Itzuli orri osora

Senpereko gaztelua

FITXA

Udalerria: Senpere

Herrialdea: Lapurdi

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Lapurdiko gaztelurik ezagunenetakoa da, Senepereko jaunak edo gazteluak eragin handia izan baitzuen Lapurdiko gertaera historikoetan, gertaera askotan behintzat; eta XII. mendetik XVII. mendera arte izan zen jaurgoa edo leinu etxea Senperen. Gaztelu pribatua izan zen beti, pribatua eta aldian aldiko jabearen egoitza.

Dagoen lekuan kokatua egoteak eta jabeen jokaera politikoek arazo asko ekarri izan zizkien, jabeei berei eta gazteluari. Lapurdiko erdialdean eta Nafarroara bidean baitzegoen, alde batetik, eta jabeek, berriz, askotan hartu izan baitzuten parte haren edo honen alde.

Senpereko gaztelua

Kanpoko ikuspegi orokorra, mendebaldetik begiraturik, hesia jarri baino lehen. (1984)

Historia

Ibarren zen Senpereko lehenengo herria edo auzunea, gaur egun Ibarron deritzana, eta Senpereko auzo dena. Gero ordea, orain Senpere deritzana hasi zen indartzen, Urdazuri ibaiaren ondoan eta gazteluaren babesean. Eta aldi berean beheraka edo bestearen ondoan garrantzia galtzen hasi zen Ibarren. Izenaren bilakaerak adierazten du hori garbien. Garai batean Ibarreneko Senpere baitzen gaurko Senperen hirigunearen izena.

Senpereko lehenengo leinua XII. mendearen bukaera aldera eten zen, Raimond Arnaud Sanperrek alaba bakarra izan baitzuen, Raimonde, eta hura Per Arnaut Zaldurekin, Hazparneko Zalduko jaunarekin ezkondu zelarik (1190) Zaldu leinuak hartu zuen Senpereko jaurgoa, eta beste berrehun urtez leinu horrek jarraitu zuen Senperen. Bestalde, Raimonderen eta Per Arnault Zalduren semeak, edo, Guillaume Raimond IV.ak Ingalaterrako erregeei saldu zien Lapurdiko bizkonde titulua.

1238an, Nafarroako Teobaldo I.aren (1234-1253) babesera bildu zen Pedro Arnalt Zaldu, Zalduko eta Senpereko orduko jauna, inguruko beste hainbat aitonen seme bezala. Gero, Frantziako erregearen kontra eta ingelesen alde ibili zen Taillebourg-eko eta Saintes-ko gatazketan, 1242ko uztailean. Ingelesen alde jarri zen hurrengoan ere, baina Nafarroako erregearen kontra oraingoan. Eta 1249an, bakeak egin eta erreklamazioen ordua iritsi zenean, Senpereko jaunak jauregi bat galdu zuela dio Leicester kondearen txostenak; ondo azpimarraturik, eta galdu zituen beste ondasunetatik bereizturik (4 etxe, errotak, 100 ardi¿). 1244 inguruan edo 1249a baino urte batzuk lehenago ziren gertaera horiek, eta ¿Sanctum Petrum d¿Ivaren¿ edo Ibarreneko Senperen, gaztelua eraiki gabea zen artean.

1259an, eta Comtos agirien lehengo erregistroan adierazten denaren arabera, berriz ere Nafarroako erregeren zerbitzuan zebilen Pedro Arnalt Zaldu, gerrari talde bat harturik. Urteko 20 bat libera kosta izaten zen garai horietan (1266) gudari talde bat mantentzea.

Baionaren eta Lapurdiren arteko XIV. mendeko liskarretan ere bazuen, dirudienez, zer defenditurik edo zer edo zer eskuratzeko asmorik; baina hartan, gogotik pagatu zuen parte hartzea, Pes Puiane Baionako alkateak Guillaume Arnaud Senpereko orduko jaunaz aparte haren familiako beste hiru pertsona ito baitzituen 1343an, Milafrangako zubian: Guillaume Arnaud Zalduko jauna, hau da, Senpereko jaunaren osaba, Auger Zaldu Lapurdiko bailea, haren lehengusua eta Sanche Lahet, haren koinatua; Urtubiako jaunak ere han ito zen, bestalde.

