KULTURA-ERREPORTAJEAK

 

Deborah Kerr, "Hollywoodeko lehen dama" Fri, 26 Oct 2007

Deborah Kerrek film ezagun ugari egin zituen. Artean The king and I, Yul Brynner alboan zuela, eta From Here to Eternity. Azken horretan, zinemaren historiako musurik ezagunenetako bat eman zuten Deborah Kerrek eta Burt Lancasterrek. Emakumezko aktore onenaren Oscar sarirako sei izendapen lortu zituen arren, ez zuen bakar bat ere eskuratu. Azkenean, ordea, 1994an Ohorezko Oscarra eman zioten, zinemaren industriari egindako ekarpenagatik.

Deep Purple: heavy metalaren aitzindarietako bat (I) Fri, 17 Nov 2006

Hasieran, pop-rocka lantzen zuen Deep Purplek, Rod Evans (ahotsa), Ritchie Blackmore (gitarra), Nick Simper (baxua), Ian Paice (baterĂ­a) eta Jon Lord (teklatua) musikariek taldea osatzen zutenean. Ian Gillan abeslaria eta Roger Glover baxu-jotzailea taldekide berriak sartzean, hard-rocka landu zuten eta musika mota horretako banda garrantzitsuenetakoa izatera pasatu ziren.

Deep Purple: heavy metalaren aitzindarietako bat (II) Fri, 24 Nov 2006

David Coverdale abeslaria eta Glenn Hughes baxu-jotzailea taldean sartzean, banda britainiarrak hard-rock bereizgarria galduz joan zen eta funky eta soul erritmoak landu zituen. Hori dela eta, Deep Purple banandu egin zen 1976an. Halere, 1984an berriz batu ziren eta gaur egun diskoak kaleratzen eta munduan kontzertuak ematen jarraitzen dute.

Deftones, Nu Metal estiloaren aitzindarietako bat Fri, 20 Nov 2009

1988an gidari mozkor batek 16 urteko skater bat harrapatu zuen Sacramentoko (Kalifornia) kaleetan. Gurpil-aulkian denbora batez eman ostean, gazteak kalte-ordainetan jasotako dirutza beste bi lagunekin batera osatzen zuen metal alternatiboko taldearentzako musika-ekipoetan inbertitu zuen. Bere bizitzako inbertsiorik onena. 90. hamarkada erdialderako, Deftones izeneko talde hura gainbeheran zegoen grunge mugimendua ordezkatuko zuen Nu Metal azpigeneroaren aitzindarietako bat bilakatu zen. Bi hamarkadako ibilbide musikalaren ostean, Deftones erronka bikoitzari ekin behar dio egun: alde batetik, beren estudioko seigarren diskoaren (Eros) kaleratzea, aurtengo udan zehaztugabe atzeratu zutena; eta bestalde, taldeko baxu-jotzailearen egoera lazgarria gainditzea; izan ere, 2008ko azaroaz geroztik koman dago zirkulazio istripu baten ondorioz.

Del Shannon, rock musikari nostalgikoa Fri, 5 Oct 2007

60ko hamarkadan Ameriketako Estatu Batuetan sortutako musikagilerik garrantzitsuenetarikoa izan zen Del Shannon. Buddy Holly edota Chuck Berry bezalako rock-musikari zaharrak gogorarazten zituen istorio indartsuak eta latzak kontatzen zituen bere abestietan, atsekabez betetako doinu malenkoniatsuz zipriztinduta. "Runaway" abestiak gorenera aupatuko zuen, Ingalaterran sortuko zen pop musikaren ikur bihurtuz. Bere sorterrian, berriz, sekula ez zuen merezitako aintzatespena lortuko.