KULTURA-ERREPORTAJEAK
60ko hamarkadak iraultza ekarri zuen mendebaldeko gizartera arlo askotan, baita musikan ere. Bat-batean, abestietan mota guztietako aldarrikapenak egiten zituzten rock talde ugari sortu ziren. The Rolling Stones taldea aitzindaria izan zen horretan. Euren abestietan orduan ezohikoak ziren gaiak jorratu zituzten, drogak esaterako.
40 urtetik gora daramatzate rock-musika egiten, 60 urtetik gora dituzte taldeko kide gehienek eta, oraindik ere, energia darie euren zuzeneko eta estudioko lanei. Taldeak gora behera handiak izan ditu, taldekide batzuk joan dira eta berriak sartu dira, eta disko onak eta ez hain onak atera dituzte. Hala ere, zalantzarik ez dago rockaren historiaren ardatz izan direla.
The Smashing Pumpkinsek rock alternatiboaren merkatuan arrakasta lortzen zuten hein berean, gremioaren baitan taldearen kontrako kritikak entzuten hasi ziren. Ekoizleek eta lankideek zorroztasunez epaitu zuten banda. ¿Salaketa? Musika komertziala egitea, eta industriatik, industriarentzat eta industriari begira bizitzea. The Smashing Pumpkinsek kaleratze berri batekin erantzun zituen epaiketa publiko horiek. Laukoteak Pisces Iscariot merkaturatu zuen. Siamese Dream diskoan sartu ez zituzten kantuez eta abesti bitxienez osatutako lan honek arrakasta handia izan zuen eta bandak bira bati ekin zion.
80eko hamarkada amaieran, Billy Corgan musikari gaztea burumakur itzuli zen bere jaiotze-hirira, Chicagora. Floridatik zetorren, bera buru zuen The Marked rock banda gotikoarekin arrakasta lortu nahian egindako alferrikako bidaia batetik bueltan. Musikan izar bihurtzeko ametsak desegin berri zitzaizkion eta, porrotaren ostean, Corgan bigarren eskuko diskoak saltzen zituen musika-denda batean lan egiten hasi zen, toki hark ustekabeko bat ekarriko ziola susmatu ere egin gabe; izan ere, urte batzuk geroago, 1988an, musika-erlikiak gordetzen zituen "santutegi" horretan bertan, Corganek 90eko hamarkadako rock alternatiboko talde arrakastatsuenetako bat martxan jarri zuen: The Smashing Pumpkins. Dendan aurki zitezkeen adina genero musikalen eraginak zituen rock talde hura kritikak gehien goraipatutako hamarkadako taldeetako bat bilakatu zen eta, soilik AEBetan, 18 milioi disko saltzea lortu zuen. 12 urteko ibilbidea egin ondoren, taldea banatu egin zen. Orain dela bi urte, taldeko bi kide berriz batu eta agertokietara igo ziren, baina behinola lortutako distirarik gabe.
1982an Manchesterren (Ingalaterra) sortua, The Smiths rockaren historian bere izena urrezko letraz idaztea lortu duen talde horietako bat da. Agertokietan bost urte eskas egon bazen ere, laukote ingelesa 80ko hamarkadako rock banda handienetakotzat jotzen dute askok. Bere ibilbide laburrean, The Smithsek estudioko lau disko kaleratu zituen, gaur egun rock alternatiboaren historiako kultuzkotzat jotzen direnak.