Ablitasko gaztelua
Kokapena eta Egitekoak
Mendi koskor baten maldan daude herria eta gaztelua; herriaren goreneko mutur batean, gaztelua bera, tontorrak babesten duela. Ikuspegi ederra du gazteluak. Ebro ibaiaren bide kontran Aragoi aldetik datozen bideak eta Nafarroako hainbat herri ikusten da mendebaldera; Tutera bera eta Tutera ingurua, iparraldera begiratuta; Murchante eta Cascante, ipar-mendebaldera begiratuta. Pedriz eta Urzante ere ikusiko lirateke, hustu ondoren pixkana-pixkana desegin ez balira; baita Lor ere, bere izeneko aintzira ikusten den bezala.
Lehen bizileku izandako zulo asko da gazteluaren inguruan. Talaia eta herriaren babesle izatea ziren gazteluaren egitekoak. Ablitas jaurgo eta gaztelua jaunen egoitza bilakatu ziren gero. Epai-audientzia eta espetxea ere bazituen bere garaian. 1647. urtera arte izan ziren ziegak, Ablitasko jaunak jauregi berria eraiki zuen arte.
Gazteluaren aztarnak, ezkerretan, eta herria, goitik begiraturik. (2002)
Historia
Erdi Aroa bitartean zer esan handia izan zuten gazteluaren eta herriaren historiek elkarrentzat.
Alfontso I.a Borrokalariak (1104-1134) kendu zizkien musulmanei Ablitas eta inguruetako beste herriak eta etxadiak. Errege horrek Tutera hartu zuenez geroztik (1119an, seguru asko) hasi zen Ablitas dokumentuetan agertzen, hari emandako foruak eskualde osorako balio baitzuen.
Musulmanek herriak nola antolatzen zituzten jakinda, izango zen Ablitasen ere dorreren bat edo gazteluren bat ordurako, eta gaurkoaren leku berean gainera, ziurrenik, ezin leku egokiagoa baita gaztelu baten eginkizunetarako.
Alfontso I.aren erregearen ondoren bereizi egin ziren Iruñeako eta Aragoiko Erresumak. 1137an, Aragoiko gudarosteak Ablitastik bidaltzera joan behar izan zuen Gartzea IV.a Ramirez (1134-1150) Nafarroako erregeak, herria hartu eta bertan geratuak baitziren haiek. Errege horri eta bere gudarosteei esker gaur egun Nafarroakoa da Ablitas, ordukoan geratu baita muga eskualde horretan.
Ablitasek eta Ablitasko gazteluak jabe bat baino gehiago izan ditu historian zehar. Eskurtu ondoren, urte berean, Gartzea IV.ak, Azagrako Gonzalori eman zizkion, baina 1158an erregeri itzuli zizkion Maria Morieta Gonzaloren alargunak. Azagrako Gonzalo horrek bazuen Monteagudon ere eginkizunen bat, Ablitasen ez ezik han ere ibilia baitzen, 1157ko agiri batek dioenez: ¿In Obblitas et in Monte Acuto.¿
1167an, Ablitasko etxe batzuk utzi behar izan zituzten bahituran, urte bereko apirilean egindako agiri batean agertzen denez, eta Ablitasko Gillen izeneko batek sinatu zuen agiria: ¿Guillem Alcait de Ablitas.¿ 1190ean, Gaztelaren aurkako itun bat izenpetu zuten Antso Jakitunak eta Aragoiko Alfontso II.ak, eta itunean agindu ziona betetzen ez bazuen bost gaztelu eman behar omen zizkion errege nafarrak Alfontso II.ari. Bost horien artean zen Ablitaskoa ere.
1276ko azaroan, Joana I.a erregina zela (1274-1305), Martin Ruiz Aibar Tuterako ibar-jaunak leialtasun zina egin zion bere ordezkari zen Imberto Belpuch Frantziako kondestableari, dozena erdi bat gaztelurengatik; Ablitaskoa zen sei horietako bat. 1294an, Ablitasko, Lizarrako eta Iruritako gazteluzainek zuten soldata arrunt hoberena: 200 libera urtean.
