Assa
FITXA
Udalerria: Guardia
Herrialdea: Araba
Zailtasuna
Aztarnak
Kokapena eta Egitekoak
Gaur egun mahastiz inguraturik dago kaskoa. Ez zen leku hartu ezin estrategiko horietako bat, eta zuen egiteko nagusia ere ez zen inor defenditzea, inguruetako ibiak eta zubia zaintzea baizik. Ebro ibaitik nahikoa hurbil zegoen, alde batetik, eta Mantible erromatar zubia ere 300 bat metrora zuen. XI. mendean konpondu zuten, dirudienez, denbora dezentean hondatuta egon ondoren.
XIV. edo XV. mendean, zubia behin betiko hondatu zenean ere ez zen gaztelua zer eginik gabe geratu eta ez zuten baztertu. Mugak eta ibiak zaindu behar izan zituen orduan, izan ere, Gaztelako erregeak berenak ez ziren lurretan muturra sartu nahian zebiltzan, batetik, eta muga inguruetan lapurretak gehitu egin baitziren, bestetik. Gazteluak berean iraun zuen, beraz, nafarren arerioen eskutan erori zen arte.
926rako bazen Assa herria. Gaur egun etxe taldetxo bat besterik ez da, eta Lantziego du udalerria. Ebro ibaiaren bihurgune handi batean dago.
Muinoaren iparraldeko muturra, hondakin ikusgarriekin. (2000)
Historia
Assa, Asa, Ausa, Acsa, Axa¿, aldaerak ere izan ditu, adituen ustez, eta beste gaztelu batzuekin nahastu ere, nahastu izan dute historialari batzuek: Zaldibiako Ausarekin, esate baterako, edo Elosukoarekin.
Leku izenaz ezagutzen dugun aipamenik zaharrena 1076 ingurukoa da, Gaztelako Alfontso VI.ak Naiarako forua berrestean egin zuen agirikoa, alegia. Foru hori Nafarroako Antso III.ak, Gartzes ¿Nagusiak¿ (1004-1035) edo Garzia III.a. Sanchez Naiarakoak (1035-1054) emana da, baina orduan egin zuten agiria, gureganaino iritsi ez denez, hona zer dioen 1076koak: ¿...eta haiekin, hasi Ebro baino haragotik eta Asaraino, Munellan; eta Asatik Paganoseraino...¿ Asa hori zubia ez dela dirudi.
Gazteluari buruzko lehenengo aipamen zuzena, berriz, 1237koa da, Teobaldo I.ak (1234-1253), urtero 20 libera ordaintzearen truke, gaztelua eta lurrak Martin Sanz Vianari eman zizkionekoa.
1274an, Nafarroan errege berria zutela eta, nobleek eta gazteluzainek leialtasun eta mendekotasun zina egin behar izan zioten Joana I.ari (1274-1305). 1277ko urtarrilean Eustaquio Beaumarchais Nafarroako gobernadorearen aurrean Iruñean egindako ekitaldian, Ramiro Gil Urantzikoa zaldunak bost gaztelutako tenente edo nagusi gisa aurkeztu zuen bere burua: Assakoaz aparte, Guardiakoa, Herrerakoa, Marañongoa eta Labrazakoa omen zituen bere kargu. 1280an, gazteluko ur biltegia konpondu behar izan zuten gazteluan, eta kaperako eta etxe bateko teilatua ere bai, bide batez. Konponketa lan horietan 65 sos gastatu zuten. Urte berean pikatxoi bat, 3 upel, 3 kutxa ere erosi omen zituzten. Horiek, berriz, 4 libera eta 7 sos kosta izan omen ziren.
1290ean, Joan Martinez Medrano zen Assako gazteluzain. 1309an ere berak jarraitzen zuen; baina orduan, ez Assakoan bakarrik, baita Vianakoan, Labrazakoan, Marañongoan eta Herrerakoan ere. Halere, Joan Robrai-k iraun zuen denborarik gehiena, 34 urtez (1330-1364) izan baitzen Assako gazteluzain.
