Zinemaren historian eman diren aurrerapausoek erabat markatu dituzte dokumentalak egiteko modua eta sortu diren eskolak. Hori dela eta, estilo gehienak 50eko eta 60ko hamarkadetan jaio ziren, zineman iraultza teknologia izan zenean. Landutako gaiak ere aldatuz joan dira denborarekin: hasieran gizarteko fenomenoak jasotzeko grina zabaldu zen, gero naturarekin hasi ziren lanean eta gaur egun politikak ere indar handia du.
Dokumentalaren historian zehar joera ugari sortu dira. Richard Leacock zuzendariak, esaterako, observational cinema deitzen zuena lantzen zuen. Kamera geldi jarri eta grabatzen zuenarekin dokumentala osatzea zen haren filosofia. Ez zuen inoiz errealitatean eragin nahi, bere horretan jaso baizik.
Frantzian, bestalde, kontrako joera garatu zen, cinema verité estiloarekin. Bultzatzaileen iritziz, kamerak gertakizunaren katalizatzaile gisa funtzionatu behar zuen, hau da, gertaerak sorrarazi eta bertan parte hartzen duten izakiekin harremana izan. Zuzendari horiek ez zuten errealitatea den bezala jaso nahi, baizik eta bere gainean eragin beste zerbait lortzeko. Jean Rouch da mugimendu honetako zuzendaririk ezagunena.
Jaques Cousteau eta beste hainbat zuzendarik natura eta giza bizitzari buruzko dokumentalak jorratu zituzten gehin. Bere zaletasuna nabaria zen gaztetatik, kristalezko poto batean sartutako argazki kamera batekin ur azpiko argazkiak ateratzen jarduten baitzuen. 1956an Urrezko Palma irabazi zuen Cannes hiriko Zinemaldian Monde du Silence Louis Mallerekin batera egin zuen filmarekin.
Dokumentalaren bidez XX. mendeko historia ere jaso da, kronika moduan. Claude Lanzmann zuzendaria, esaterako, honetan aditua izan zen, eta Shoah pelikulan holokaustoa iruditan jaso zuen artxiboko irudietara jo gabe. Hura bizi izan zutenen testigantzak, bai biktimenak bai borreroenak, jaso zituen dokumentu honetan.
Beste zuzendari batzuek propagandarako egiten zituzten dokumentalak. Kasurik ezagunena Leni Riefenstahl alemaniarrarena da. Hitler emakume honen inguruko guztiarekin zoratuta zegoen eta bere alderdiari buruzko hainbat film egiteko eskatu zion, Der sieg des gaubens (1933) eta Triumph des willens (1936), esaterako. Hala ere, bere obrarik onena Olympia (1937) izan zen. Ideologikoki oso lan polemikoak egin bazituen ere, teknikoki oso zuzendari ona zen eta, grabazioan zailtasunak azalduz gero, irudimen handia zeukan.
Azkenik, gerrak ere izan dira dokumental bat egiteko aitzakia. II. Mundu Gerran Paul Rotha eta Roy Boulting aritu ziren horretan. Pelikula horien helburua nazio sentimendua handitzea, soldaduak animatzea eta familiak lasai edukitzea izan zen.
Gaur egun berriz ere indarra hartu eta zineman bere lekua egiten ari da dokumentala, urteetan telebistara soilik mugatuta zegoela ematen bazuen ere. Michael Moore, Julio Medem, Arturo Cisneros, Jose Luis Guerin eta beste hainbat zuzendarik jendea berriz erakarri dute Bowling for columbine, Euskal pilota. Larrua harriaren kontra, Bagdad Rap edota En construcción pelikulekin.