Azkar
FITXA
Udalerria: Urdazubi
Herrialdea: Nafarroa Garaia
Zailtasuna
Aztarnak
Kokapena eta Egitekoak
Azkar izeneko mendiaren gailurrean kokatzen dira aztarnak, Urdazubi herriaren gain-gainean. Mendiaren garaiera 429 metrokoa da, eta herriarena, berriz, 95 metrokoa.
Gaztelutik, Larrun eta Aitxuri mendiak ikusten dira, biak Lapurdiren eta Nafarroaren arteko mugan. Azkar menditik alde hartara, abeltzaintzarako eta artzaintzarako larre eta zelai preziatuak daude. Hegoaldera, Baztan harana ixten duen mendikatea dago, eta geroxeago, Nafarroa Beherearen eta Goi Nafarroaren arteko mendiak. Ipar-ekialdera, Arranomendi ageri da, Mondarrain gazteluarekin, eta gailurrean haitz koroa duela.
Behealdean, ibarrean, Salbatore monasterioa izan zenaren eraikina ikusten da, eta haren aurrean, Urdazubiko etxeak. Beste etxe asko ere ikusten dira mendietan eta haranean sakabanaturik. Herriaren gainean, Otsondo mendatera doan errepidea dago, Bidasoa (Baztan) eta Ugarana ibaiko arroak lotzen dituena. Iparraldean, bentak eta Dantxarinea, Urdazubiko auzoa. Atzerago, Lapurdiko ikuspegi zabala, herriz josia, eta itsasoa ere bai. Iparraldeko lautada ikusteko talaia ikusgarria da mendi txiki hau, eta beharbada, horixe zen han zegoen gazteluaren egitekoa, gehienbat lur horiek Akitaniako konderrian zeudenean.
Horretaz gain, bidea zaintzeko ardura ere izango zuen gotorlekuak, bi haranen arteko bidea azpitik baitzihoan, Donejakuerako bigarren mailako bidea izandakoa; Nafarroako Erresumarako eta Baionako porturako beste bide bat ere igarotzen zen handik.
Inguruko bi harresiren aztarnak, mendebaldeko maldan. (1999)
Historia
Azkar eta Azker (Azkar = ¿Haitz zahar¿?) dira geratu zaizkigun toponimoak. Mendiari ez ezik, Azkar esaten diote Zugarramurdiko 6 baserriko auzo bati ere, eta Baztango udalerriri dagokion baserri bati ere bai (mendiaren gailurretik hego-ekialdera dago). Baina gazteluari buruzko agirietan geratu diren berriak benetan urriak dira.
Nafarroan, Felipe III.aren (1323-1343) kantzilerraren aginduz, Felipe Melleunen aginduz, orduko agiritegiko agiri eta tresnen inbentarioa egin zuten. 1329ko apirilaren 2ko egunarekin, Tiebasen, Lizarran eta Iruñean ikusitakoa jaso zuten agiri batean. Inbentario horretan 424 zenbakiarekin aipatzen den agiriaren deskripzio fisikoa eta mamia horrela laburbildurik zegoen, Mariano Arigitak argitaratutakoaren arabera:
¿Urdazubiko abadearen zigilu zintzilikaria zuen diploma bat ere aurkitu zuten. Agiriak idatzita zuenez, abadea eta komentu osoak Azkar gaztelua bere kargu zuen gordetzeko, Teobaldo erregearen aginduz. Hori zela eta, bai erregeari eta bai haren partez etorri eta froga-agiriren bat erakusten zieten edonori, Azkar gaztelua errendituko zioten, arin eta eragozpenik gabe. Agiri hau Zangozatik gertu egin zuten, 1234 urteko ekainean, ostiral batean, San Joan bezperan.¿
Teobaldo I.aren (1234-1253) urteak ziren, Lapurdin arazoak izan baino lehenagokoak. Errege gaztelua zen, baina bere zaintza Urdazubiko komentuaren esku zegoen.
