Itzuli orri osora

Argantzongo gaztelua

FITXA

Udalerria: Argantzon

Herrialdea: Araba

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Gasteizko Mendien mendebaldeko muturrean dago gaztelua, Zadorra eta N-I errepidearen gainean. Nahikoa gauza gutxi geratzen dira antzinako Argantzon gaztelutik: dorre bat osorik (harkaitzaren ekialdeko muturrean), harresi atal batzuk...
“Zadorra ibaiak eratu zuen pasabidea eta Arabako Lautada zaintzeko egin zuten gaztelu hau”, esango luke hegoaldetik datorrenak. Halako pasabide erosoa baita Zadorra ibaiaren ondoan dagoena. Inork eraso nahi izanda ere, Gasteizko Mendiak bizkarraldean zituen, bestalde. Oso leku estrategikoa hautatu zuen gaztelua han egitea bururatu zitzaionak.

Argantzongo gaztelua

Dorre nagusia, gazteluko ekialdeko muturrean, haitz zorrotz baten gainean. (2000)

 

Historia

Protohistoriakoak dira Argantzonen aurkitu dituzten aztarnarik antzinakoenak (hainbat bizileku edo herrixka). Eta geroztik beti bizi eta ibili izan da jendea inguruetan. Argantzongo herriaren ondotik pasatzen zen erromatarren Bordele-Astorga galtzada; hartaz baliatu ziren gero germaniarrak lurralde berrien bila hegoaldera joateko, eta baita arabiarrak ere geroago, urteroko beren erasoetan.

Gaztelua bera noiz eraiki zen ez dakigu zuzen, baina bai, 735. urtea alderako Arabako Lautada arabiarren mende zegoela, eta baita, Asturiasko Alfontso I.aren erregetza garaian (739-757), inguruko herri batzuetako biztanleek mendietara jo behar izan zutela ere, herriak defendi ezinak zirelako. VIII. mendearen erdialdetik aurrera razzia hitza agertzen da arabiarren erasoak aipatzerakoan. Kontrol finkorik behintzat ez zutela adierazten du horrek.

Dena dela, Argantzoni buruzko antzinako aipamenik argiena 801eko irailean edo urrian arabiarrek izan zuten sarraskiaz idatzitako kroniketan agertzen da. Hegoaldetik erasora zetozela, arabiarrek ezusteko eraso bati aurre egin behar izan zioten, eta gatazkan, Mu-awiya, erasotzaileen buru eta Kordobako al-Hakam emirraren anaia zena, ozta-ozta irten zen bizirik bertatik, baina hainbat ofizial hil ziren. Han gertatu zenaz bat datoz kronikari kristaua eta hura aipatzen duen kronikari arabiar bakarra. Lekua adierazteko El Fadjj Argnsum, dio kronikari arabiarrak.

Oraindik ere “mairuen gaztelua” izenez ezagutzen du inguruko jendeak. Izen horren kontua 801ekoagatik den edo beste arrazoiren bategatik den jakitea, ordea, zaila izango da, eta are gehiago ziur noizkoa den ere ez dakigula. Argantzongo eta Zaldiarango gazteluak Nafarroako Garzia Iñigezek (758-802) egin zituela, Arabako Lautada musulmanen erasoetatik babesteko, dio, beste batzuen iritzia jasoz, Esteban Garibaik bere Los XL libros del Compendio historial de las chronicas y universal historia de todos los reynos de España liburuan (1566 baino lehen idatzia), baina…

Argantzongo gaztelua

Dorre nagusiko barrualdea (2000)

871ko agiri batean ere agertzen da “Sancta Maria de Foze de Arganzona” bat, baina ez gaztelua adierazteko, han zen herri bat-edo adierazteko baizik. 1191n, Nafarroako Antso VI.a Jakitunak (1150-1194) eman zion Argantzon herriari hiri-gutuna. Garai hartan, mendebaletik, hau da, Gaztelatik zetozkion Nafarroako Erresumari erasoak eta banatzeko arriskuak. 1179tik aurrera, beraz, gazteluen eta hiribilduen bidez mendebaleko muga inguruak indartzen saiatu ziren aldian aldiko erregeak. Eta horren lekuko da XII. mendearen azken bi hamarkadetan Antso Jakituna eta Antso Azkarra mendebaleko gazteluzainekin (Zabalateko, Trebiñuko, Gasteizko, Zaitegiko…) hain sarritan agertzea. Argantzongorik ez da agertzen, ordea.

Rodrigo Ximenez Radak ere ez du, Gaztelako Alfontso VIII.aren erasoez ari denean, Argantzonik aipatzen, ez herria ez gaztelua adierazteko; eta badakigu Araba eta Gipuzkoa hartu zituela, eta 1199ko abuztuan Gasteiz setiatzen hasi zela, Uda ibaiaren ibarrean gora etorrita. Argantzongo gotorlekua urte horretan igaro izango zen segur aski Nafarroako Erresumaren eskuetatik Gaztelakoenetara. Toledoko Artzapezpikuak ere Trebiñu aipatzen du, ez zuen eta amore eman eraso horretan. Geroago, Inzura gazteluaren trukean gaur egungo Ameskoazar eskuratu zuen Gaztelako erregeak.