XIII. eta XIV. mendeetan gazteluan egindako konponketa batzuen kontuak ere azaltzen dira agirietan. 1280ko data du agiri horietan zaharrenak. Harresiaren atal bat erorita zegoen, dirudienez, eta konpondu egin nahi izan zuten. Urteko kontuak egiteko garai iritsi zenean, artean amaitu gabe zeuden konponketa lanak eta ez zekien ibar-jaunak edo ibar-jaunak zenbat kostatuko ziren konponketak. Ponz de don Açach zen orduko gazteluzaina.
1361ean, Karlos II.ak (1349-1387) Martin Enriquez Lakarra Lakarrako jaunari eman zion Ablitasko jaurgoa, herria eta gaztelua, eta Lakarrako jauna hil zenean (1368), Karlos II.ak berak hartu zituen, Rodrigo Uriz-i uzteko. Urte berean, 2 mota ezberdinetako 12 balezta eman zizkioten gazteluzain horri.
1389tik aurrera, berriz ere Lakarra leinukoen eskuen zegoen Ablitasko jaurkoa, erria eta gaztelua alegia, Karlos III.ak (1387-1425) hala erabakita. Errege berak, zituenaz gainera beste eskubide batzuk eman zizkion Martin Enriquez Lakarra izeneko bati, 1405ean, eta 1390ean, cuarteles izenez ezagutzen zen zerga barkatu zion Martin Jimenez Agorreta gazteluzain ohiari, adinekoa izateaz aparte oso justu bizi zela ikusita.
1513ko irailean, Nafarroa konkistatu eta urtebetera, gaztelua suntsitu zuten gaztelarrek, baina etxebizitzak behintzat zutik uztea lortu zuten orduko jabeek. Joan Enriquez Lakarra zen Ablitasko jauna, eta Peraltako Isabel, Peralta leinukoa zuen emaztea; Agramondarren buruzagi edo haien familiarteko ziren biak. Oso emakume kementsua zen nonbait, eta lehenean jarraitu zuen alargunduta gero ere; haren gazteluan bildu izan ziren gaztelarrei aurre egin nahi zietenak. Puska berriak erantsiz gotortu egin zuen gainera gaztelua, eta sarrera nagusiko ate gainera aldatu zuen familiako armarria. Baina, Fernando erregeak ere gogoan izan zuen haren jarrera, etsai askori barkatu baitzion bere kontra borrokatu izana, eta barkamen hartatik kanpora geratu baitzen bera. Gaztelua ere kendu egin zion azkenean, eta Joan Agirre jarri zuten gazteluzain. Gaztelua bereganatzen ahalegindu behar izan zuen gero, baina ez horretan bakarrik, epailearen aurrean baitzen Tuterako kabildoaren eta Ablitasko bikarioaren aurka ere epaile, bidalitako musulmanen ondasunak izaten nori zegozkion erabakitzeko auzian.
1521. urtean, 1512an galdua berreskuratzen saiatu ziren Nafarroako erregearen aldekoak, eta haien artean zen Antonio Enriquez Lakarra orduko Ablitasko jauna ere Asparrot jeneralaren ondoan, intendentzia lanetan, batzuetan, eta bere gerrariekin borrokan, borrokatu behar zenean. Gazteluaz ere baliatu izan ziren, bestalde. Batzuek diotenez, Ablitasen pasatu zituen Asparrot jeneralak egun batzuk. Gerra bukatzean, ordea, irabazleek defentsako alde guziak suntsitu zizkioten gazteluari. Eta urte batzuetan burua altxatzen uzten ez ziotela egon behar izan zuen. 1524an, Karlos enperadoreak barkatu zion han izan zuen jarrera, eta familiako armarrian Nafarroakoa sartzeko baimena eman zion 1525ean.
Dena dela, gazteluan jarraitu zuen familiak, hala adierazten dute behintzat 1547an Antonio Enriquez-ek ondoko bizilagunekin izan zituen istiluek. Etxe edo gaztelu konponketako hondakinak (¿300 cargas¿, 300 gurdikada pasa, 42 metro kubiko) haien inguruan bota zituen nonbait, eta hartatik sortu omen zen auzia. 300 liberako isuna eta gastuak ordaindu behar izan zituen gero.