Nafarroako erregearen zerbitzuan eta Normandiaraino joanik agertzen da Sancho Zaldu, Senpereko hurrengo jauna; 2 mesnada edo gudari-talderen dohaintza egin zion Nafarroako erregeak handik itzultzean, 1355ean; urteko 40 libera, alegia. Lapurdiko beste noble batzuk bezala, Eduardo III.a Ingalaterrako erregeri leialtasun zina egin behar izan zion hark ere, 1363ko ekainaren 30ean, Bordelen. Handik zazpi bat urtera (1370?) hil bide zen, ezpeletarrek leinu arteko liskar batean erreta, hala dio behintzat Lope Garzia Salazarrek (1399-1476) bere Bienandanzas e Fortunas liburuan. Aspaldiko omen zen senpertarren (Oinaztarrak) eta ezpeletarren (Ganboarrak) arteko ezinikusia. Semerik ez zuenez, Pedro Lopez Amezketa gipuzkoarrarekin ezkondu omen zuten haren alaba Joana, handik urte batzuetara. Ezkontzako ospakizunetan zirela, Ezpelatako jaunaren iloba, zirikatzera etorria, hil omen zuen ezkondu berriak, lehen ezpeletarrek berek egina mendekatzeko. Garzia Salazarrek bere Bienandanzas e Fortunas liburuan dioena ziurtatu ahal izan da neurri batean bederen, 1369an 100 libera eman omen zizkion-eta Nafarroako diruzainak Sancho Zalduri, dohaintzan agindutakoa ordaintzeko ¿¿Ezpeletako jaunaren aurkako borrokari ekin behar ziolako¿¿

Pedro Lope Amezketak are gehiago zabaldu zuen Senpereko jaurgoaren eskumena. 1393 inguruan hil bide zen jaun berria, eta Garzia Salazarrek dioenez Senpereko Joan geratu zen premu edo maiorazko. 1413ko egunsenti batez, Berako Altzate dorretxea inguratu omen zuen horrek, eta hango jauna eta semeetako bat hil zituen. Beratarrek mendeku hartu nahi izan zuten gero Gipuzkoako hainbat Ganboatarrekin elkarturik, baina, sendia eta 150 gerrari lagun, bera gailendu zitzaien, Senpere eta Donibane Lohitzune herrien artean, non edo non.

Oso gogoko zuen nonbait ondasunak eta karguak pilatzea, eta horren arabera, bideratzen zituen erregeekiko eta gainontzekoekiko harremanak. Ingalaterran zen 1416an, Enrike V.ari laguntzera joanda. Baina ez hutsaren truk, bere gazteluko dorre nagusia Lapurdin ohikoa zen baino 10 besabete edo 16 metro inguru gehiago altxatzeko baimena lortu baitzuen harengandik, besteak beste. Gaztelan ibili zen 1430ean, zeregin diplomatikoren baten gorabeheragatik. Eta Arbonako jaurgoa eta Ahetzeko bi etxe erosi zituen bien bitartean.

Ezkondu, Isabel Beaumontekoarekin ezkondu zen, eta alaba bat izan zuen harekin, Joana, ezkondu eta 20 urtera; baina, bazterrekorik edo sasikorik ere bazuen, testamentuan aditzera eman zuenez: 4 seme eta 5 alaba. Eta, Ogerot, sasiko seme zaharrena egin zuen oinordeko, Ingalaterrako Enrike VI.ak legez ontzat eman ondoren.

1441ean edo 1442an egin zen Ogerot oinordekotzaz zegokionaren jabe. Berehala izan zuen, Ingelesen edo frantsesen, noren alde jarri hautatzeko aukera, ingelesei Akitania aldeko puska kendu nahian zebilen orduan Frantzia. Ingelesen aldea hautatu zuen Ogerotek, eta frantsesen kontra borrokatu zen. Ordainetan Lapurdiko baile egin zuen Ingalaterrako erregeak; eta eman zizkion beste zenbait jabetza eta kargu ere. Akizen zen Frantziako Karlos VII.ak hiriari eraso zionean. Saint-Sever defenditzera atzeratu zen gero, eta ozta-ozta alde egin zuen frantsesak hirian sartu zirenean. Frantziako gudarosteari Biarnoko Gaston IV.aren gerrariak gehitu zitzaizkion gero. Indarberriturik, Zuberoa hartu zuten gero, eta Gixuneko gaztelua inguratu, 1449ko abenduan. Akizetik eta Baionatik gixundarrei laguntzera joan zirenen artean zen Ogerot ere.

