Kabrega
FITXA
Udalerria: Mues
Herrialdea: Nafarroa Garaia
Zailtasuna
Aztarnak
Kokapena eta Egitekoak
Kabrega gainalde baten muturrean dago, Berrueza haranaren erdian. Mendebaldean Joar mendiek eta iparraldean eta hegoaldean mendi horien luzapenek ixten dute ibarra, Kostalera eta Kabrega mendiak, hurrenez hurren. Ipar-mendebaldeko mendien beste aldean Araba dago, Kanpezuko eskualdea. Hego-mendebaldeko eta hegoaldeko mendietatik mendixkak eta lautadak daude Ebro ibairaino.
Kabregako gaztelua jabego pribatukoa zenez, bere egitekoa Berant Erdi Aroko jaunen egoitza izatea zen, eta horri lotuta egoten ziren eginbehar guztiak. XV. mendeko gerra zibilekin egitekoak ere aldatu zituzten, eta eskualdearen kontrola hartu zuen bere gain. Egiteko bera izan zuen gaztelarrek Nafarroa konkistatu ondoko urteetan.
Kabregan biztanleak baziren, eta Erdi Aroko erroldetan agertzen dira: 1366ko erroldan, 4 su zituen Kabregak, eta 1427an, 6 su. 1786an, 10 biztanle ziren, eta 1858an 11 lagun. 1991. urteko erroldan, 3 biztanle zeuden Kabregan, etxe bakar batean, gaztelua izan zen horretan. Datu horiek XIV. mendetik aurrerakoak dira, mende horretako krisiak jo eta gero. Lehenago, XIII. mendean, Irantzuko monasterioren ondasunei buruzko agiri batean Kabregak 20 etxe zituela esaten da. Bertako ondasun guztiek urtean 224 sos eta 8 diruko etekinak ematen zizkioten monasterioari.
Egungo herria eta gazteluaren aztarnak, lautadaren muturrean. Iparraldean, dorrea eta hegoaldeko hainbat horma zati nabari dira. (2002)
Historia
Asturiasko Alfontso III.aren (866-910) kronikan esaten da Berrueza eta Deierria izan zirela musulmanen esku erori ez ziren eskualde bakarrenetakoak. Gauza berdintsua esaten dute garai hartako beste agiri eta kronikek batzuek. Nahiz eta hori ezin den ziurtatu, haranaren garrantziaren lekuko dira aipamenak.
Berrueza tenenzia zen XII. mendetik gutxienez. Tenenziak administrazio unitateak ziren; eskualde bati zegozkion, eta erregearen ordezkaritzarena egiten zuten. Defentsako lanez gain, justiziakoak, zerga biltzekoak eta abar ere bazegozkion. Alde handiak zeuden, dena den, tenenzien artean, garrantziaren eta hedaduraren aldetik gehienbat.
Berruezako tenente batzuen izenak ezagutzen ditugu: Fortun Gartzes Cajal da bat, zeina toki askotan jauna izan zen Alfontso I.a Borrokalaria erregearekin (Marañon, San Adrian, Grañon, Punikastro, Falces¿); Pedro Talesa da beste bat (1133ko urrian). Baina ez dakigu non zegoen Berruezako tenenziaren egoitza. Historian zehar, bestalde, Berruezan ez da toki edo herri bat nabarmendu besteen gainetik, ez da izan hiriburu jakin bat. Bestalde, Kabregakoa ez zen haraneko gotorleku bakarra; eskualdeko beste herri batzuetan ere baziren eraikin gotortuak.
XI-XII. mendean tenenzietako jaun izan ziren gehienak gazteluzain bilakatu ziren geroago, baina ez zen hori gertatu Berruezakoarekin. Mende horietan jaun batzuk agertzen dira haran horretan, hainbat sortetxetakoak (Mirafuentes, Azedo...) baina Kabregako izendapenarekin ez da inor aurkitzen. Geroago, biztanleek eskaturik, errege-erreginek ahaleginak egin zituzten eskualdea gotortzeko, eta 1317an herri bat sortu zuten Berruezako San Kristobal (Vianako forua eman zioten), baina bi mende geroago etxe gotortu bat eta bi errota besterik ez zeuden.