Baina hasiak ziren egoera berrira moldatzen, eta bizimodu berrira egokitzen ere bai, bide batez: gaztelua erosoago bizi ahal izateko erara jartzen etab. Besteak beste, dorre nagusiaren ingurua berdindu zuten 1565ean. Gero, Felipe Enriquez Lakarra Ablitasko orduko jauna Nafarroako Mariskal egin zuten 1581ean.
Guretzat interesgarriak dira XVI. eta XVII. mendeetan egin zituzten berrikuntzak eta aldaketak, garai horretakoak baitira gaur egun ikus ditzakegun aztarnak. 1620an egin zuten indusketan, adibidez, lur azpian ikusten den sotoa egin zuten, adreiluzko bost arku dituena. Garai hartan berritu omen zituzten inguruan ziren beste eraikuntzetako teilatuak ere. Baina eraikuntza horiei eta 1626an egin zituzten gela berriei eta almenei dagokienez, jakinda konformatu beharko dugu, ez da-eta haien aztarnarik.
Lan handiak egin zituzten 1642an; dorre nagusiari goiko partea kendu zioten, hasteko; erdian harrizko zutabe bat eraiki zuten gero, eta goian ibil leku bat erantsi zioten kanpoko aldetik. Inguruko hesian zortzi dorretxo ere eraiki zituzten, bestalde. Gaspar Enriquez Lakarra Nafarroa, Ablitasko jaun zela, egin zituzten lan horiek guztiak. Eta gaur egun Foru Plazan dagoen jauregia eraikitzeari ekin zion 1645ean, Ablitasek epaitegia eta espetxea ere izan zitzan.
1652an, Felipe IV.ak konde titulua eman zion Ablitasko jaunari, eta XIX. mendera arte iraun zuen Konderri gisa, baina 1767an Montijoko kondeak hartu zuen Ablitasko konde titulua ere.
Espainiako Ondorengotza-gerran (1701-1714) suntsitu zuten gaztelua, Ablitasko biztanleak eta gerrariak artxiduke erregaiaren kontra borrokatu zirelako. Ibili zen Montijoko eta Ablitasko kondesa, herriko bi igeltsero hartuta, berriz ere hura bizitzeko moduan jarri nahian (1793), baina zegoen bezala geratu zen azkenean.
Eliza eta gaztelua musulmanen lanak direla uste dute herrian, eta gazteluko sotoetan bizi izan zirela urte askoan. Eta, lurpeko galerietatik jaisten omen zituzten zaldiak edan tokira. Presoei eta altxorrei buruzko beste hainbat kontaera ere badira Ablitasen.
Dorre nagusiaren barrualde ikusgarria, tunel-sarreratik begiraturik. (2000)
Egitura eta aztarnak
Lehen lubanarroa zen lekuan daude gaztelurako kalea, aparkalekua eta eraikuntza batzuk ere. 1970eko hamarkadan eginak dira horiek. Gaztelua herritik kanpora dago oraindik, argazkietako batean ikus daitekeenez. Herrian Goiko Leizeak deritzatenak daude gazteluaren mendebaldean eta Beheko Leizeak, ekialdean. Zulo horiek bizileku, biltegi eta ukuilu edo eskorta izan ziren garai batean.
Gaztelua eta ingurua menditik bereizteko egin zuten lubanarroa edo ¿tayllada¿; horrela agertzen baita dokumentu zahar batean. Agiri horrek dioenez, 1356an harresi moduko bat egin zuten lubakiaren goiko aldean. Beharbada haren hondakina da hegoaldean ikusten den horma.
Bere garaian gaztelu izandakotik bi aztarna nagusi geratu dira, baina nahiko ikusgarriak biak: dorre nagusia eta lurpeko galeria multzoa.
