Javier Menendez Flores idazleak zeluloideko aktore erakargarrienak izendatu ditu Guapos de leyenda liburuan. Gaur egungo eta iraganeko 31 gizonezko agertzen dira bertan. Filmografia azpimarragarria ez ezik, aurpegi polita ere badute horiek guztiek. Besteak beste, Marlon Brando, Paul Newman edo Brad Pitt daude hautatutakoen artean. Bestalde, egileak hainbat anekdota ere biltzen ditu antologia horretan, honakoak horietako batzuk: Hollywoodera heldu zenean Banderasek "zenquiu" ere ez zekien esaten; Robert de Niro aurrez aurre ikusi zuenean Bardem mugitu ezinik gelditu zen; Belmondok porrot egin zuen maitasun harreman askotan; Montgomery Cliftek mendetasunak zituen...
Ez Abierto hasta el amanecer, 107 birao dituen pelikula, ez Trainspotting 147 madarikaziorekin eta ezta Pulp Fiction ere, 265 biraorekin, hiruretako bat ere ez da zinemaren historian birao gehien dituen pelikula. Los golpes de la vida filmak dauka ohorezko postu hori. Gary Oldman aktoreak zuzendu zuen lehen pelikulan 428 birao esaten dituzte, minutuko hiru madarikazio baino gehiago. Bere atzetik, bigarren postuan, Casino dago, 398rekin eta hirugarren, berriz, Jarhead 335 biraorekin.
Mad Max pelikuletako zuzendariak, George Miller australiarrak, heroi apokaliptikoaren film berria egiteko asmoa agertu du. Baina oraingoan ez da Mel Gibson izango protagonista, zuzendariak paper hori egiteko zaharregia dela uste baitu. "Ez da Mel izango. 21 urte zituen lehenengoa (trilogiako lehena) egin zuenean, orain zaharragoa da eta pelikulak egitea eta zuzentzea gehiago gustatzen zaio", argitu du Millerrek. Zuzendariari duela gutxi eman diote animazioko pelikularik onenaren oskarra Happy Feet lanagatik eta, haren esanetan, oraindik ez du erabaki zein izango den Gibsonen ordezko aktore protagonista. Mad Max (1979) pelikularekin egin zen ezagun aktore australiarra. Bere ordezkoa aktore gazte bat izango omen da, "ahal bada izar bat", argitu du zuzendariak. Ez du ordea, kandidatuen izenik eman.
Mar adentro, Alejandro Amenabarren filma, Espainiako Estatuko pelikularik ikusiena izan da Japonen 2005ean. Pelikulak Ramon Sampedro tetraplejiko galiziarraren azken hilabeteak kontatzen dizkio ikusleari. Sampedrok 30 urte egin zituen ohean, mugitu ezinik, eta heriotza duin baten alde borrokan.