Kabregako gotorlekua bete-betean sartzen da Nafarroako historian XV. mendearen bukaeran, Nafarroako mariskalen esku baitzegoen. Dakigunez, Joan III.aren (1494-1516) garaian gotorrago egin zuten multzoa, Leringo kondeari aurre egiteko.
1512an, Albako dukearen gerrariak arazorik gabe bereganatu zuten eskualdea, baina konkistaren ondoren nafarrek erresuma bereganatzeko egin zuten saioan gaztelarrek Kabregatik eta Deiotik alde egin behar izan zuten. Erresuma berriz eskuratzeko saioak porrot egin zuen eskualde horretan, eta urriaren 29an amore eman zuen bertako gazteluzainak, Alloko Martinek (Nafarroako mariskalak jarri zuen gazteluzain, bere ordezko). Arduradun horrek Joan Porresi eman zion gaztelua (Urantzitik etorria zen), errege konkistatzaileak agindu baitzuen ez ziela zigorrik ezarriko gazteluzainari eta gaztelua defendatu zutenei. Dena den, gazteluzainaren eta gazteluaren ondasunak ostu egin zituzten erasotzaileek.
Zurita kronikari aragoarrak bere Aragoiko urte-liburuak lanean Kabregako gotorlekua aipatzen du 1512-1513. urteen artean suntsitutako 22 gaztelu eta hiri-harresien artean, baina urte horietatik aurrera ere ageri dira gazteluaren berriak, eta gazteluzaina eta gerrariak zeudela esaten da, gainera.
Erresumako kudeatzaile berriek 1514an gazteluzainei eginiko ordainketen zerrendan ez da agertzen Kabregakoa, bai, berriz, 1515etik aurrera, Arizkungo Joan, Arizkungo jauregiko jaun beaumondarra. Erregeak jarritako gazteluzaina zen, eta 20.000 marabediko soldata ordaintzen zion administrazioak. Karlos V.a enperadoreak (Espainiako I. a, 1516-1556) Nafarroako Pedrori 1518an itzulitako ondasunen artean agertzen da Kabrega. Horretarako, Arizkungo Joani 5.000 marabediko dohaintza egin zion enperadoreak, kalte-ordain gisa edo.
1521ean, Nafarroako Enrike II.ak erresuma bereganatzeko saioa egin zuen, Estellerriko 700 lagun bildu ziren Jaime Belaz Medrano eta Joan Ramirez Bakedanoren gidaritzapean, eta Alloko Martinen laguntzaz, Kabrega hartzeko. Ustekabean harrapatu zituzten gazteluan zeudenak, eta Lizarrako gazteluzain ohi Pedro Velez Gebarak jarritako arduradunak, Antonio Olleak, eta gaztelua defendatzeko ardura zutenek alde egin zuten, zaldiak ere ahaztuta. Berriro Alloko Martin jarri zuten gazteluzain, 1512an aritu zen hura bera.
1534tik aurrera, beharbada, gaztelukoak izan ziren Kabregako biztanle bakarrak; izan ere, urte hartan Berruezako herri baztertu gisa sailkatu zuten Kabrega, Burgillo eta Estenblorekin batera. Dena den, Florencio Idoatek esaten du, 1570. inguruan, Pedro Barbarin zela Kabregako alkate, (badirudi alkatea eri zela, eta Joan Griego Bohemia petrikilo famatua ekarri zutela hura sendatzera). Florencio Idoatek aipamen hau jasotzen du gertakari hartaz: ¿¿sator belarrez eta arrautza egosiz eginiko edabe batetik eman zion bularreko eta sabeleko min handia kentzeko. Gainera, zerri gantzez eta ogi birrinduz eginiko enplastua jarri zion bularrean, eta gizajoak makina bat zorne eta ur isuri zuen; azkenerako, baina, hil egin zen.¿
1582an, Irantzuko monasterioak lur sail batzuk zituen oraindik Kabregan. XVI. mendetik aurrera, gaztelua jauregi nobletzat jo izan dute beti; bertako jabeak 1829. urte arte iraun zuen Nafarroako Gorteetako kide izan zen.
Cortesko markeserrian zegoela, Ana Nafarroa Benavides markesa seme-alabarik gabe hil zen, eta testamentua argitzen zen bitartean, Peraltako Joan hautatu zuten behin-behineko administratzaile. Ondasunak ikuskatzeko txangoan, Kabregatik igaro zen, 1580ko maiatzean, eta gazteluzaina izendatu zuen.
