Walter Elias Disney (1901-1966) marrazki bizidunen industriaren oinarriak ezarri zituen gizona eta munduko zinema-enpresa handienetakoaren sortzailea izan zen. Mickey Mouse arratoiaren sortzailetzat daukate, eta berak edo bere langileek sortutakoak dira Donald ahatea, Dunbo elefantea eta Banbi oreina.
Walt Disney Chicagon jaio zen 1901ean, bost seme-alaba zituen familia batean. Haurra zela sortu zitzaion marrazkigintzarako grina (zazpi urterekin lehen marrazkiak saldu zizkien bizilagunei), baina horretatik bizitzea I. Mundu Gerratik itzuli ostean erabaki zuen. Gurutze Gorriko anbulantziak gidatu zituen gerran, eta beti karikaturez eta marrazkiz inguratuta ibiltzen omen zen. Ondoren, Mckinley Institutuan eta Chicagoko Arte Ederren Akademian ikasi zuen.
Bere lehen lana publizitate agentzia batean lortu zuen, eta bertan ezagutu zuen Ub Iwerks, bazkide eta lagun handia izan zuena. Mickey Mouse, adibidez, Iwerksek sortu zuen, nahiz eta jende gehienak Disneyk berak egindakoa dela uste duen.
20ko hamarkadan Hollywoodera aldatu zen Walt Disney, Ub Iwerks eta Roy O. Disney anaiarekin batera. Hiruren artean enpresa sortu eta lehenengo pausoak eman zituzten zinemaren munduan: Aliziaren Abenturak Lurralde Miresgarrian Lewis Carrollen eleberrian oinarritutako film laburra egitea otu zitzaien. Marrazkiak eta hezur-haragizko neskato baten irudiak nahastu zituzten eta arrakasta itzela lortu zuten; ondorioz, marrazki bizidunen sail bat egin zuten Disneyren filmean oinarrituta.
Pixkanaka, marrazki eta istorio gehiago sortzen joan ziren, harik eta 1928an euren pertsonaia ezagunena, Mickey Mouse sagua, jaio zen arte. Mundu osoan ezaguna den sagutxo honen lehen abenturak soinurik gabeak izan ziren. Garai haietan, ordea, soinua zineman sartzen hasi zen, eta Disney etxekoek ez zuten atzean gelditu nahi izan. Walt Disney bera izan zen hurrengo sailetan Mickeyri ahotsa jarri ziona. Silly Symphonies sailean eduki zuen sagutxo honek arrakasta handiena, Minnie Mouse, Goofy, Pluto, Donald ahatea eta beste hainbat pertsonaiaren ondoan.
Marrazki bizidunen arrakastaren ostean, marketing operazio handia egin zuen enpresak Mickey Mousekin eta bere irudia zuten milaka produktu saldu zituzten. Honela, ondoren izango zen enpresa handi eta garrantzitsuaren itxura hartzen hasi zen Walt Disney Company. Animazio zinema garatzeko bidean garrantzi handia izan zuten bai Disney jaunak bai bere enpresak.
Pelikuletan soinua sartzea aurrerapen handia izan bazen, koloreak iraultza ekarri zuen. Flowers and Trees (1932) kolorea erabilita egindako lehen saila, Oscar saria irabazi zuen lehen animzio pelikula ere izan zen. Hiru txerritxoak (1933) pelikulak ere arrakasta itzela lortu zuen.
Profesionalki gauzak ongi zihoazkion, baita bizitza pertsonala ere. 1925ean Lilian Boundsekin, bere lehen langileetako batekin, ezkondu zen Lewinstonen, Idahon. Bi alaba izan zituzten, Diane eta Sharon.