Itzuli orri osora

Ausa

FITXA

Udalerria: Zaldibia

Herrialdea: Gipuzkoa

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Panoramika 1

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Ausa-gaztelu mendiaren tontorrean zegoen gaztelua, 904 metrora, Txindoki menditik mendebaldera eta Errekontako lepoak Aralar mendilerroari lotuta.

Gipuzkoaren eta Nafarroaren artean XII. mende bukaeran jarri zuten mugan zegoen gaztelua, eta agirietan ikusten denez, muga hori zaintzea zuen egiteko nagusi. Baina muga baino zaharragoa denez, gazteluaren sorrera eskualdeko jarduera ekonomiko nagusiari lotu behar zaio, abeltzaintzari, garai hartan belardiak baitziren aberastasuna. Ausa, Ataun... mugako gazteluak ziren Nafarroaren eta Gaztelaren artean, baina bi erresumen arteko muga finkatu baino lehen, 1200ean, gazteluek belardietarako sarrerak eta abelbideak zaintzeko lana zuten.

Mendiaren inguruak bidez josita daude. Ausa eta Txindoki artean bide bat doa Aralarko Alotzara, eta hego-mendebaldetik, Enirioko galtzada ezaguna igarotzen da. Bestalde, Larraiztik Ausa-Gaztelu mendirako bidea gurdien gurpilek utzitako arrastoek erakutsi izan dute. Igarobide horiek guztiak gaztelutik gertu geratzen ziren, haren kontrolpean.

Egun, Zaldibiako eta Abaltzisketako udalerrien arteko muga gailurraren ekialdetik doa.

Ausa

Goiko barrutian dagoen oin biribileko dorre nagusiaren barrualdea, indusketa egin baino lehen. (1995)

Historia

Gazteluaren sorreraz zehazki ezer ez badakigu ere, XI-XII. mendean garrantzi handiko zen inguru horiek menpean izatea, batik bat, Gipuzkoa zaintzeko. Nafarroaren eta Gipuzkoaren arteko komunikazio bide nagusi bat Ausaren ondoan igarotzen zen, egun Enirio galtzada deitzen duguna. Bide hori Aralarren sartzen zen; eskuinetik, berriz, beste adar bat igarotzen zen, Ataungo gazteluaren azpitik igaro ondoren.

Antso IV.a Gartzes (1054-1076) haren anai-arrebek Peñalengo amildegitik bota zutenetik, Gaztelako eta Aragoiko errege-erreginek Iruñeko Erresuma euren artean banatu zuten, Gipuzkoaren lehen aipamenak hasiak zirenean. Banaketa horrekin, Berant Erdi Aroan lehenbiziko aldiz, Ausatik gertu egon zen bi erresumen arteko muga bat. Banaketak 1134 urte arte iraun zuen (geroztik, berriro Nafarroari atxikirik agertzen da Euskal Herriko erdi mendebaldearen zati handi bat).

Gaztelako Alfontso VIII.aren konkistarekin, 1199-1200 urteetan, Ximenez Radak, bere Rebus hispaniae-n, Aussam izena jasotzen du. Gazteluaren lehenengo aipamena da, baina jadanik gaztelua eraikia zegoen.

Gaztelaren menpe egon zen urteetako berririk ez dago. Nafarroak bere egin zuen berriro XIII. mendeko bigarren hamarkadatik aurrera, baita Ataungo gaztelua ere, baina egungo Gipuzkoako gainerako lurrak Gaztelako erregearen esku geratu ziren. 1222ko abuztuaren 29an, Antso VII.a Azkarraren (1194-1234) agindu bat jasotzen duen agirian, Almorauit tenente Aussa irakurtzen da, gazteluko buruak lekuko gisa jardun baitzuen, nonbait.

XIII. mende horren bigarren erdialdetik aurrera, muga inguruko liskarren berriak ageri dira. Ataungo eta Ausako gazteluzaina Pedro Sanchez Gipuzkoa zela (gutxienez 1259-1266), 1261eko maiatzaren 1ean, Burunda ondoko Eznatean, bilera egin zuten nafarrek, eta gipuzkoar eta arabarrek, azken bi horiek gaztelar gisa, mugako inguruko bortxakeriei amaiera emateko asmoz. Gipuzkoarrek eginiko bi salaketetan ageri denez, azienda ostu ondoren lapurrak Ausa gazteluan babestu ziren. Badirudi, garai horietan, abere-lapurrek babesa lortzen zutela Nafarroako errege-erreginen muga-gazteluetan (Ausa, Ataun, Gorriti¿).

Pedro Sanchez Gipuzkoa gazteluzainak 20 libera eta 100 kaiza jasotzen zituen urte horietan Ausa eta Ataun gazteluengatik, eta bi gaztelu horietako soldatek berdin jarraitu zuten hurrengo urteetan ere.

