Agramont
FITXA
Udalerria: Burgue-Erreiti
Herrialdea: Nafarroa Behera
Zailtasuna
Aztarnak
Kokapena eta Egitekoak
Aztarnak 111 metroko garaiera duen Erreitiko Mulari izeneko mendixkaren gainean daude, baso baten erdian. Gaztelu hau agramondarren sortetxetzat jotzen da baina Erreitin bazegoen beste gaztelu edo dorre gotortu bat, elizatik hegoaldera 200 bat metrora. Agramondarren gaztelua edo Erreitiko gaztelua gauza bera izango balira bezala aipatzen ditugu, nahiz eta batzuk Erreitiko gaztelua herriaren gaineko kaskoari esan.
Erreitiko gaztelua, agramondarren egoitza nagusia zen harik eta leinukoek Bidaxuneko gaztelua aukeratu zuten arte. Erreitikoak gaztelu pribatu baten egitekoak zituen; hala nola Erdi Aroko jaunen lurraldetasunari eutsi, inguruko biztanleak bere menpean izan, jaunen sorkuntzei eta ondasunei lotua egon (herria, eliza, errota¿), erresumen arteko guduetan erregeen baliabide gisa erabili eta baita jaunak erregeari egindako basailu zinetan tarteko izan ere. Inguruetan behin baino gehiagotan egin zuten talka Nafarroako eta Ingalaterrako erregearen lurraldeek, eta hainbat jaun feudalen arteko gatazkak ere izan ziren.
Erreiti eta Burgue ziren agramondarren boterearen hastapenak. Gero, Biduze edo Ereitia ibaiari atxikirik, lurralde oso bat hartu zuten beren eskuetan, eta Nafarroa Beherako eskualdeen banaketan lurralde historiko gisa hartu behar dira agramondarren lurrak, Arbela, Garazi edo Baigorri bezala.
Sendikoak Bidaxunera joan ziren bizitzera, baina Erreitiko gaztelua leinuaren ikur gisa gorde zuten, eta XVII. eta XVIII. mendeetan, esate baterako, ez zuten berreraikitzeko aukerarik baztertzen.
Sarrera ondoko murrua (ezk.) eta iparraldeko horma zatia bi gezileihorekin. (2001)
Historia
Leinuaren izena Erreitiko gazteluaren kokalekutik dator. Gaztelua mendi zorrotz batean dago lekuturik, eta mendi zorrotzari latinez ematen zaion izena Acris-Montis (castrum Acris-Montis, 1244an) da. Gaskoieraz Acro monte, Aygremont, Aigremont, Agremont, Egremont, edo Egremund aldaerak erabili dira. Ibilian-ibilian Agramont izena Gramont eta Gramon bilakatu da inguruko hizkuntza erromanikoetan.
XIII. eta XVI. mendeen artean Nafarroako agirietan Agramont edo Gramond izenez agertzen den gaztelua Erreitikoa da, nahiz eta agramondarrek beste gaztelu batzuk eraiki edo eskuratu, eta horiek ere gaur egun Agramont izenez ezagutu: Bidaxunekoa, Akamarrekoa, eta Gixunekoa, Euskal Herriari dagokionez.
Batzuentzat XI. mendetik dago leinua Erreitin, 1072 urte inguruan Tartasko eta Akizeko bizkondearen oinordetza gauzatzen denetik hain justu: seme zaharrenari, Arnaud Garziari, Amikuze eta Oztibarre lurraldeak egokitu zitzaizkion, eta seme gazteenari, Bergon Garziari, Agramont, Burgue eta Garruzeko baroierriak. Ezin dira urteetan zehaztasun osoz finkatu oinordetzak eta Agramondar leinuaren sorkuntza, baina historialariak bat datoz garai hartarako Agramont eta Burgue eskualde feudal gisa bazeudela esaterakoan. Horrek aukera ematen du ordurako eraikin berezitu bat egoteko. Feudo gisa Agramonten lehenengo aipamena 1040raino atzeratzen dute batzuk, Burguekoarekin eta Garruzekoarekin batera.
