Tomb Raider filmeko protagonista eta Batman & Robin pelikulako saguzar-gizona, edo beste era batera esanda, Angelina Jolie eta George Clooney aktoreak dira zinemaren historiako heroirik erakargarrienak. Hala dio behintzat aldizkari batean egindako inkestak. Angelina Jolie emakumezko heroi sentsualenen zerrendaren buru gelditu da, Jessica Albaren (Los 4 fantásticos filmeko protagonista) eta Hale Berryren (larruzko jantzi beltza janzten zuen Catwomana) aurretik. Gizonezkoen artean berriz, Clooney aukeratu dute heroirik erakargarriena, botoen %70a jaso du. Bere atzetik gelditu dira Supermani bizia eman zion aktorea, Christopher Revé eta azken Batmana, Christian Bale.
Planta cuarta film arrakastatsuan minbizia zuten haurren gaia jorratu zuen Antonio Mercerok. Oraingoan, Alzheimer gaixotasuna izango du hizpide zuzendari lasartearrak Y tu, ¿quien eres? pelikulan. Jose Luis Lopez Vazquez eta Manuel Alexandre aktore ezagunak izango dira lan horretako protagonistak. Uztailaren 31an hasi zuten grabaketa.
Metro Goldwyn Mayer Terminator pelikularen laugarren zatia prestatzen ari da, 1984an James Cameron eta Arnold Schwarzeneggerrek sortu zuten saga. Oraingoan ere, hirugarren zatian bezala, pelikula Jonathan Mostowek zuzentzea nahi du ekoiztetxeak. Baina Arnold Schwarzaneggerrek, oraindik Californiako gobernadore dena, ez dauka tarterik gidoi berrian. Terminator 4 beraz, ez da agertuko aurreko edizioetan pelikula identifikatu duen aurpegia.
El último gran héroe filmaren soinu bandan AC/DC taldearen "Big Gun" abesti ezaguna entzun daiteke, eta haren bideoklipean Angus Young beti bezala azaltzen da, eskolako haur jantzita. Bitxiena da bideoklip honetan Arnold Schwarzenegger ere azaltzen dela, bera ere eskola ume jantzita!. Egia esan, uniformea ez zaio Angus Young gitarristari bezain ondo gelditzen. Izan ere, Youngek 1,57 ez du neurtzen, eta uniforme horrekin benetan haurra dirudi. Baina Schwarzeneggerrek 1,88 neurtzen du eta, beraz, bere itxura nahiko barregarria da.
Austriako Armadan erabili zuen tankea itzuli dio Ohioko museoak Arnold Schwarzeneggerri, Kaliforniako Gobernadoreari. Schwarzenegger berak eskatu zuen tankea itzultzeko, Material Militarren Motts Museoak (Columbus,Ohio) jakinarazi duenez. M47 tankea duela zortzi urte maileguan eman zion aktoreak museoari. Schwarzeneggerrek Austriako gobernuari erosi zion tankea eta 1999an Columbuseko merkataritza-gune batera eraman zuen, Planet Hollywood jatetxearen irekiera ekitaldirako. Orain "etxetik gertu edukiko du, Kalifornian, tankeaz gozatzeko". Schwarzenegger 1965ean egon zen Austriako Armadan, zerbitzu militarra derrigorrezkoa zen garaian.