1654an, Espainiako Felipe IV.ak Kabregako markesaren titulua sortu zuen, eta eman baino gehiago saldu egin zion gazteluaren jabeari, Nafarroako eta Mendozako Pedrori; Cortesko IV. markes bihurtu zen. Hurrengo mendean, XVIII.ean, Villahermosako dukeak ziren jabeak.
Kabregako eliza San Migeli eskainita dago, eta XVI. mendean handitu egin zuten. Inoiz ez da bertako jaunaren patronatukoa izan, Irantzuko monasterioa zen jabea. 2002. eta 2003. urteetan zaharberritze lanak egin dituzte gaztelu izandako eraikin nagusian, eta garbitu eta finkatu egin dituzte aurrealdeko harresiaren harriak.
Egungo eraikinen ikuspegi orokorra eta kokapena, hegoaldetik begiraturik. Inguruko harresia oraindik nabari da hainbat zatitan. (1999)
Egitura eta aztarnak
Egungo aztarnei azaletik begiraturik, jauregi gotortua zela esan daiteke, oin angeluzuzeneko eraikin gotiko bat, besterik ez. Baina fatxada nagusiaren aurrean, gazteluaren hegoaldean, harresi sendo baten aztarnak nabari dira: horma zati bat, eta bi muturretan, dorre biribil bana. Horietako dorre bat, hego-ekialdekoa, oso ondo ikusten da; hego-mendebaldekoa, berriz, askoz gutxiago. Bi dorreak eta horien arteko horma zatia harlanduzkoak ziren, oso lodiak. Dena dela, harresiaren goialdea galdu egin da zeharo, eta behealde izandakoa besterik ez da ikusten.
Ekialdeko harresia edo defentsa ere desagertu egin da. Alde horri erasotzea zen errazena, malda edo ezpondarik ez dagoen alde bakarra baita. Gutxienez, horma bat egongo zen hego-ekialdeko dorretik eraikin nagusiraino. Esaten da alde horretako harresiak inguruko beste eraikin batzuk barneratzen zituela. Ez dago ziurtatzerik, baina, ziurrenik, ez zen horrela izango, eta defentsak gazteluaren inguruetara mugatuko ziren, gehiago zabaldu gabe, lurrean ez baitago bestelako aztarnarik.
Eraikin nagusia etxe handi prismatiko bat da, eta bi isurialdeko teilatua du estalkia. Goitik behera harlandua du, hormak irekiduraz josita ditu, eta egun, beheko alde eta hiru solairu ditu. Hegoaldeko fatxadan -nagusia-, binaka doazen erdi puntuko arkudun leihoek osatzen dute laugarren irekidura lerroa, zeinak gotiko garaira eramaten baikaitu. Estilo berekoa da ataria ere, eta gerokoak dira gainerako irekidurak. Benetan ederra da, eta ustekabe galanta ematen du horrelako eraikin handia mendian aurkitzeak.
Mendebaldean bizileku bat itsatsi diote, eta ekialdean, berriz, nekazari eraikin luze bat. Lantegi hori dela eta, gazteluaren iparraldea ikusteko itzuli handia egin behar da, eta multzoa ekialdetik inguratu behar da. Han, alde horretan, hormari dorre bat josi zioten gotortzeko, nahiz eta ezponda luzea izan, garaiera handikoa, gainera.
Litekeena da, arkitektura aldetik begiraturik, hasiera batean jauregi izatea, baina XV. mendearen bukaeran, agiriek esaten duten bezala, gehiago gotortu zuten, eta gaztelu itxura eta maila ere hartu zuen.
Errepidearen beste aldean, nekropoli bat aurkitu zuten, bide hori zabaltzerakoan.
Multzoaren ikuspegi orokorra, zaharberritze lanetan, hegoaldetik begiraturik. Aurrean, harresiaren aztarnak. (2003)
Iristeko
NA-129 errepidetik (Urantzia-Azedo) kilometro eta erdira dago Kabregako multzoa (San Migel baseliza, gaztelua, nekazari eraikinak¿). Mues herritik 3¿5 kilometrora.
Egun, Berruezako haranera Kodesko santutegitik ere joan daiteke autoz, Otiñanotik sartuz.