KULTURA-ERREPORTAJEAK
Etengabeko barne eztabaidak, osasun arazoak, droga-menpekotasunak, auzi judizialak. Bidean oztopo anitz aurkitu arren, The Vervek 90eko hamarkadako britainiar talderik garrantzitsuenetako bat bezala finkatzea lortu zuen. Richard Ashcroft abeslaria buru, Wigango (Ingalaterra) taldea britpoparen aitzindarietako bat izan zen, eta Blur, Oasis edo Pulp taldeekin batera, generoa maila gorenera eraman zuen. 90eko hamarkada erdialdera aldi baterako banatu ostean, laukotea agertokietara itzuli zen eta generoak emandako disko nagusietako bat (Urban hymns) kaleratu eta Erresuma Batuko industria musikalaren sari garrantzitsuenak lortu zituen. 1999an, ordea, kantariaren eta gitarristaren arteko etengabeko eztabaidek laukotea bigarrenez banatzea ekarri zuten. Zortzi urte geroago, The Verve batu egin zen berriz eta 2008 erdialdera lan berria kaleratu eta bira egin zuen. Aitzitik, taldea hirugarrenez banatu dela baieztatu dute aurtengo udan taldeko bi kidek. Oraingoa behin betikoa izango al da?
Iparramerikako blues eta soul erritmoen zaleak, The Who mitikoak musika beltzaren abesti ezagunen bertsioak egiten sartu ziren musikaren munduan. Roger Daltrey liderraren ahots bikainarekin, Pete Townshend gitarraren soinuekin, Keith Moon bateriaren inprobisazioarekin eta John Entwistleren lau hariekin, oso ospetsuak egin ziren The Who.
The Whoren ibilbideko disko garrantzitsuenetakoa Tommy (1969) izan zen, pinball jokoan aditua zen ume itsu eta gormutu bati buruzko opera-rock bat. 1978an Keith Moon hil ostean, talde britainiarrak ez zuen aurrekoak bezain lan onik grabatu, eta eszenatokiak utzi zituen denboraldi batez. Geroago, berriz elkartu ziren, eta euren azken lana Endless Wire (2006) da.
Rod Argent pianista eta bere jazz pintzeladak, Colin Blunstone kantariaren ahots bikaina, Chris White baxu-jotzailearen talentua eta Paul Atkinson gitarristaren eta Hugh Grundy bateriaren musikaltasun erritmikoa. Horiek izan ziren The Zombies Inbasio Britainiarreko talde nabarmenduenetakoa izateko elementu nagusiak. Popa eta jazz eta R&B ukituak nahasten zituzten, eta musika sofistikatua egiten zuten. Halere, ez zituzten behar bezala balioetsi euren garaian, eta AEBetan izan zuten arrakasta gehien.
Thin Lizzy itzal handiko rock taldea izan zen 70eko hamarkadan, eta bandaren liderra, Philip Lynott, berriz, historiako musikagilerik onenetarikoa, ezbairik gabe. Bere testuak Dublingo kaleetan ereindako bihurrikeriaren ondorio dira, eta sentiberatasun poetiko oso handia erakusten dute.