Sir Roger Moore aktoreak, 80 urterekin, bere izarra jaso du Los Angeleseko (Ameriketako Estatu Batuak) ospetsuen pasealekuan. Mundu osoan hain ezaguna egin zuen James Bond pertsonaia omentzeko, 7007 zenbakiaren aurrean jarri dute Roger Mooreren izarra. Moorek James Bonden zazpi film egin zituen: Live and let die izan zen aurrenekoa, 1973an. Azkena, berriz, A view to a kill izan zen, hamabi urte geroago. Moorek plaka nola bistaratzen zuen ikusten bertan ziren Kristina emaztea, eta Deborah, Geoffrey eta Christian seme-alabak. Ez zuten hutsik egin Jaws, The Spy Who Loved Me eta Moonraker filmetan bere pertsonaiaren arerioa izan zen Richard Kielek, ezta azken hori bezala aktoreak diren Stefanie Powersek eta David Hedisonek ere. Egun, Haurtzarorako Nazio batuen Fondoaren (UNICEF) borondate oneko enbaxadorea da Moore.
Alemanian, 70 urteko irabazle batek, alarguna eta seme-alabarik ez duena, zer esana eman du. Alemaniarrak 2.3 milioi dolarreko saria irabazi du baina dirutzarekin zer egin ez zekienez ukatu egin du. Horiek horrela, loteriako sari nagusia jaberik gabe geratu da. Bitartean, gainontzeko partaideek ez dute ulertzen nola norbaitek txartelak eros ditzakeen irabazi nahi ez baldin badu. Erantzuna berehala agertu da: irabazlearentzat parte hartzea bere emaztea zenak transmititu zion ohitura bat besterik ez da.
Millauko zubibidea (Frantzia) munduko altuena da. Norman Foster arkitekto britainiarrak diseinatu du lana eta 3.000 lagunek egin dute lan eraikuntzan. 290.000 tona pisatzen ditu eta hiru urtetan bukatu dute. Zutaberik garaienak 343 metro neurtzen ditu, Eiffel dorreak baino 19 metro gehiago. 250 kilometro orduko haize boladak jasateko prestatu dute zubia, eta bi kilometro eta erdiko luzera du.
Adrien Brody oscar saridun aktoreak zorte txarra duela erakutsi du, izan ere, The Darjeeling Limited pelikularen filmaketan biziaz ordaintzeko besteko bi ezbehar izan zituen. Filma Indian grabatu zuten, eta egun libreetako bat Elsa Pataky bere neskalagunarekin batera turismoa egiteko aprobetxatu zuen. Bikotea pick-up furgoneta baten atzealdean zihoan, Adrien Brody tente jarri zen eta Elsa Patakyri begira gelditu zen. Une paregabea zirudien bere neskari zerbait erromantikoa esateko... baina erromantizismoa bat-batean desagertu zen, izan ere, zintzilik zegoen elektrizitate kable baten azpitik igaro zen eta, Adrien zutunik zegoenez furgonetaren sabairik gabeko aldean, kableak aktorearen lepoa jo zuen, hain gogor, ezen furgonetatik bota zuela! Adrien Brodyk burua galdu izango zukeen furgoneta azkarrago joan izan balitz. Baina hori ez da guztia, izan ere, istripu hori jazo eta hilabetera, Indiako errepide batetik motorrean zihoan Brody eta beste ibilgailu bat aurreratu ostean, bat-batean bide erdian zegoen behi batekin egin zuen topo! Ahal izan zuen moduan galgatu zuen aktoreak motorra eta lurrera erori zen. Zorionez ez zuen zauri larririk jasan... eta, batez ere, ez zuen behia harrapatu. Izan ere, behiak animali sakratuak dira Indian; batek daki zer egingo zioketen Adrien gaixoari behia hil izan balu!
Arnold Vosloo aktoreak duen gorpuzkera Imhotep apaizaren papera egiteko ezinhobea zen, momia izenarekin ere ezaguna dena. Bere kontratuaren arabera, aktoreak, garezurra depilatzeaz gain, gorputz osoa ile barik utzi behar zuen. Birritan kendu zuen argizariarekin gorputzeko ilea Voslook, baina min handia ematen zuenez, ilea bizar-makinarekin kentzeko eskatu zien pelikulako taldekideei. Filmean ile barik agertu ahal izateko, Arnold Voslook egunean birritan depilatzen zuen bere gorputza.