Batzuen aburuz, aipatutako Bergon I.a Garzia horrengandik hasi eta hurrengo lau kate-mailak Garzia Bergon, Bergon II.a Garzia, Bibiano I.a eta Raimond Brun I.a dira. Azken hau 1175ean hil zen Rikardo I.a Lehoi-Bihotzaren aurkako matxinadan. Oinordetza Bibiano II.a semeak hartu zuen.
Erreitiko gaztelu horretan, 1203an egin zion zina Bibiano II.a Agramontek orduko Nafarroako errege Antso VII.a Azkarrari (1194-1234), gaztelua bere zerbitzupean jarriz. Horrekin batera, inguruko 26 zaldunek zina betearazteko ardura hartu zuten. Agramonteko jaunak Nafarroako erregearen bandera jarri behar zuen dorrean. Bost urte geroago, 1208an, erregeak Burundari emandako foruaren eta Guardiako foruaren berrespenaren agirietan Agramonteko jaunaren izenpeak agertzen ziren lekuko gisa zehaztasun hauek emanez: ¿Agramonteko Bibiano, Agramonteko gazteluko tenentea, erregeak hala izendatuta.¿
Bibiano II.aren oinordekoa bere iloba Raimond Brun II.a zen, Bidaxuneko jauna. Oinordetza horrek berriro elkartu zuen leinua 1215etik aurrerako. Honen anaia Arnalt Guillem I.a izan zen hurrengo leinu-burua. Titulua hartu berria zuenean, 1237an, Teobaldo I.ari (1234-1253) basailu zina egin zion: gerra edo bake garaian, Agramonteko jaunak Nafarroako erregearen esku utzi behar zuen gaztelua baldin eta honek hala eskatzen bazion. Eta erregeak egoera berdinean eta lehen zegoen bezain hornitua itzuli behar zion jaunari, gerra bukatzen zenetik 40 egunera, gehienez.
Baina hurrengo hiru hamarkadak bere ia 1.000 urteko historiako garairik zailenetakoak izan ziren leinuarentzat. Arnalt Guillem I.a zen lemazaina ekaitz aldia etorri zenean.
Ingalaterrako eta Nafarroako erresumen arteko gerra osteko bake itunak ekarri zituen 1249ko erreklamazioak Nafarroako Teobaldo I.arekin hasten ziren. Errege honi aurkeztutako lehenengo salaketa agramondarraren jarrerari buruzkoa zen. Hain zuzen ere Antso erregeak Bibiano II.ari Agramonteko gaztelua eman ziola eta gero berak Arnalt Guillemi pasa ondoren, Vascoinnako (Gaskonia) seneskalak Ingalaterraren aldeko leialtasuna leinuburuari diru truk erosi ziola salatzen du erregeak. Gainera, erosketa horren berme gisa haurrak zituela bahiturik Ingalaterran.
Ezin da jakin horrela gertatu zen ala ez, baina 1243an Ingalaterrako Enrike III.ak izendatutako seneskalak Erreitiko gaztelua hesitu zuen agramondarren leialtasunaren bila. Gaztelua hartzerik ez omen zuen izan, baina nolabaiteko leialtasuna lortuko zuen, aipatutako erreklamazioen txostenean nafarrek behin eta berriro salatzen baitituzte Arnalt Guillem Agramont, bere anaia Auger, Agramont deiturako beste bi eta euren zerbitzariak. Jakina, salatutakoen artean daude, lapurretak, bahiketak, harrapaketak, erreskateak¿
Azkenean Nafarroako erregeak berak hesitu zuen Agramont gaztelua 1244an, jasandako erasoei erantzuna eman nahian Nafarroa Beherako iparraldean eta Lapurdin. Egoera estu horretan zeudenean, tregoa bat izenpetu zuten Lizarran, 1244ko azaroaren 23an.