Tiebasko gazteluan eginiko ekitaldi batean, 1276an, Nafarroako Guda piztu baino lehen, Fortun Iñiguez Urdaniz zaldunak hartu zuen Ausa gazteluaren ardura, Eustakio Beaumarchais orduko gobernadorearen eta Gartzia Almorabiten eskutik, eta Joana I.ari (erregina Nafarroan 1274-1305, Frantzian 1285-1305) egin zion leialtasun zina (madama Iohana izenez ageri da idatzian). 1290ean, arbizuar bat zegoen Ausako gazteluan buru, Garzia Martinez Oianederra, eta 100 soseko konponketak egin zituzten. Baina gaztelu honen gazteluzaintza maiz Iruñeko edo Mendialdeko ibar-jaunaren esku zegoen, mugako beste zenbait gaztelu bezala. 1297an, adibidez, Pedro Jimenez Mirafuentes ibar-jauna zen, eta, aldi berean, Ausa, Gorriti eta Ozkorrotz gazteluetako gazteluzaina.

Gazteluaren azken urteetako konponketei buruz Martinenak argitaratutako agiriek hainbat xehetasun ematen dituzte. Gudarien bizitokia, zaindarien etxolak eta dorre bat egurrez berregin zituzten 1333an. Aztarnak ikusita, badirudi dorre nagusia ez zutela ukitu. 1334an, 15 libera erabili zituzten konponketa lanetan. 1335ean, gipuzkoarrek suntsitu baino lehen, 50 libera gastatu zituzten, besteak beste, Larraun aldera (Larrunarri edo Txindoki aldera izango zen) begira zegoen murru bat konpontzen.

Agiriek esaten dute XIV. mendean ere izan zirela liskarrak. Eta borroka horiek egin beharreko konponketa lanak eragozten zituzten. 1321ean, esate baterako, langileek uko egin zioten gaztelura joateari, gipuzkoarren beldurrez (¿ez ziren joatera ausartzen, gipuzkoarrei zieten beldurragatik¿), eta orduko Mendialdeko ibar-jaunak, Johan Lopiz Urrozek, bederatzi zaldunek eta berrehun oinezkok lagunduta joan behar izan zuen, sei egunez.

Aralarko inguruetan ez ezik, Nafarroako mugan ere Oinaztarrak ibiltzen ziren. Alderdi horren jarduera ekonomiko nagusia artzaintza zen, eta burdingintzak ere garrantzi handia zuen. XIV. mendean, krisi ekonomikoa gertatu zen, eta Oinaztarrek bideetako lapurreta ugari egin zituzten, dirua, jakiak eta aberastasunak lortzeko. Mugan zeuden gazteluei, beraz, mota horretako bortizkeria ekintzak eragoztea zegokien, ez erregeen arteko liskarrei erantzutea.

Etsaiek gaztelua inguratzen zutenean, ibar-jaunak eskualde edo merinaldeko herritarrak deitzen zituen, laguntza ematera joan zitezen. 1334an gipuzkoarrek Ausa hesitu zutenean, Nafarroako gobernadoreak hainbat merinaldetako bizilagunak deitu zituen mezularien bitartez:

¿Gobernadorearen aginduz, Lazkaokoek, beren eskualdeetakoekin, eta Oinazkoek, Gipuzkoako anaidi guztiarekin, Ausako gaztelua inguratu zuten, gure errege jaunaren gaztelua, eta gau eta egun aritu ziren berenganatzeko borrokan (¿).¿

Halere, erasotzaileek alde egin zuten gobernadoreak prestaturiko gerrariak iritsi baino lehen. 1321etik, Pedro Ladron Gebara zegoen gazteluzaintzan, eta 1334an, 10 libera eta 50 kaizakoa zen soldata, XIII. mendearen bukaeran bezala. Horretaz gain, urteko 20 libera jasotzen zituen gudaroste buruaren sari gisa, gerrari talde bat prest izateagatik.

Gerra urteak ziren horiek, eta Arturo Kanpionen arabera, 1335ean, Pedro Ladron Gebarak, beste bi ezkutarirekin, ehun oinezko zituen Ausan. Datu horrek argi uzten du gaztelua handia zela, eta gatazka ere ez zela nolanahikoa izan.

Urte horretan, gipuzkoarrek berriro Ausa hesitu zuten, eta hartu ere bai. Zangozako, Estellerriko eta Tuterako merinaldeko bizilagunek eta gudaroste buruaren saria jasotzen zutenek gaztelua laguntzera joateko prestatu behar izan zuten, baina Oinaztarrek suntsitu eta alde egin zuten, Nafarroatik antolatutako gudaroste iritsi baino lehen.