Gazteluari buruzko beste aipamen interesgarri bat dagoela uste dugu. Ingalaterrako eta Nafarroako Erresumek artean bake ituna izenpetu zutenean, 1248an, jasandako kalteei buruzko txostenak aurkeztu zituzten bi aldeek, 1249ko otsailaren eta maiatzaren artean eginiko txostenak.
Nafarrek hainbat erreklamazio prestatu zituzten, eta erregearen izenean, sei salaketa egin zituzten. Horietako bat, garrantzitsuenetako bat, Azkar gazteluari zegokiola uste dugu (Arçar izenez agertzen da). Salaketak zera esaten du, Ricardo Ciervidek argitaratu duenetik hartuta:
¿Erregeak salatzen du seneskalak Arçarreko gaztelua kendu ziola, indarrez hartu ziola, eta han zeuden gizon guztiak hilarazi zituela; erregea, gaiztakeria horiek guztiak ikusirik, Ingalaterrako erregearen lurretan sartu zen, eta Hiriberrira etorri zen, eta bere egin zuen; orduan, Bordeleko apezpikua, Basatzekoa, Blavesko jauna, Blancafortekoa, Guillen d¿Andon eta beste gizon on batzuk etorri ziren, erregearekin hitz egin eta bake akordioa egitera. Erregeak esan zien egin zizkioten bidegabekeriak konponduz gero bere kabuz alde egingo zuela, eta sentitzen zuela Ingalaterrako erregearen lurretan sartu behar izatea.¿
Idatzian agertzen den seneskal hori Gaskoinakoa zen, Nikolas Molis, eta bere ekintzek Nafarroako erregea Amikuze eta Oztibarre lurraldeak gotortzera eta Lapurdin sartzera behartu zuen. Hor aipatzen diren pertsonek beste su-eten bat izenpetzea lortu zuten, Lizarran, 1244ko azaroaren 23an hain zuzen. Beraz, 1243koa izan daiteke Azkar gazteluko gertaera.
1249ko txosten horretan, Amaiurko biztanleek ere erreklamazioen atal oso bat aurkeztu zuten, baita Urdazubiko abadeak ere: ¿Urdazubiko abadeak salatzen du bere etxean indarrez sartu dela Guillen Arnat Guissen [Gixuneren izen erromaniko zaharra], eta etxean zeuden ondasunak eraman dituela, horiek ere indarrez, XX.ss. eta VI. diruren baliokoak.¿
Ikusten denez, Nafarroako eta Ingalaterrako Erresumen arteko gudan, benetako ekintza militar eta odoltsuak ez ezik, lapurretak eta harrapaketak ere izan ziren, eta, aurkeztutako erreklamazioak ikusita, ez gutxi, gainera.
1243 edo 1244. urteko suntsiketaren ondoren, ez dugu Azkar gazteluaren berririk aurkitu, beharbada ez zutelako berriro eraiki.
Beste aukera bat da Salbatore monasterioaren esku jarraitu izana, behin betikoz baztertu zuten arte, eta horregatik ez da agertzen Iruñeko Agiritegi Orokorrean. Dirudienez, monasterio hori IX. mendean sortu zen abadetxe gisa, eta ospitale bat ere bazuen erromesentzat eta inguruko biztanleentzat. XIII. menderako ezaguna da bere aberastasuna eta eskualdeko gizartean zuen eragina, baina, tamalez, 1793ko irailean frantziar gerrariek erre egin zuten monasterioa, bere agiritegia barne. Teobaldo I.a eta II.a erregeen testamentuetan Urdazubiko monasterioak dohaintzak jaso zituen.
