Itzuli orri osora
Cabaret, zinema musikalaren klasikoa
jue, 23 jun 2005 18:23:00 +0200

Goodbye to Berlin Christopher Isherwoodek idatzitako nobelan du jatorria pelikula honek. Autore britainiarra Berlinen bizi izan zen 1930eko hamarkadan, eta esperientzia horixe islatu zuen liburuan. 1951n, John Van Drutenek eleberria antzerkirako moldatu zuen I am a Camera lanean. Ondoren, Fred Ebbek eta John Kanderrek Cabaret-en bertsio musikala sortu eta Broadwayn estreinatu zuten 1969an. Hiru urte igaro ondoren, Bob Fosse dantzari eta koreografoak zinemara eraman zuen, eta lan horrek zortzi Oscar sari irabazi zituen.

Cabaret filmaren istorioa Alemanian girotuta dago, 1930eko hamarkadan. Liza Minnelli da protagonista, eta Sally Bowles Berlingo Kit Kat Clubeko kabaret-dantzariaren papera egiten du. Zinemako aktore famatu izatea du xede, eta, horretarako, egunero aritzen da beharrean. Halako batean, Brian Roberts (Michael York) idazle ingelesa agertuko da Sallyren bizitzan, eta harreman berezia edukiko dute.

Istorioaren zati erromantikoa apur bat nahastuko da, gainera, Max von Heune baroia (Helmut Griem) iristen denean. Izan ere, hiru pertsonaien arteko amodio-tirabira eragingo du azken honek. Bestalde, Marisa Berenson eta Joel Grey aktoreek ere parte hartu zuten pelikulan.

Liza Minnelli da protagonista nagusia. Vincent Minnelliren eta Judy Garlanden alaba da Liza, eta hiru urte baino ez zituenean, agertu zen zineman lehen aldiz, In the Good Old Summertime filmean. Zazpi urterekin, Swanee musikalean lan egin zuen, eta horixe izan zen Broadwayn eman zuen lehen urratsa. Hainbat ikuskizunetan aritu ostean, 1973an Oscar saria eskuratu zuen, hain zuzen, Cabaret-en egindako paperari esker. Hala ere, drogak eta alkohola gustuko izan ditu beti, eta horrek erabat baldintzatu du bere ibilbide profesionala.

Bestalde, Michael Yorkek film honetan egindako lana bigarren aktore onenaren Oscar saria emanez goraipatu zuten 1973an. Horrez gain, honako maila hauetan ere izan zen Cabaret jaun eta jabe: zuzendari, argazkilaritza, soinu, muntaia, zuzendaritza artistikoaeta soinu banda egokitu onenen sailetan. Arrakasta horrek leihatilan ere izan zuen isla, Ameriketako Estatu Batuetan 42.765.000 dolar bildu zituztelako.

Musikala izaki, pertsonaiak eta argumentua ez dituzte horrenbeste lantzen, melodiak baitira protagonista. Hortaz, koreografiak eta abestiak prestatzen ahalegintzen dira bereziki. Horren haritik, Cabaret-en agertzen diren musika-ikuskizunek arrastoa utzi dute, Liza Minnelliren interpretazio bikainari esker. Besteak beste, "Mein Herr", "Maybe this time", "Cabaret" eta "Money money" abestiek osatzen dute soinu banda. Gainera, "Tomorrow belongs to me" abestia ere aipagarria da, izan ere, Hitlerren aldeko gazte batek interpretatu zuen, eta, harrezkero, hainbat mugimendu neonazik bere egin dute kanta.

Ekoizpen honek genero musikala eraberritu zuen 1972an, eta gaur egun, zuzendari askok eramaten dituzte aurrera halako proiektuak. 2001ean, Moulin Rouge (Baz Luhrmann) estreinatu zen, Ewan McGregor eta Nicole Kidman aktoreekin. Handik urtebetera, Rob Marshallek Chicago musikala egin zuen. Beraz, denborak aurrera egin arren, etengabe lantzen duten generoa da.