KULTURA-ERREPORTAJEAK
Roberto Rossellini (1906-1977) Italiako neorrealismoaren izar nagusia izan zen, eta Roma citta aberta, Stromboli eta Europa 1951 filmak zuzendu zituen, besteak beste. Ingrid Bergman aktorearekin harreman profesional eta pertsonala izan zuen: hiru seme-alaba izan zituzten eta pelikula ugari egin zituzten elkarrekin.
Rock Hudson aktoreak, zeukan fisikoagatik, gizon zailduen eta galaien paperak egin zituen gehienbat. Komedia zein drama landu zituen, Gigante edo Pijama para dos filmetan adibidez. 50eko eta 60ko hamarkadetako Hollywoodeko izar hau HIESa zuela esan zuen lehen pertsonaia ospetsua izan zen, gaixotasunari aurpegia jarriz.
Rodolfo Valentino zinema munduko pantailetan azaldu zen aktore italiar bat izan zen, zeluloideko lehen latin loverra. Ez zuen zineman ibilbide oso luzerik izan, 31 urte zituela, peritonitis baten ondorioz hil baitzen. Baina star systemeko lehen izarretakoa izan zen aktorearen heriotzak shock bat sortu zuen bere jarraitzaileen artean. Istilu handiak sortu ziren bere hileta jendetsuan eta bere jarraitzaileetako askok bere buruaz beste egin zuten.
Roger Corman kultuzko zinearen ekoizle eta zuzendari iparramerikarra, batez ere aurrekontu txikiko hainbat film egin dituelako da ezaguna. Gainera, hainbat zuzendari eta aktore famaturen maisua izan da, zineman egin zituzten lehen urratsak Cormanen esku egin baitzituzten. Zerrenda horretan, besteak beste, Ford Coppola, Martin Scorsese, Ron Howard, Jack Nicholson, Dennis Hopper eta Robert De Niro daude. 84 urte dituela, Cormanek ekoizle gisa lanean jarraitzen du, eta bere ibilbide luzean 300 filmetik gora produzitu ditu. Horrela, 2009an, Hollywoodeko Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak ohorezko Oscar saria eman zion bere ibilbidearen omenaldi gisa.
Zinema garaikidearen ezinbesteko egilea den Rajmund Roman Liebling (Roman Polanski) zuzendariak 75 urte bete zituen joan zen abuztuaren 18an. Geldi egoten ez den eta edozertara moldatzen dakien poloniar jatorridun zinemagile frantziar horrek (Paris, 1933), 2002ko zuzendari onenaren Oscar saria jaso zuen Poloniak bizi izan zuen nazien okupazioa hizpide duen The Pianist filmarengatik. Kontuan izan behar da, gainera, Polanskiren ama herrialde hartako kontzentrazio-esparru batean hil zela.