Agian filma hilabete honetan helduko dela zinema-aretoetara Fri, 19 Jan 2007

Arkaitz Basterra Zalbide zinemagilearen Agian filma hilaren 26an estreinatuko dute Hegoaldeko zinema aretoetan. "Zaharregia, txikiegia agian" proiektuari buruzko dokumentala da. Egitasmo honek Kirmen Uribe poeta eta Mikel Urdangarin kantaria New York hirira eraman zituen 2003ko udaberrian. Beraiekin batera bi lagun joan ziren: Bingen Mendizabal hainbat filmetako musikaren sortzailea eta Rafa Rueda, PiLT taldeko kidea, emanaldiari sendotasuna eta dotorezia gehitzeko asmoz. Arrakasta handia eduki zuten bira horretan, eta orain filma batean islatuko da hori.

Dirty Dancing pelikulak 20 urte bete dituela Fri, 18 May 2007

Patrick Swayze eta Jennifer Grey aktoreek protagonizatutako zinema erromantikoaren klasiko honek 20 urte bete ditu. Nerabeei zuzendutako filmen artean ohorezko postua dauka pelikula honek. Dirty dancing filmarekin egin zen ezagun Patrick Swayze; dantza irakasle baten papera egiten zuen. Emakumezko protagonista Jennifer Grey zen, irakaslearekin maitemintzen zen nerabea. Pelikulak arrakasta handia izan zuen zinema aretoetatik kanpo ere, gainera kanturik onenaren Oscarra ere irabazi zuen, The Time of My Life abesti ahaztezinagatik, Jennifer Warnesek eta Bill Medleyk abesten zuten. Patrick Swayze ere ausartu zen abestera, She's Like the Wind. 20. urteurrena dela eta edizio berezi bat kaleratuko dute DVDan, pelikularen jarraitzaileen gozamenerako.

EL camino de los ingleses Banderasen filma Berlinalen izango dela Fri, 29 Dec 2006

El camino de los ingleses Antonio Banderasek zuzendu duen bigarren film luzeak Berlineko Zinema Jaialdian hartuko du parte, "Panorama Special" zinema independenteari eskainitako atalean. Festibala otsailaren 18an hasiko da. Aurretik, La ley del deseo Pedro Almodovarren lanarekin izan zen Banderas Berlinalen. Antonio Soler idazlearen liburuaren moldaketa da El camino de los ingleses pelikula eta, bertan, Alberto Amarilla, María Ruiz, Raúl Arévalo, Félix Gómez, Fran Perea, Marta Nieto eta Mario Casas aktoreek hartu dute parte. Gainera, Juan Diegoren eta Victoria Abrilen kolaborazio berezia du filmak.

El Capitan Trueno pantaila handira helduko dela Fri, 15 Dec 2006

Pau Vergarak, Maltes produkzio-etxekoak, eta Victor Morak, El Capitan Trueno komikiaren autoreak, akordioa sinatu dute pertsonaia zinemara eramateko. Pelikularen behin-behineko izenburua Las aventuras del Capitan Trueno izango da eta Mora arduratuko da gidoia gainbegiratzeaz. Alatriste eta Los Borgia filmek izan duten arrakasta kontuan hartuta, Vergara baikor azaldu da pelikulak dituen aukerei buruz. "Proiektuak merezi duen maila ematea espero dugu. Badakigu zaleen, irakurleen eta publikoaren ikusmira oso handia dela", esan du valentziarrak. Oraindik ez dute Trueno antzeztuko duen aktorearen izena ezagutzera eman, baina "komikiaren eta pertsonaiaren mailan egongo da", esan du ekoizleak.