren azpitik zubiaren paretsuan den kobazuloraino omen doa, eta gaztelutik Arga ibaira ur bila joateko eta larrialdietan etsaiari aldegiteko egin omen zuten, azkoiendarrek diotenez. ¿Mairuen Putzua¿ esaten diote herrian.Beste bi zulo ere badira aurrerago. Horma aztarnaz inguraturik dago lehenengoa. 9¿7 x 7¿6 metro da luze zabalean. 2 x 1¿8 metro da bestea. Mendebaldean dago hori. Ez dakigu ziur zertarako erabiltzen zuten zulo hori, baina ¿Gazteluko sotoa¿ dio jarri duten kartelak.
Beste aztarna batzuk ere badira mendiaren gainean, baina gazteluaren aztarnetatik 130 bat metrora dagoena da interesgarriena, ¿Otsoen ateka¿ esaten ziotena. Arku edo zubi moduko bat da gaur egun. Ekialdeko maldan barrena doan bide-aldeari ¿Herriko babes erretena¿ zioten, han den kartel batek dioenez.
Otsoen ateka izeneko ataria; herri zaharraren harresiari zegokion edo gazteluaren kanpoko barruti bati.
Iristeko
Herrian parrokia berritik zaharrerako bidea hartu, Donibane kalea alegia, eta azkeneko etxe troglodita igaro ondoren, Karlistada garaiko dorrea ikusten da. Dorrerako bidezidorra hartu behar da han. 5 minutu inguruko bidea da goraino. 2001z gero, ibiltzeko lekuak txukundurik eta aztarna bakoitza zerena den seinalaturik dago goian.