Bertrand du Guesclinen mertzenarioak Nafarroatik igaro izan ziren 1365ean eta 1366an, Pedro I.a erregearen aurka, Gaztelara Trastamarako Enrikeri laguntzera joan zirenean. Vianatik igarotzerakoan, herria erre zuten. Gero, Assa gotortu zuten eta 15 soldadu gehiago jarri zituzten han, 6 hilabeterako.
XIV. mendean, mugak zaintzea izan zen Assako gazteluaren eta inguruko besteen egitekorik handiena, izan ere, abere-lapur, gaizkile eta bide-lapur asko ibiltzen zen muga inguruko eskualdeetan. Sarri iristen zitzaizkien erne egoteko aginduak. Ebroko ibiak eta zubiak ondo kontrolatzeko eskatzen zieten Errioxako gazteluei 1319. urte inguruan, eta 1366an, berriz. Assako gazteluzainak ez zien bere eskualdeko biztanleei Logroñora egurra saltzera joaten uzten, hurrena, arriskutsua zelako.
1423an, Karlos III.ak (1387-1425) bere bilobarentzat Vianako Printzea izeneko titulua sortu zuenean, tituluaz aparte lurraldeak ere eman zizkion. ¿Guardiako hiribildua eta gaztelua, eta bere herrixkak¿¿ irakur daiteke agirian. Guardia hiribildu izendatu zutenetik hari loturik zeuden herriak ere Printzerriko horretako izango zirela esan nahi du horrek; Assa gaztelua barne, seguru asko.
1429an, Gaztelako Joan II.ak hartu zituen Assako gaztelua, eta Oiongo gaztelua eta herria. Gero, Logroñoko hiriari eman zizkion, 1430eko urtarrilaren 15ean. Joan Molina izendatu zuen Assako gazteluzain. Baina, 1436ko Toledoko ituna zela bide, atzera bereganatu egin zituen Nafarroak, hainbat lurralde eta herria, eta horien artean zegoen Assa. Urte bereko azarotik aurrera, Joan Armendaritz izan zen Assako eta Guardiako gazteluzain. Erregeak izendatu zuen gazteluzaina, eta 75 liberako sari berezia agindu zion, familiarekin Guardiara alda zedin; gastuak ordaintzeko, alegia.
Beste aipamenik ere bada Assako gazteluzainez. 1427an, Gil Fernandez Ubago hil zenean, Elvira haren emazteak eta Michel haren semeak, hartu zuten, hurrenez hurren, gazteluzain izateko ardura; baina ez denbora luzeko, dirudienez, urte berean Joan Garzia Hualde ere izan baitzen gazteluzain. Ez luze irauteko hori ere, 1429ko erasoan hil zen-eta, Foruak agintzen zuen moduan, gaztelua defenditzen ari zela.
1461eko udan, Assako gaztelua ez ezik, Arabako Errioxa osoa ere gaztelarren esku geratu zen behin betiko. Enrike IV.ak gaztelua suntsitzeko agindua eman zuen gero. Mantible zubia hondaturik zegoen orduko, mugak ezabaturik orain, zereginik gabe geratu zen Assako gaztelua. Ez hala gazteluari zegozkion nekazaritza-lurrak, gazteluaren oinordetzako gisa jarraitu baitzuten horiek.
Urteko soldataz aparte ¿bi puskatan ordaintzen zieten hori¿ gazteluari zegozkion lurren etekina ere bereganatzen zuten Assako gazteluzainek. XV. mendean, 16 liberako soldata zuten. Lur sailen parte bat (¿El Redondo de Asa¿), Nikolas Txabarri (edo Etxabarri) gotzainari eman zion Nafarroako erregeak, gaztelua artean desegin gabe zegoela. Lur sail hori gero, Rodrigo Mendoza jauntxoak indarrez hartu zuen, zuela 40 urtez gero Guardiako eta Labrazako gazteluzain zegoenak, eskualde osoa gaztelarren esku zegoelarik.