Bestalde, ez dago jakiterik gerraren ondoren zehatz-mehatz zer gertatu zitzaion Agramonteko jaunari, nahiz eta garai hartako kronikak eta agiriak, izan, badiren. Dirudienez, 1248an Simon Monfort Ingalaterrako erregearen ordezkaria ikustera joan eta atxilotu egin zuten. La Reoleko gazteluan egon zen preso eta 1252an askatu zuten, erromesei eta nekazariei lapurretak egingo ez zizkiela aginduta.
Baina ondoren Gaston VII.a Biarnoko bizkondearekin elkartu zen. Bizkonde hau ere atxiloturik egon zen Monfortekin, Ingalaterrako Enrike III.aren aurkako borrokan Akitaniara etorrita. Raimond Brun Agramont ilobaren aurka ere borrokatua izan behar zuen, leinuaren jabetzagatik edo. Arrazoi horietakoren bat, edo bi, tartean zirela, Erreitiko gaztelua hartua eta errea izan zen 1255ean. Gerora, konponketa lan handiak egin ziren, denak ere Ingalaterrako errege bihurtuko zen Eduardo I.ak aginduta.
Beraz, 13 urtetan gutxienez hiru setio eta errekuntza bat jasan behar izan zituen gazteluak. 1266an zorigaiztoen aroa bukatu zen, Arnalt Guillem I.a Agramontek gazteluagatik basailu zina egin baitzion Teobaldo II.ari (1253-1270), eta erregeak, horren truke, errenta batzuk eman zizkion.
Arnalt Guillem I.ari Teobaldo II.arekin 1270ean VIII. Gurutzadara joatea egotzi izan diote, baina, adina ikusirik bere seme Arnalt Guillem II.a izango zen gurutzada hartan Nafarroako erregeari lagundu ziona. Moret-ek pluralean aipatzen zituen: ¿Agramonteko jaunak, beren aldeko ziren euskaldunekin.¿ Arnalt Guillem I.a jaunaren ondorengo Agramonteko jaunek ¿handiki¿ (¿ricohombre¿) titulua izan zuten Nafarroako erresuman. Beste genealogia batzuen arabera, 1262tik aurrera beste Arnalt Guillem batek hartu zuen leinuaren gidaritza eta bera zen 1266an basailu zina egin zuena.
1274ko azaroaren 12an Eduardo I.a erregeak, Northampton-dik, orduko Gaskoniako seneskalari, Luc Thany, Lorda eta Agramonteko gazteluak hartzeko agindu zion. Ahalegin hartan egindako gastuak ordainduak izan zitzaizkion, baina ez dirudi helburuak bete zituenik.
Arnalt Guillem II.a, III.a beste genealogi batzuen arabera, Hego Euskal Herrian ibili zen eta Gazteluberri herriko gazteluko eta Irulegi gazteluko gazteluzaina izendatu zuten 1280an.
1290ean, berriz, Raimond Brun III.a bihurtu zen agramondarren leinu-buru, eta 1312. urte arte iraun zuen karguan. Bere seme Arnalt Guillem III.a, edo IV.a, leinuburu zela (1312-1360), aldatu ziren agramondarrak Erreititik Bidaxunera. 1328an, Aturri ibaiaren inguruan estutu egin ziren Baionaren eta Bidaxuneren arteko harremanak, eta handik urte batera, 1329an, Agramonteko jaunak Bidaxuneko gazteluagatik leialtasun zina egin zion Felipe III.ari (1328-1343).
Nafarroa Beherean XIV. mendean piztutako leinuen arteko borroketan, agramondarrak ziren alde bateko buruak eta Lukuzekoak, berriz, bestekoak. Lukuzekoek, beaumondarren izena hartu zuten Nafarroa Garaian. 1342an, Donibane Garaziko gazteluburuak eta sasi ibar-jaunak, Martin Enriquez Lakarrak, leinuen arteko gerra geldiarazteko ahaleginetan Agramont eta Lukuzeko gazteluak hartu zituen. Ondorioz, 1345eko maiatzean Joana II.a erreginak (1329-1349) gaztelu horien soldatak Lakarrakoari ordaintzeko agindua eman zuen.