Nafarrek ez zuten berriro eraiki gaztelua, ¿Gipuzkoako lurretan baita¿ (1321), eta ez zuten gazteluzainik berriro jarri, 1335. urteaz geroztik. Gaztelua galdu zuen gazteluzaina, Pedro Ladron Gebara, zigortu egin zuen erregeak, eta Nafarroan zituen ondasun guztiak kendu zizkion. ¿Gaztelarrek lapurtu zioten Pedro Ladron Gebarari, gaztelu horretako gazteluzainari, CCCXXXV. urtean¿ jasotzen da Comptoen agiritegian. Ondoko urteetan ondasun horien salmentaren, dohaintzaren edo kudeaketaren inguruko agiri asko daude.

Mugen inguruko liskarrak ezagunak dira, baina askoz gutxiago ezagutzen da Aralar inguruan kaltetutakoek 1329an sortu zuten mugako anaidia, lurralde horretan bakea eta justizia ezartzeko asmoz. Anaidia indarrean jartzeko, berebiziko garrantzia izan zuen Gipuzkoako ibar-jaunen jarrerak, nafarren aldekoa baitzen, edo, behintzat, Oinaztar eta Lazkaotarren aurkakoa. Zenbait gorabeherarekin, mugako anaidi hori berritzen joan zen, XV. mendearen bukaera arte.

Kondaira mitologikoetan ere jasota dago gaztelua; gotorlekua bizilekua zuten jentilen ikaragarrizko indarra adierazten duten istorioak kokatzen dira bertan. Gazteluaren haitzean dagoen zuloa Jentilen Labea izenez ezaguna da.

Ausa

Goiko edo barruti nagusiko iparraldeko harresia. (1974)

Egitura eta aztarnak

Indusketa lanak egiten ari dira 1999az geroztik, Iñaki Padilla arkeologoaren eskutik. Gazteluaren goiko barrutiaren zati handi batean eta dorre nagusian egin dituzte indusketak.

Dirudienez, biribileko dorre nagusi batek eta inguruko harresiak osatzen zuten gazteluaren egitura. Beherago, iparraldean eta mendebaldean, beste barruti bat zegoen, nahiz eta harresien aztarnak xumeagoak izan. Bigarren barruti horrekin, multzoak triangelu itxura hartzen du. Egun, dorre nagusiko oinarri guztiak eta inguruko horma zati bat oso ondo ikusten dira.

Goiko barrutiaren erdian dorre nagusia dago (zilindrikoa zen). Mendebaldean indusketak egin ondoren, eta eroritakoa kenduta, 1¿25 metroko garaiera hartzen du egun. Sendoa zen dorrea, ziklopea, murruen lodiera 1¿85 metrokoa baitzen. Barruko diametroa, berriz, 3 metrokoa gutxi gorabehera. Beraz, 6¿6 metro zen diametro osoa, eta erdia baino gehiago murrua (3¿7 metro, %55). Dorre nagusiaren murruen bi azalak, kanpokoa eta barrualdekoa, harri handiz eginak dira, eta bien artekoa harri txikiagoz osatua. Beharbada, hasieran gaztelua dorretzar soil bat zen eta, egiteko berriekin, handitu egin zuten, eta inguruan barrutiak sortu.

Goiko barrutiak edo barruti nagusiak gutxi gorabehera honako hedadura dauka: 20 metro (I-H) x 18 metro (E-M), eta oina alde askotako poligono irregularra da. Han, haitzak eta hormak nahasten dira. Inguruko harresia iparraldean ikusten da gehien. Haitzak eta murruak 5 metroko garaiera hatzen dute. Bi muturretan dorretxoak antzeman dituzte. 1335ean Larraun aldeko harresiaren 16 besabete konpondu zituztenean (32 metro), zabalera 5 beserdikoa (2¿5 metro) eta garaiera 4 besabetekoa (8 metro) zela esaten zen, almenak eta zaindariaren etxola barne. Agirietan askotan zaindarien egurrezko etxolako aipatzen dira.

Barrutiaren hegoaldean, Barandiaranek sakonune bat zegoela adierazten zuen, eta ur biltegiaren arrastoa izan zitekeela.

Beheko barrutia gehienbat bi terraza edo zabaltzaz osatua dago egun. Hego-ekialdeko maldan, gailurretik hogei bat metrora, zulo bat dago (ziurrenik, Jentilen Labea deitzen dutena). Gotorlekua alde horretatik ixten zuen harresiaren azpian zegoen.

Ausa

Goiko barrutia eta dorre nagusia, indusketaren bigarren aldiaren ondoren, mendebaldetik begiraturik. Atzerago, Larrunarri edo Txindoki mendia. (2002)

Iristeko

Larraitz auzotik igo ohi da, Txindoki mendirako bidea erabiliz (15 bat minutu). Bihurgune handi batean, eskuinean hasten den pista bat hartu behar da, Errekonta mendateraino. Orotara, ordu eta erdi gutxi gorabehera.

Dena den, ipar-mendebaldeko maldatik motzagoa da, eta azkarrago irits gaitezke, Zaldibiako Olako Zelai atsedenlekutik (460 metro).

Ausa