Itzuli orri osora
Walt Disney: marrazki bizidunen aita (II)
lun, 11 jul 2005 18:23:00 +0200

Urte gutxiren buruan Walt Disney Company Zazpigarren Arteko enpresa garrantzitsuenean bilakatu zen. Pelikula ugari egin zituzten, besteak beste, Aliziaren Abenturak Lurralde Miresgarrian (1951) eta Mary Poppins (1964), eta enpresarentzat diru-iturri oso onak izan diren jolas-parke erraldoiak ere zabaldu zituzten. Walter Disney bera AEBetako gizon aberatsenetako eta maitatuenetako bat izatera iritsi zen.

Animazioaren munduan bere lekua ziurtatu zutenean, Walt Disney eta bere langileak ideia berrien gainean lanean hasi ziren. 1934an marrazki bizidunen bidez film luze baten iraupeneko istorio bat sortzea otu zitzaien. Saiakeraren emaitza 1937an estreinatu zuten: Edurnezuri eta zazpi ipotxak pelikula arrakastatsua. Soinu Onenaren Oscar saria, New Yorkeko kritikarien sari berezia eta Veneziako Zinemaldiko sari bat eskuratu zituzten.

Hurrengo urteetan, Disney etxeko beste hainbat film klasiko egin zituzten, besteak beste, Pinotxo (1940), Dunbo (1941), Fantasia (1941) eta Banbi (1942). Hala ere, garai latzak ere pasa behar izan zituzten: hainbat langilek, nagusien jarrerarekin nekatuta, enpresa utzi eta United Productions of America sortu zuten.

50eko hamarkadatik aurrera, animazio hutsaz gainera, aktoreekin egindako pelikulak ere egin zituzten. Arrakastatsuena, Mary Poppins, 1964an estreinatu zuten. Bost Oscar sari irabazi zituzten: Emakumezko Aktore Onenarena (Julie Andrews), Irudi Efektu Onenarena, Editatze Onenarena, Soinu Banda Onenarena eta Musika Onenarena. Horrez gainera, beste hainbat sari ere eskuratu zituen (Urrezko Globoak...). Garai hartan egin zituzten beste pelikula hauek ere: Altxorraren uhartea (1950), Robin Hood (1951) eta The Sing of Zorro (1958).

Animazio soila egiten ere jarraitu zuten, noski. Urte hauetan estreinatu zituzten gaur egungo haurrek oraindik ere gustura ikusten dituzten hainbat klasiko: Errauskine (1950), Aliziaren Abenturak Lurralde Miresgarrian (1951), Peter Pan (1953), Lady and the tramp (1955), Loti ederra (1959) eta 101 Dalmatians (1961).

Hala ere, Walt Disneyren ametsetako bat bere pertsonaietan oinarritutako jolas parke bat sortzea zen. 1955ean egia bihurtu zuen amets hura Anaheimen (Kalifornia) Disneyland zabaltzea lortu zuenean. Walter Disney hil ostean, beste bi gehiago zabaldu zituen enpresak: 1971an Disneyworld Orlandon (Florida) eta urte batzuk geroago Disneyland Paris, Frantziako hiriburutik gertu. Parke hauek oso diru iturri oparoak izan dira munduko enpresa handienetako bat bihurtu den Walt Disney Companyrentzat.

Walter Elias Disney 1966an hil zen 65 urte zituela, birikako minbiziak jota. Forest Lawn (Los Angeles) herriko hilerrian familiak daukan mausoleoan daude bere errautsak; hala ere, bere heriotzari buruz esamesa ugari zabaldu izan dira. Familiak ez zuen hileta ikuskizun bihurtzerik nahi eta beraz isilik eduki zuten, harik eta erraustu zuten arte. Isiltasun horren ondorioz, Disney hilik egon ordez, krionizatuta zegoela esaten hasi zen jendea, hau da, izoztuta eta nitrogenotan sartuta zero azpitik 196 gradutara, medikuntzak haren gaitzaren aurkako botika aurkitzen duenean esnatzeko moduan.

Walt Disneyk aitorpen ugari jaso zituen zinema munduari egin zizkion ekarpenengatik. Bizi zen artean 30 Oscar sari baino gehiago jaso zituen bere enpresak ekoiztutako pelikulengatik. Horrez gainera, AEBetako presidenteak ematen duen Askatasunaren Domina (herrialde hartako garrantzitsuena) eta Yale, Harvard eta Kaliforniako unibertsitateetako diplomak jaso zituen.

Disney hil ondoren ere, berak sortutako enpresa gehiago hazi da, eta zinemaren industrian punta-puntan jarraitzen du. Azken urte hauetan ere pelikulak egiten jarraitu dute, eta hauek dira aipagarrienak: Aladdin (1992), Lehoi erregea (1994), Pocahontas (1995), Toy Story (1996), Atlantis (2000) eta Monsters, Inc (2001).