Lubanarroaren gainean dago dorre nagusia ere. Oraindik ere nabari da dorre sendoa zela, baina hormak bistara zituen harri landu gehienak lurrean edo beste lekuren batean dira gaur egun. Oinplano biribilekoa da, eta sarrera luzea du, harkaitza landuz egina gehiena. Sarreraren barruko aldera iristean ikusten da nolako egitura zuen dorreak, eta kanpoan ez bezala hormaren estalia harlanduz egina zela ere. Zutabe biribil bat du erdian, harrizko blokez egina. Sarreraz aparte beste bi argi-zulo edo irekidura ditu dorreak. Oso aldatua du goiko aldea, baina oraindik ere nabari da inguruan zuen ibilbidea. Egurrezko eremu gotortu bat ere bazuen kukulan lehenago, bestalde, zelatariak eta gerrariak babesteko, 1362an egina.
Harkaitzaren gainean ziren eraikuntzetatik dorre nagusia bakarrik geratu da zutik. Ez da gainerakoan, ez gazteluaren inguruan zen hormaren ez bestelako eraikuntzen aztarnarik geratu. 1337an etxe bakarra omen zen lur gainean, eta orduko erortzear zegoen gainera. Labeak eraikuntza berezia zuen, beste gaztelu askotan bezala, eta harlauzaz estalia bera.
Gaur egun ez da harresirik eta izan zen aztarnarik ere, baina Erdi Aroko agirietan maiz agertzen da gazteluko harresiak konpondu zituztela. Harresiak bazituen beraz. Zelatarien beste dorre bat eta arkulariak babesteko tokiak ere baziren lehen, dirudienez. Zurez karez eta igeltsuz estalirik zeuden horiek. Dokumentu batean agertzen denez herriaren goiko aldean atetik gertu zenari esaten zioten harresi nagusia.
Ikustekoak dira lurpeko aztarnak ere. Harkaitza landuz egindako patio bat eta zenbait galeria eta areto dira lurpean. Sarrera iparraldean du patioak, berezia eta harkaitza zulatuz egina. Galduak ditu gainean zituen zur-egitura eta estalia, baina ez, harkaitzean egindako bi eskailerak. Biribilean egina da horietako bat.
Patina edo ur biltegi bat ere bada patioaren izkina batean. Harkaitza horma aldera zulatuz egina denez, ahoa bakarrik ikusten da, baina non edo nondik ura sartzen edo sortzen da oraindik. Agiriek diotenez, ur biltegi bat egin zuten 1358an, harria zulatuz, hura ere, baina ez dirudi bera denik, habez, igeltsuz eta karez estalia baitzen hura. 1372an, garbitu eta 1¿8 metro inguru beherago zulatu omen zuten, ¿...III beserdi eta erdi arte.¿
Galeria estu luze bat ere bada patio horretatik kanpora, garai batean poterna edo ate ezkutu izana, agian. Patioan hasten da galeria nagusia ere; harkaitza landuz egina, lurpeko beste zuloak bezala, baina gangaduna, eta gainari eusteko adreiluzko 5 arku dituena. 23 metroko luzera eta 5¿20 metroko zabalera ditu, eta gainean duen zulo batetik sartzen da sartzen den argi apurra. 1620an, galeria hori eraikitzen aritu ziren, eta leku segurura jaso zuten horretarako egindako planoa.
Galeria horren hasieran gela ikusgarri bat eskuinaldean, baina ez dakigu zertarako erabiltzen zuten. Biribila eta kupuladuna da. 6 metroko diametroa du, eta 2¿25 metroko altura, lurretik kupula hasten den pareraino. Landutako harriz egina dago, eta 5 harri ilara ditu kupularaino. Oraindik ere nabari da gune batzuetan zeramika esmaltatuz estaliak zeudela harriak. Zoruan axuleiua zuen, eta kupulan adreilua.
Harrobi bikaina izan zen/da gaztelua eraikuntzarik edo etxe-konponketarik egin nahi zuenarentzat. Esaten dutenez gazteluko harriak erabili zituzten XVII. mendearen hasieran, lehengo udaletxe egiteko.
Gazteluaren sotoen hasierako ikuspegi orokorra, goitik begiraturik. (1997)
Iristeko
Cascante aldetik edo Tutera aldetik iritsiz gero Tutera hiribidea hartu behar da; kaputxinoen kalea eta Gaztelurako Igoera, gero. Lauzpabost auto uzteko adina leku dago gazteluaren ondoan.