Frantziako eta Biarnoko gudarosteek galera handiak eragin zizkieten laguntzera joan zirenei, eta gixundarrek ere amore eman behar izan zuten. Ez zuten egun askorik behar izan gero Lapurdi osoa hartzeko, Baiona salbu. Donibane Lohitzunerako bidean gaztelua eta errota batzuk erre omen zituzten Senperen. Guillaume Leseur-ek, gertaera horren lekuko izan zen baionarrak dioenez, 20 edo 30 balaztari ziren gaztelua defenditzen, eta ordu laurden batez ere ez zieten eutsi erasotzaileei. ¿Etxe sendo lubanarroz eta errotaz inguratu¿ bat zela, idatzi zuten gero gazteluaz.

Ogerotek askotan izan zuen zoria alde. Bizirik atera zen Gixuneko triskantzatik, eta ez zen ere Senperen Gaztelua erre zutenean, Landesetako Pouillon herrian baizik, haren defentsa prestatzen. Gaston IV.ak hura hartu zuenean, harresi gainetik salto eginda alde egin omen zuen, Baionara ihesi joateko. Baina zauriturik iritsi zenez, Senperera eraman zuten eta gazteluan hil omen zen, 1450eko apirilaren 26an, suak hartu ez zuen babesgune batean. Gazteluko kaperan lur eman ziotela esan izan da.

Ezkondu gabe eta oinordekorik gabe hil zen Ogerot, eta Joana bere arreba ordeak edo Senpereko Joanen ezkontzazko alabak eskuratu zituen Senpereko jaun titulua eta gaztelua. Lukuzeko Gracianekin ezkondu zen Joana, eta Joan Etxekonekin, horien alaba. Joan Etxekon izango zen (gero, Chacon eta Chiconera eman du abizenak), beraz, Senpereko gazteluaren eta jaun tituluaren jabe. Senpereko jaun ez ezik, Lapurdiko baile eta gobernadore ere (1515-1532) izan zen Joan Etxekon, aurreko Joan Etxekonen seme zaharrena. Isabel Gramondekin ezkondu zen Joan Etxekon (1517), eta ondoko bakarra izan bide zuten, euren alaba Frantziskak eman baitzizkioten Senpereko gaztelua eta titulua.

Nafarroa hartu ondoren, Senpereko jauna beren zerbitzura jartzen ere saiatu ziren gaztelarrak, 1513tik aurrera, batik bat, baina ez dirudi lortu zutenik. Are gehiago, gudari talde handiak zituzten Senpereko eta Urtubiako jaunek eta bitan ere saiatu ziren Nafarroako Erresuma berreskuratzen. Hirugarrenean, 1522ko Aldabe edo San Martzial mendiko batailan, gaztelarrek preso hartu zuten senpertarra, baina libre utzi zuten gero, berek preso zeukaten gaztelar baten truke.

XVI. mendea berrikuntza mendea izan zen gazteluarentzat. Bizigarriago bihurtzen saiatu ziren, eta aldaketa handiak egin zituzten.

Erdi Aroa bukatuta gero ere itzal handia izan zuten Senpereko jaunek Lapurdiko historian: Erlijio Gerretan, Sabel Xurien eta Sabel Gorrien arteko liskarretan, Lapurdiko baile 150 urtez, eta beste hainbat kargu¿ XVII. mendeko hasieran, Joan Paul Caupenne Senpereko orduko jaunak, gaztelua eskaini zion Pierre Lancre-ri.

Bordeleko legebiltzarrak bidali zuen Pierre Lancre (1553-1631) Senperera (1609), Lapurdin sorginkeria galaraz zezan, eta ahalmen guztiak eman zizkion horretarako. Senpereko gazteluan kokatu zen eta han torturatu, epaitu eta zigortu zituzten izan zituen ustezko hainbat sorgin, haurrak eta apaizak barne. 600 bat gizakume sutan erre edo gaztelu gainetik botarazi zituen lau hilabetean. Gaur egun Sorginaren Dorrea izenez ere ezagutzen da gaztelua, eta bada gertakizun haietan oinarrituriko hainbat kontakizun.

1636 eta 1637 urteetan Frantziaren eta Espainiaren arteko borroka leku izan zen Lapurdi. Donibane-Lohizuneraino sartu ziren espainiarrrak, baina han geratu behar izan zuten. Lavalette-ko dukeak Senpereko gaztelua aukeratu zuen agintaritza nagusiaren egoitza izateko, eta Ezpeletako inguruak, gerrarien bilgune izateko. Senpereko gazteluan egon ziren preso hainbat espainiarren aldeko espioi eta espainiarrei laguntzen harrapatu zuten zenbait baionar.