Logroñokoekin ere izan zuten gorabeherarik guardiarrek. 1430ean Joan II.ak Assako gaztelua eta Oion Logroñori eman izana ez zuten guardiarrek hala-hola ahaztu. 1536. urte arte iraun zuten gorabeherek.
Gazteluaren muinoa, hegoaldetik begiraturik. Atzerago, Mantible erromatar zubiaren bi arku ikusten dira. (2000)
Egitura eta aztarnak
Gaztelua zegoen kaskoa I-tik H-ra luzatzen da, eta gain guztian daude hondakinak, 25 x 15 metro luze-zabalean, gutxi gorabehera. Gazteluak hartzen zuen zabaleratik beherakoa malkartsua du, iparralde izan ezik.
Dorre nagusia eta gutxienez beste dorre txiki bat aipatzen dira berritze lanetarako egin zituzten agirietan, eta dorre nagusia oso ikusgarria omen zen. ¿Dotorea eta ausarta¿ dio 1429ko agiri batek. Dorre horren beheko aldean zen ur biltegia, eta zoruan ubideak egin zituzten hara ura eramateko. Inguruko harresi-atariak defentsa bat zuen gainean, ataria babesteko, eta eskailera bat igota iristen zen hara. Harresiaren goialdean egurrezko egitura bat zen, etsaien gezietatik nahikoa urrun ibiltzeko eta haiei goitik eraso ahal izateko. Nahikoa sarritan berritu behar izaten zituzten.
Mendebalera edo Ebro aldera duen maldan, bi harresi lerro nabari daitezke hiruzpalau lekutan. Dirudienez, bi harresi zituen, beraz, bata bestearen inguruan. Hegoaldean, aldiz, hondakin gutxi dago agerian: harkaitza landurik eta harresi atal bateko harri batzuk gainean.
Ezer gutxi dago ekialdeko maldan ere. Malda horri iparraldera jarraituz hasten dira berriro hormatalak, eta han da ur biltegia ere, iparraldeko hormaren kontra. Alde horretan, iparraldean, daude aztarnarik ikusgarrienak; harkaitza landurik eta hormatzar batzuk, atalka. Bi harresi lerro ditu alde horretan ere. Harkaitzaren gainean eraikia zegoen beheko harresia. Aipagarria da ipar-ekialdeko izkinan den atala ere. 3¿70 metro luze da iparraldekoa, eta 3 metro, ekialdekoa. Harlandu ikaragarri handiz egina dago harresi puska hori: 1¿50 x 0¿40 metro da horietako bat.
Goian, harresiak terraza edo zabaltza baten itxura du. Han, beste hormatal bat da. Zazpi bat metro luzea eta 1¿30 metro zabala; eta mendebalean beste harresi puska bat hasten da, lehen eraikin bat izandako lekua dirudi.
Gangaduna da gorago aipatu den ur biltegia, eta inguruko harresia aprobetxatuz egina (3¿5 x 1¿40 m). Zorutik 1¿70 metro gora hasten da ur biltegiaren ganga. Ditugun agerien arabera, ganga horren gaina zuen dorre nagusiak zoru. Dorre nagusia ipar-ekialdeko izkinan zen, beraz, hura baitzen gazteluaren alderik ahulena. Egitura biribileko hormarik aurkitu ez denez, dorrea karratua edo angelu zuzenetakoa zela dirudi.
Muinoaren ikuspegi orokorra, ekialdetik begiraturik. Atzerago, Ebro ibaia eta Logroñoko lurraldea. (2000)
Iristeko
A-124 Guardia-Logroño errepidean, eta Assa igaro ondoren, Mantible zubirako pista dago adierazirik ezkerretan. Zubiaren aztarnak eskuinetara utzirik, gaztelua zegoen kaskoa ikusten da 300 bat metro aurrerago, eta Errioxan ohi diren horietako txabola kupuladun bat, behean (chozo).
Lasernatik ere joan daiteke, eta horrek aukera ematen du, gainera, bide beretik ez itzultzeko.