Itzuli orri osora

Agilar

FITXA

Udalerria: Bardea

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Agilar edo Cabezo del Agilar deritzaten mendian zen gaztelua. Antso Abarka santutegiaren parean da mendia, eta haren altura bertsua du: 610 metro. Nafarroaren eta Aragoiren arteko mugak eta bi mendien artean den sakanak banatzen ditu. Agilarko gainetik Ebro aldeko zelaiak eta Moncayo mendia ikusten dira hegoaldera begiratuta; El Fraile edo Cabezo del Fraile mendia, hego-mendebaldera. Mendi horretan dira Antso Abarka gazteluaren hondakinak. Eta Aragoiko ordokia, ekialdera begiratuta.

Aragoi alderako muga zaintzea zen Agilarko gazteluaren egitekoetako bat; Valdenovillasko sakana edo errege-abelbidea kontrolatzea, bestea, sakan horretan barrena igarotzen baitziren Erronkari aldetik zetozen edo harantz zihoazen abere taldeak. Bai mendebaldera eta bai hegoaldera, bide luzean ikusten da abelbide hori.

Agilar

Mendiaren goialde osoa, goitik (ekialdetik). Atzerago, Erronkaritarren Abelbidea doa. (2002)

Historia

Gaztelua zein urtetan eraiki zuten ez dakigu, baina bai 1230a baino lehenago eraiki zutela, ¿...Bardean eraikiarazi zenuena: Agilar, hau da, Antso Abarkaren gaztelua, Fozeko gaztelua, Estakako gaztelua, jakinik¿¿ baitio, besteak beste, Aragoiko Fernando infanteak Antso Azkarrari (1194-1234) 1230 inguruan idatzitako gutun batek. Pasarte horrek dioenez Antso Azkarrak eraikiarazi zituen gaztelu horiek, eta 1220 inguruan, seguru asko. Agilarko gazteluaz dioen horretatik beste ondorio bat ere atera dute batzuek: ez ote zioten, garai batean behintzat, Agilarko gazteluari esaten Antso Abarka, eta geroago, El Fraile mendikoari?

Dena dela, Nafarroako administrazioko agirietan behintzat ez da Agilar izeneko gaztelurik agertzen XIII.etik-XVI.era bitarteko mendeetan, eta gutxiago, esan badaiteke, Agilarko gazteluzainen izenik edo han konponketaren bat edo berrikuntzaren bat egin zutenik. Gorago aipatu den hipotesia indartzera letorke hori guztia, eta are gehiago Antso Abarka behin eta berriz agertzen delarik, izan ere Antso Abarka izeneko gazteluan egiten zuten inguruetako belardien, ikatz- eta egur-salmentaren kudeaketa. Agilar izen, berriz, behin bakarrik agertzen da, mende horietan guztietan; 1227ko abuztuan. Agiri horrek dioenez Valtierran lur sail bat erosi zuen Antso Azkarra erregeak, eta hori ziurtatzeko egin zuten agirian ¿Martinum Sobrino, alcayt de Aguilar¿ sinaduraz izenpetu zuen Agilarko gazteluzainak.

Izenak izen, Agilarko gainean gaztelua bazela gauza ziurra da behintzat, eta hala adierazten du 1515eko dokumentu honek ere:

¿Badakigu, halaber, Bardean gazteluak zituela erregeak, eta gazteluzainak ere bai, Bardeak zaindu eta babesteko, bai Aragoiko erreinutik, bai Nafarroako erreinutik, biak ere muga egiten zuten erreinuak; gaztelu hauek daude: Antso Abarka, Agilar, Peñarredonda, Estaka, Peñaflor eta Mirapeix, baina egun gazteluzainik gabe daude, eta Bardea biztanlerik eta zaindaririk gabe; Taust, Ejea eta Sadava ditu mugan, Aragoiko erreinuko lurrak, eta auzo erreinuko beste leku batzuk ere bai...¿

Gazteluen izenak, gazteluzainek egitekoak, geografia, soziologia, demografia, politika¿ lerro gutxitan informazio asko da hor, baina Agilarko gazteluaren aipamenak du honako garrantzirik handiena. Antso Abarkaren ondoan dator beste behin ere; baina testuak argi adierazten du bi gaztelu zirela; eta beste gauza bat ere bai, Antso Abarka izena Agilarko menditik El Fraile mendira aldatu zen arren, ez zutela Agilarkoa bazterrera utzi.

Zurita historialari zaragozarrak (1512-1580) bere ¿Aragoiko koroaren urte-liburuak¿ idazkietan (1562tik 1580ra bitartean idatziak) dioenez 1512an suntsitu zuten Antso Abarka gaztelua. Urte hartan desegindako gazteluen eta hiri-harresien artean ¿Agilar herriko dorreak¿ aipatzen du Zuritak, Kodeskoa alegia, baina Bardeakoari buruz ez dio ezer.

Agilarko gaztelua hiru bider bakarrik agertzen da, beraz, horrela aipaturik: 1227an, 1230 inguruan eta 1515ean. Aipamenak gogoan izanik, nahikoa zen gero zein mendiri zeritzaten Agilar jakitea, gazteluaren aztarnak topatzeko.