1793ko maiatzean -Konbentzioko Gerraren garaia-, frantziar gudarosteek kuartel bihurtu zuten gaztelua. Espainiarrak Lapurdin eta Nafarroa Beherean sartu ziren gero, eta Senpereko gaztelua erre zuten.

Hondamen handi samarrak jasan zituen 1813an ere, eta baserri gisa erabili izan zuten gero, XIX. mendearen bukaera arte. Jauregi izenez ezagutu izan zen. Eta baserri gisa zerabiltenek ere utzi egin zuten, erortzeko zorian jartzeraino zarpaildu zenean.

Gaztelua monumentu historiko da 1925az geroztik.

Senpereko gaztelua

Dorre eta barrutiaren arteko igarobidea; murruaren sendotasuna erakusten du. (2001)

Egitura eta aztarnak

Huntzak harturik daude aztarna nagusiak ere. Gehiena XIV. edo XV. mendekoa zuen gazteluak. Neurri handitako dorre bat zen. Hondatua egon arren 17 metro altu bada oraindik ere. Angelu zuzenetan eratua zuen oinplanoa: 18 x 13 metro. Lau haize aldetara begira ditu hormak; iparrera eta hegoaldera begira, horma alderik zabalenak. Zernahi ere, hainbat bider erre, eraiki eta berreraiki zutenez, oso zaila baita gaur egun bere garaian nolakoa zen edo zer noizkoa duen jakitea.

Dorre nagusiren goiko aldea eroria du, baina teilatua edo estalia ere garaian garaikoa izango zuen seguru asko. Batzuen ustez hegoaldeko almenen aztarnak nabari daitezke oraindik, baina ekialdean eta iparraldean modiloiak ditu, egurrezko egituraren baten aztarnak-edo. Gezi-leihoez aparte, beste hainbat leiho dotore ere baditu horma aldeetan; errenazimendu garaiko edo Erdi Aroaren ondoren gaztelua bizigarriago bihurtu nahiz eginiko moldaketen aztarnak, alegia.

Gaur egun bi atari edo sarrera ditu dorreak, eta hormak, berriz, 1¿4 metro lodiak, mendebaldeko sarreraren alboan, eta 2¿3 metro lodiak, iparraldekoan. Hormak berak, harlanduz eginak, eta harria, inguruetako kareharria. Barrua hutsik du, baina oraindik ere nabari dira tximini handi baten eta harrizko eskailera baten aztarnak.

Beste esparru bat dago iparraldean, gotortua eta hormak angelu zuzenetan eratuak dituenena. Dirudienez, dorre nagusiak iparraldean den sarreratik du esparru horrek irispidea eta, bitxia dirudien arren, atalaga zuloek erakusten dutenez, esparru horretatik ixten zen atea. Oinplano biribileko dorre bat dago barruan, barnean eskailera zuena. Mendebalean zen jauregi handira eta bigarren esparruko goiko solairuetara igotzeko zen eskailera hori, dirudienez.

Harearriz egina zen jauregia, hondakinetan ikus daiteke hori, baina lehengo garaierarik ez du. Bi erakuntza daude jauregiaren jarraian daude, eta horiek dira gaur egun etxe gisa erabili daitezkeen bakarrak. ¿1704¿ data du batek giltzarrian.

Esan edo aipatu ere egin izan da badela han harri bat, ¿Bortitz eta on¿ sendiaren leloa-edo grabaturik duena, baina ez da haren arrastorik inon. Dorre biribilaren sarrera gainean zen, dirudienez, zulo bat baita han.

Gazteluaren inguruan lubanarro bat bazela ere agertu izan da idatzietan, baina gaur egun ez dago non zen antzematerik.

Senpereko gaztelua

Dorrearen hegoalde eta ekialdea, eta, iparraldean, zuhaitzak ezkutaturik, hari jositako eraikina. (2001)

Iristeko

Herriko ekialdean dago, D-918 errepidearen alboan, eta aparkaleku handi bat da ondoan.

Landare hesi baten atzean daude aztarnak, multzoa bere osotasunean ikustea zailago bihurtzen du horrek, baina ia itzuli osoa egin daiteke. Pribatua da eta bertan dituzte bizitokia, tailerra eta erakustokia Solorzano jaun-andreek. Ekainaren 15etik abuztuaren 15era eta arratsaldetan zabaltzen dute erakustaretoa Eduardo Solorzanok eginiko eskulturak eta buztin eskulanak ikusteko.

Senpereko gaztelua