Antso VII.a Azkarraren (1194-1234) garaitik, Nafarroako erregeak saiatu ziren elizaren esku zeuden gazteluak eskuratzen. 1340an, esate baterako, debekatu egin zuten gazteluak elizaren edo elizgizonen esku egotea. Salbuespenak ere izan egon: Aberin eta Pedriz gazteluek, adibidez, Jerusalemgo San Joan ordenan jarraitu zuten beti, eta Tudejen eta Lizarrako Belmetxer gazteluak ere, abade edo apezpiku baten agindupean geratu ziren aldi baterako. Gaztelua suntsitu arren, herriak ez zuen gaztelua ahaztu; XX. mendearen hasieran, adibidez, Altadillek Azkar gazteluari buruzko kondaira bat jaso errepide ondoan zegoen Tejeria bentan, Otsondoko maldan. Bertako neskak Inkisizio garaian kokatzen zuen gertaera; esaten zuenez, artean 10 gerrari zeuden Azkarren. Horietako bat emaztegaiarekin akelarre bat ikustera joana omen zen, zelatari lana utzita, eta bi egunez ziegan egotera zigortu zuten. Deabrua ere sartu zen tartean, eta gerrariak nahastu egin zituen, eta matxinatzera behartu; hala, gerrariek sorginei gaztelura sartzen utzi zieten, eta ondoko parrandan gaztelua erre zuten. Hor bukatu zen Azkar gaztelua, eta geroztik, betiko sorgindurik geratu zen.
Beheko harresiaren aztarnak, iparraldean. Beharbada, gaztelua ez zen erabili ingelesek hartu eta suntsitu zutenetik. 1243. urte inguruan gertatu zen hori. (2001)
Egitura eta aztarnak
Jose Migel Barandiaranek egiturari buruzko plano txiki bat egin eta argitaratu zuen, ohar batekin: ¿Azkar gazteluaren eskema, Erdi Aroan Urdazubi gainean zegoen gazteluarena. Alde batean, bi herresi paralelok osaturiko eremua; bestean, mendiko harriek osaturikoa. Jentilbaratz gazteluaren garai berekoa da.¿
Mendiaren gailurra I-tik H-ra luzatzen da, eta gainalde osoa hartzen dute aztarnek. Iparraldeko muturrean haitza ebakita dago; Otsondorako errepidetik begiratuta, ederki sumatzen da, eta gazteluaren inguruko lubanarroa edo erretena izan zen. Hegoaldean ez zuten beharrik, mendia han bukatzen baita.
Gailurraren ekialdean, malda Urdazubiraino doa, etenik gabe, eta alde horretan ez da aztarnarik ikusten. Mendebaldeko magal aldapatsutik igotzen da gaztelura, nahiz eta azkenean iparraldetik sartu barrutira. Iparraldeko muturrean, mendebaldeko maldan eta hegoaldeko muturrean, bi harresi lerroren aztarnak ikusten dira, etendurarik gabe. Hegoaldean, 4 metro inguruko aldea dago bi harresien artean, eta berdin jarraitzen du ibilbide osoan. Harresien aztarnak gehienbat harri eroriak dira, nahiz eta metro batzuetan harri ilarak ikusten diren (tokiren batean, metro bateko garaiera hartzen dute). Harriak elkarri lotu gabe daude, eta mendebaldeko magala harresietatik eroritako harriz beteta dago.
Gazteluaren goialdeak, barneko harresiak biltzen duen eremuak, 38 metro inguru da luze, eta 16 bat metro zabal erdialdean, bi muturrak, izan ere oso estuak baitira. Gainaldean, sakonune bat ikusten da haitz eta harriz inguraturik.
Gailurreko hegoaldeko muturra eta maldak sastrakaz beteak daude, eta horrek zaildu egiten du han ibiltzea eta gauzak bereiztea.
Jose Migel de Barandiaranek marraztutako krokisa. (Obras Completas I. liburukia, 128. orr.)
Iristeko
Aukera batzuk daude. Urbia mendatetik abiatzea da aukera bat; Zugarramurdi-Etxalar errepidea hartu eta 2¿2 kilometroren buruan dago. NA 90 mendi-bidetik jaitsi, Loiola atakaraino joan, eta handik NA 91 mendi-bidea hartu, Urdazubi aldera. Biderik erosoena da hori, eta 45-50¿ nahikoak dira iristeko.