Lau azterketa saio egin zituzten (1988an, aurrenekoa eta 1991n, azkenekoa) Agilarko edo Cabezo del Aguilar mendian, Jesus Sesmaren zuzendaritzapean, eta oso leku zabala den arren, nahikoa aztertu zuten nonbait, jendeak noiztik erabili izan zuen jabetzeko: Brontze Aro osoko eta Berant Erdi Aroko hondakinak aurkitu zituzten. ¿¿Ebro ibarreko sekuentzia estratigrafiko osoenetako bat aurkitu da, kultur material ugarirekin, eta C14 erabiliz, noizkoa den jakin ahal izan da¿, dio Jesus Sesmak, Brontze Aroaz. ¿Brontze Aro bete-betean (K. A XVI. mendea), egongela finkoak bazeudela ikusi da.¿

40.626 zeramika puska bildu zituzten, lur-azalean, eta tresna bihurtutako beste 349 harri eta hezur puska, landuak¿. C14-aren analisiek diotenez orain dela 3.600 urte jendea bizitzen jarria zegoen Agilargo gainean, eta 300 urtez bizi izan zen. Gero utzi egin zuten, baina 2.500 urte geroago ere bizi izan zen berriro, Berant Erdi Aroan edo gazteluaren garaian, alegia.

Zeramika puskez aparte, 12 lantza mutur ere aurkitu zituzten iparraldeko harresian, norbaitek ezkutatuta edo gordeta utziak.

Dena dela, Jesus Sesmarentzat eta harekin aritu zirenentzat Brontze Aroak zuen lehentasuna, eta Fraile mendira aldatzean Agilarkoa erabat utzi zuten edo ez, argitu gabe geratu da. Aurkitu zituzten aztarnetarik oraingoenak Berant Erdi Arokoak zirela, dio azterketak bukatu ondoren egin zuten txostenak, eta ez zutela, esan izan den bezala, Agilarko gaina utzi behar izateko zantzurik aurkitu, ez erreketarenik, ez bestelako gertaera larrirenik.

Agilar

Iparraldeko harresiaren aztarnak, eta dorre nagusiak eginiko tontorra. (1998)

Egitura eta aztarnak

Erdi Aroari dagokionez, Euskal Herriko gaztelu esparrurik handienetakoa zen Agilarkoa, 260 metro luze baitzen ekialdeko muturretik mendebaldeko muturrera, eta 80 metro zabal. Gainak berak duen egitura zuen esparruak, oboidea edo arrautza itxurakoa, gutxi gorabehera.

Kanpoko harresia non zen igarri daiteke oraindik, nahiko harri-ilara luzeak baitaude leku batzuetan, baina horma esateko modukorik ez. Landugabeko harriz egina zen nonbait. Leku batzuetan buztinez hartuta daude harriak. Erriberako beste hainbat gaztelutan bezala, pesuz eta tapialez osatuak zituen gainera puska batzuk, baina horien aztarnarik ez da geratu noski. Gutxienez bi harresi lerro zituen gazteluak, iparraldeko maldan diren aztarnek adierazten dutenez. Zenbait terraza edo zabaltza ere bada alde horretan, eta pareta txikiak, lurrari eusteko eginak.

Ipar-ekialdean du mendiak maldarik etzanena, eta handik, berebat, beste gainetarako biderik erosoena. Sarrera ere alde horretan izango zuen, seguru asko, eta igarri zaio beste aldeak baino hobeto gotortu zutela. Bere garaian defentsarako dorre edo harresi izandako eraikuntza baten bi horma hondakin geratu dira. Hegoaldean eta mendebaldean, berriz, ez zuen harresi beharrik, oso malkartsuak baititu alde horiek. Hegoalde ikusgarria du, Antso Abarka santutegitik begiraturik.

Gazteluko esparruaren erdian zen dorre nagusia. Gaur egun erabat desegina dago, eta harri-tontor bat besterik ez da, esateko. Harri-tontorraren itxurak eta erdian den zuloak oinplano biribila zuela adierazten dute; eta gaztelurik antzinakoenetan dira eraikuntza biribilak.

Gaina aztertzen aritu zirenean egindako zuloak daude dorre nagusia zeneko lekutik mendebaldera. Zulo horietako batean ikusten da zenbaterainoko garrantzia duen aztarnategiak, hiru metrotaraino zulatu behar izan baitzen mendia azpieneko hondakinak ateratzeko. Iparraldeko harresiaren oinarriak ere azaldu ziren, bestalde.

Mendia behera zulatuz egindako sakonune bat da mendebaldeko muturrean, eta eraikuntzaren baten aztarnak ere badira inguruan. Zelatarako dorrea zela diote batzuek, leku ezin egokiagoa baita horretarako. Ur biltegi baten azpia litzateke beste batzuen arabera.

Agilar

Indusketaren aztarnak: gazteluko iparraldeko harresiaren oinarriak, eta azpian, Brontze Aroko ia bi metroko geruza arkeologikoa (K.a. XVII-XIV. mendeen artekoa). (1998)

Iristeko

Agilar mendia nola bereizi gainerakoetatik? Harri-tontor bat du gainean, dorre nagusiko hondakinek eratua. Bardeako Parke Naturalaren barnean da, eta Caidas de la Negra Erreserba Naturaletik hurbil. Horregatik ezin da mendiaren malda barreneraino autoz joan. Bi aukera daude autoz hurbildu nahi izanez gero:

- Hegoaldetik joateko Tutera-Tauste errepidea hartu behar da (NA-126). Gero, Barranco de Valdenovillas-en barne, errege abelbideari gertutik jarraitu motordun ibilgailuz ibiltzea debekaturik dagoela dioen kartela aurkitu arte.

- Iparraldetik joateko, berriz, gazteleraz Bardenas Negras deritzatena inguratzen duen bidea hartu behar da. Gero, Antso Abarka santutegirako bidea ezkerretara utzi behar da, eta ¿Casas de Fadrique¿ etxe taldetik aurrera erreserbako mugaraino joan daiteke.

Agilar