1311ren hasieran, Gaztelako Fernando IV.ak 6.000 marabedi eskatu zizkion Gasteizko udalari, Argantzon eta Zaldiaran gazteluen mantenu-gastuei aurre egiteko. Baina, urte bereko irailean, erregeak arrazoi eman zion Gasteizko udalari, foruaren arabera ez baitzuen haien mantenu-gastuak zer ordaindurik. Joan Nuñez Larari, ordea, erregeak gaztelu bi horien arduradun izendatu zuenari, ez zitzaion hura zuzena iruditu eta indarrez kobratu zuen marabedi horien ordaina. Saiatu zen Gasteizko udala, erregeren aurrean protesta eginez eta, biztanleei kendutakoa berreskuratzen (bi mando, ateak, aiztoak…). Idatziak udal agiritegian daude. Cesar Gonzalezek aztertu zituen (“Sobre la retenencia de los castillos de Arganzon y Zaldiaran”, Principe de Viana, 142-143 zkia, 1976).

XIV. mendearen hasieran, Argantzongo hiribildua eta lur sailak Gaztelako Velasco leinu ospetsuaren eskuetan geratu ziren, 1305ean Fernando IV.ak Sancho Sanchez Velascori eman zizkiolako seguru asko. 1312an, Sancho Ximenez Velascok Argantzongo herriko foruak eta ohiturak gordetzeko zina egin zuen Valladoliden. Haren ondorengo biek berritu egin zuten gero, Doña Sanchak, 1315ean, eta Pedro Fernandez Velascok, 1356an. Hiribildua eta lur sailak ez ezik, gaztelua ere berenganatu zuten Velascotarrek. Noiz, ez dakigu. 1311n behintzat erregeen esku zeuden Zaldiarangoa eta biak.

Joan Velascorekin iritsi zen Velasco leinu gaztelarra mailarik gorenera. Gaztelako Ibar-jaun Nagusi izendatu zuten 1419an. Maiorazkotzari eutsi zion arren, seme-alabentzat beste eskuera txikiago batzuk ere sortu zituen 1414ko testamentuan. Argantzongo maiorazkotza Joan izeneko bati egokitu zitzaion.

1453an, konderri bihurtu zuten Trebiñu eta konde Diego Gomez Manrique, 1366an lurralde hori dohain hartu zuenaren biloba. Argantzongo gaztelua Velascotarrena zen ordurako, eta gaur egun duen egitura ordukoa izan daitekeela uste dute batzuek.

Garibaik aipatutako liburuan (1571n argitaratua) dioenez, Argantzon eta Zaldiaran gazteluek zutik zirauten artean, baina beleen eta miken bizileku ziren orduko. Historialari arrasatearrak nahikoa ondo ezagutzen zituen nonbait, errege bidetik ere ikusten baitziren.

Aztarnak eta egitura

Harkaitz tontor baten gainean dago gaztelua, eta haren egiturari egokituta. Oraindik osorik dagoen atala, dorre nagusia, abiapuntu hartuz gero, ekialdetik mendebalera hedatzen da/zen gaztelua, edo IE-tik HN-ra. Harresi-barruko esparrua 52 metro luze zen, eta 17 metro zabal, alderik zabalenean. Dorre nagusiaren ondoan, aldiz, 9 metro.

Harkaitzaren alderik gorenean dago dorre hori. Harlanduz egindako hormak ditu, 1,8 metro lodi, eta 20 metro gora. Trapezoide egiturako oina du, eta desberdinak ditu lau aldeak, bai zabaleraz eta baita leiho eta bestelako irekidurei dagokienez ere. Iparraldeko hormak 6´5 m ditu oinean, kanpoko aldetik; hegoaldekoak, 6´4 m.; ekialdekoak, 5´9 m., eta mendebalekoak, 7´2 m. Gezi-leiho guziak ekialdeko eta hegoaldeko hormetan ditu. Iparraldeko horma, berriz, itsua du, irekidurarik gabea, alegia. Barruan, garbi ikusten da hiru maila edo solairu izan zituela garai batean, baina gehiago ere izan zitzakeen, dirudienez. XIV. edo XV. mendekoa da.

Argantzongo gaztelua

Gazteluaren barrutia dorre nagusi eta soto batekin. (2000)

Bere garaian iparraldean eta hegoaldean zituen harresietatik ezer gutxi geratu da: iparraldekotik, 14 m inguru luzeko atal bat; eta hegoaldekotik, 5 m inguruko bat.

Aipagarriak dira, bestalde, sotoak ere. Erdi Aroan zenbat ziren eta zer antolakuntza izango zuten ez dakigu, patina edo ur biltegia ziurrenik, baina gaur egun bi soto izan balira bezala ikusten ditugu. Dorretik mendebalera daude, bata, goiko zuloarekin, baina sarrerarik gabe, eta bestea, lehenengoaren jarraian, goian bi zulo dituela, eta sarrerarekin.

Iristeko

Gaztelura joateko, N-I errepideko Argantzon-Gasteiz norabidean eskuinera doan pista bat hartu behar da. Zurbiturako bidegurutzea eta 335 kilometroko zedarria pasa ondoren, 300 bat metrora hasten da pista. Hobe da handik 100 metrora autoa utzi, eta oinez igotzea. Gazteluraino igotzeko 20/25 minutu inguru behar da.

Argantzongo gaztelua