Dena dela, Nafarroako erregeak jaun horien laguntza behar izaten zuen zenbaitetan. Hori zela medio, basailu zina erabiliz, 1366ko urtarrilean Nafarroako erregeak Agramonteko jaun Arnalt Raimond I.ari, eta hainbat jaunen artean baita Lukuzekoari ere, gerrariak prestatzeko agindu zien. Guztien artean osatutako Konpainia Handiak erresuma zeharkatu behar zuen Gaztelara bidean.
Nahiz eta Bidaxunen bizi, Nafarroako erregeei egindako leialtasun zin guztietan, agramondarrek Erreitiko gaztelua aipatzen zuten. Eta gaztelua erregearen zerbitzupean zegoela aitortzen zuten Arnalt Raimond II.a Agramont-ek (1385ean), Joan Agramont-ek (1429an) eta Frantzisko Agramont-ek (1434an). Agramondarrek sorlekuarekiko zuten atxikimendu horren lekuko da Frantzisko Agramont-en 1462ko testamentua. Ordenu hori, antza denez bera bizi zen Erreitiko gazteluan izenpetu zuen, eta beste oharren artean, bera Burgueko elizan lurperatua izan zedila nahi zuen: ¿...bere arbaso guztiak bezala.¿
Gaztelu hori bera gaztelarren esku agertzen da 1515. urte inguruko txosten batean; Relación de los pueblos cercados e fortalezas que ay en el Reyno de Navarra izeneko txostenean.
Jabeen egoitza izaera eta egiteko militarrak galdurik, Erlijio gerren ondoren, eraikina mailatzen hasi zen. 1671ko agiri batean gaztelua bizitzeko desegokia zela aitortzen zen. Agiri horren bidez, Armand Gramondek, leinuaren oinordekoak, betiko 24 olo conque urtekoren truke, Erreitiko herritarrei eman egiten zien gazteluko muinoa. Muinoa bai, gazteluko eremua ez. Eta eremuekin batera, Burgueko errota eta nasa konpontzeko basoko egurra hartzeko eskubidea gorde zuen. Baita berarentzat eta bere ondorengoentzat gaztelua berreraikitzeko eskubidea ere.
Roussel-ek 1730ean eginiko Pirinioetako planoan, oina marraztu eta ¿Gramonteko gaztelua, hondatuta¿ idatzi zuen.
1791n, Frantziako Iraultzarekin, Agramonteko jaunak Erreitin zituen ondasun nazional izendatu lurrak enkantean jarri zituzten. Horietako bat 1671n herritarrei eman ez zitzaien gazteluaren eremua zen. Napoleonen garaiko katastroan orduan gertatutako jabetzaren bereizketa argi ikusten zen: 172 zenbakiko lur-sail biribila, 41 areakoa (4.100 metro koadro) gazteluari zegokion; eta horren inguruan zegoen 173 zenbakiko lur-saila, 15 hektareakoa, 54 areakoa eta 38 zentiareakoa (155.000 metro koadro), muinoaren magalei zegokien.
Gerora, gaztelua harrobi gisa erabili zuten. 1964an M. Lamarque, orduko auzapeza, zen jabea, eta gaztetan harriak eraman zituela aitortu zien gaztelua ikertzera joan zirenei.
Hego-mendebaldeko dorre biribila, inguruko zulo edo erretenetik begiraturik. (2001)
Aztarnak
XIII. mendeko aipamen bat dugu (Mathieu-Paris, 1259an hila): ¿Mendi ia helezin batean eraikia, haitzez inguratua. Dorreei haitzek eusten zieten, eta gazteluak inguruko bailaratxo guztiak zituen ikusmenean.¿
Jabeek alde egin zutenez, XIV. mendekoa baino lehenagokoa den gaztelu garrantzitsu baten egitura iritsi zaigu inongo eraldaketarik gabe. Egitura orokorra, honakoa da: lubanarro sakon bat, eta erdian, gizakiak eginiko kasko bat, gazteluaren kokalekua dena. Lubanarroa, kaskoaren nolabaiteko perimetroa, 250 bat metro luze da. Kaskoaren garaiera lubanarrotik gora 10 eta 15 metro artean luzatzen da, lubanarroa ez baita laua.
