Aktore ezagunak Oscar saria irabazi zuen It Happened One Night filmarekin, eta Akademiak berriro ere izendatu zuen Oscar sarirako Mutiny on the Bounty eta Gone With the Wind filmetan egin zuen lanagatik. Gainera, 1931.etik 1940.era hainbat filmen protagonista izan zen Gable, eta Hollywoodeko izar handi bilakatu zen.
William Clark Gable 1901. urteko otsailaren 1ean sortu zen Ohion (AEB). Gurasoek (William H. Gable findegi batean lan egin zuen baserritarra eta Adeline Hershelman) izan zuten seme-alaba bakarra zen bera. Gerora aktore izango zenak zazpi hilabete baino ez zituenean Adeline ama hil zen eta familia osoa Hopedalera aldatu zen. Haiekin batera Jennie Dunlap Gable jaunaren bigarren emaztea joan zen.
Akademiako diziplina gustuko ez zuenez, ikasketak utzi eta pneumatikoen lantegi batean hasi zen lan egiten Clark Gable. Aisialdian, antzezlanak ikusten zituen, eta, horrek, bere zaletasuna piztu eta talde amateur batean hasi zen. Taula gainean, hainbat obra antzeztu zituen, betiere lanbidea utzi gabe, eta azkenik Broadwayn debuta egin zuen, Josephin Dillon aktore eta antzerki zuzendariaren esku.
Bere dohain apartei eta Dillonen gomendioei esker, zinema munduan paper xumeak antzeztu ahal izan zituen 20ko hamarkadan. Horren ildotik, Forbidden Paradise (1924) eta The Merry Widow (1925) filmetan hartu zuen parte, besteak beste. Hala ere, lan horiek ez zuten Gableren "gosea" ase, eta Broadwayra itzuli zen berriz. The Last Mile obran lan egin zuenean, Lionel Barrymore liluratuta utzi zuen, eta horrek Irving Thalbergi (Metro Goldwyn Mayer etxeko buruzagia) hitz egin zion Gableri buruz.
Ekoiztetxe horren baitan, The Painter Desert (1931) filmean bigarren mailako paper bat antzezten egin zuen debuta, eta beste hamaika pelikuletan hartu zuen parte ondoren. Horien artean garrantzitsuenak hauek dira: Enfermeras de noche (1931), Amor en venta (1932), No man of her own (1932), Extraño intervalo (1932), Tu eres mio (1933), Sucedio una noche (1934) (Oscar saria eskuratu zuen horri esker, eta izar bihurtu zen betiko), El enemigo publico numero 1 (1934), La llamada de la selva (1935), Mares de China (1935), Rebelion a bordo (1935), Sucedio en China (1937), eta Lo que el viento se llevó (1939).
Sucedio una noche pelikularekin Oscar saria eskuratu eta gero, beste bi izendapen jaso zituen Rebelion a bordo (1935) eta Lo que el viento se llevo (1939) filmetan egin zuen lanagatik.
No man of her own (1932) filmean, Carole Lombard aktorearekin egin zuen lan Gablek. Harekin 1939. urtean ezkondu zen, zenbait dibortzio izan ostean. Senar-emazteen etorkizuna iluna izan zen, emakumea handik hiru urtera hil baitzen. Horren ondorioz, depresio handia izan zuen Gablek eta, zinema utzita, Armadan aritu zen hiru urtez. Hitlerren begibeteko aktorea izan zen Gable, eta, diktadoreak estatubatuarra borrokan zegoela bazekienez, ordainsari mardula eskaini zion onik eramango zionari.
Arrazoi horiek direla eta (Lombarden heriotza batez ere), 40ko hamarkada ez zen garai oparoa izan harentzat, ez bizitza pribatuan ez profesionalean. Oso film gutxitan egin zuen lan, baina horietako batzuek arrakasta izan zuten, hala nola Fruto dorado (1940), The Hucksters (1947), Quiero a este hombre (1941), Strange Cargo (1940), eta Sublime decision (1948).
Urte batzuen ondoren, Metro etxearekin zuen kontratua bertan behera utzi zuen Gablek, eta 1949.ean Sylvia Ashleyrekin (bere laugarren emaztea) ezkondu zen. Mogambo (1953), Soldier of Fortune (1955), Run Silent Run Deep eta The Misfits (1961) filmetan, besteak beste, hartu zuen parte.
1960. urteko azaroaren 16an zendu zen Clark Gable 59 urte zituela. Bere azken borondatea egia bihurtzeko, Carole Lombarden (haren maite kutuna) ondoan hilobiratu zuten, 1955. urtetik Kay Sprecklesekin ezkonduta egon zen arren. Harekin izan zuen, gainera, seme-alaba bakarra: John Clark Gable.