Itzuli orri osora
Gerra-zinema eta bere klasikoak I
mar, 09 ago 2005 18:24:00 +0200

Gerra-zinemaren zeregina mundu zabaleko hainbat gatazkaren inguruan ikuspuntu argia ematea da, edo, beste barik, guztiontzat garrantzitsuak izan diren jazoera edo ekintzei erreferentzia historikoa egitea. All Quiet on the Western Front, Apocalypse Now eta Schindler´s List dira, besteak beste, generoaren film ezagunenetarikoak.

Garrantzitsutzat jotzen diren gertaera historikoei buruzko kontuak lantzen dituzte gerra-zinemako pelikulek. Askotan, ikuspegi zehatz bat kontuan hartuta egiten dituzte, baina baita aipamen soil gisa ere.

Bigarren Mundu Gerran herrialde askok zinema erabiltzen zuten jada, gatazkaren egoerari buruz zein ikuspegi zuten herritarrei jakinarazteko. Gainera, Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) Hollywoodeko industriaren ahalmena erabiltzen hasi ziren publizitatea egiteko.

Garai hartako aktore askok lan egin zuten genero horretako filmetan, eta Gregory Peck, John Wayne, Robert Mitchum, Henry Fonda eta William Holden dira, besteak beste, horren adibide. Gerra amaitu ostean, ordea, genero belikoa ahuldu egin zen, 1960ko hamarkadan indartu zen arte.

Zuzendari ugarik landu dute gerra-zinema. Beste askoren artean, Stanley Kubrikek Paths of glory egin zuen 1957. urtean, Melvyn LeRoyk, urte berean, Kwai ibaiko zubia zuzendu zuen eta Oliver Stonek Platoon (1986) eta Born on the Fourth of July (1989).

Zinemaren historian izan diren irudi historiko eta eder ugari genero honek eraman ditu pantailara. Gerrei buruzko filmak lantzen ditu gerra-zinemak, eta kutsu epikoa edo abenturazalea dute gehienetan. Hala ere, genero hauek guztiak euren artean ere nahasten dira pelikula askotan. Horrela, drama belikoaz, abentura belikoaz edota komedia belikoaz hitz egin dezakegu, betiere lanaren testuinguru sozial eta politikoa kontuan izanda.

Gehienetan, gerra-filmek unean-uneko ideologia nagusiaren alde egiten dute, abertzaletasun zantzu argiak erakusten dituzte eta, askotan, propaganda-instrumentu hutsak izaten dira. Hala ere, kontrako helburuarekin ere erabili izan dute zuzendariek genero hau: gerra bera edo agintariak kritikatzea.

Gainera, AEBetako zinemak munduan izan duen indarraren eraginez Ameriketako Estatu Batuetako armada film askoren protagonista izan da. Horrez gainera, Espainiako Gerra Zibilari buruzko hainbat eta hainbat film egin dira. Beste batzuen artean Las bicicletas son para el verano (Jaime Chavarri, 1983), Tierra y libertad (Ken Loach, 1994), Libertarias (Vicente Aranda, 1996), La vaquilla (L. G. Berlanga, 1985) eta ¿Ay, Carmela! (Carlos Saura, 1990) aipa ditzakegu.