Massie koronel frantsesak aztarnen plano bat argitaratu zuen (Pyrénées, 66 zkia. 1966), azterketa batekin batera. Plano haren arabera, gazteluaren barrutiak hexagono irregular baten itxura luke (gehienez 45 x 30 metro). Eta hexagono horren mendebaldeko aldean, lauki bat legoke, sarreratik gertu. Inguruko harresiaz gain, Massie koronelak barrutiko eraikin batzuk ere marraztu zituen. Lubanarroa eta eraikinen multzoa, mendiaren norabideari segituz, ipar-mendebaldetik hego-ekialdera hedatuko litzateke.
Gaur egun, aztarnak planoan jasotakoak baino apur bat apalagoak dira. Iparraldeko muturrean sarrera ezagutu daiteke. Zati horretan aipagarriak dira, murruek duten lodiera, leihoa eta ipar-mendebaldeko horma. Horma honetan su armentzat pentsaturiko bi gezi-leiho ere badira. Atariak puntu erdikoa behar zuen, eta inguruko harresiari zegozkion hormatal batzuk ere ikus daitezke. Hego-mendebaldeko eta hego-ekialdeko izkina ere ikusten diren bezala. Nabarmentzekoak dira bestalde barrutiaren itxiera horretan dauden hegoaldeko oin biribileko dorrea eta bere karedun harlandua.
Gazteluaren barrualdea 1.200 metro koadro ingurukoa da, eta murru batzuk agerian ditu. Horietariko zenbait lodiak eta garaiera handikoak dira, eta gaztelu barrena zatituz hainbat gela osatzen dituzte. Hego-mendebaldeko harresiari jositako esparru luzea (25 x 5 metro) zalditegia izan zitekeela adierazten zuen Massiek. Zalditegia izateko kasuan hogei bat zaldi sartuko ziren bertan. Eremuaren erdian, egun ehizarako erabiltzen den postu bat, eta beste bi gela daude. Garai bateko gazteluko kapera ere hor nonbait egongo zen.
Gazteluaren muinoa hegoaldera luzatzen da, eta gora egiten duenean eremu lau batera iristen da. Dirudienez, muinoaren tontorrean gaztelua zegoen lehenago, eta hegoaldeko lautadan, gazteluaren zerbitzuetarako herrixka bat. Beharbada, XIII. mendean sortu baino lehenagoko Erreiti herria.
Bestalde, lur azpiko galeria batek lotuko zituen Erreitiko eliza eta gaztelua.
Goian, arretaz ibili behar da adierazitako bidezidorretatik atera nahi ez bada, eta usategiko sokak zapaldu nahi ez badira. Dena dela, nahiz eta ibilaldirako bidexka gero eta egokituago egon, ehizarako behar ez dena basoz estalita dago, bidezidorrik gabe.
A. de Leveray-k 1964 eta 1965 urteen artean marraztutako planoaren xehetasuna. (J.-F.Massie, ¿Le château de Gramont à Viellenave-sur-Bidouze¿. Pyrénées, 66. zkia (1966))
Iristeko
Erreiti eta Arruta herrien arteko errepideak (D-310) iparraldetik inguratzen du muino isolatu bat den gazteluaren kokalekua. Kokaleku hori gutxi gora behera Erreiti herritik 2 kilometro eta erdira dago. Autoak uzteko toki zabal bat dago muinoaren iparraldean, behealdean.
Aparkalekutik abiaturik, bi bidek inguratzen dute mendia. Ezkerreko bidetik igoz, 10 bat minututan zeharkatzen da gazteluko lubanarroa.