Itzuli orri osora
Dokumentalak: errealitatea zuzenean jasoz (I)
jue, 20 ene 2005 18:22:00 +0100

Hasiera-hasieratik, inguruan zegoena grabatu eta jendeari erakusteko helburuarekin jaio zen zinema. Hala ere, adituek 1922an kokatzen dute dokumentalaren sorrera; Nanook Robert Flaherty pelikularekin batera sortu zutela diote. Lan honetan Artiko aldeko eskimalen ohiturak jaso zituen Flahertyk, garai hartako teknologia zinematografiko aurreratuenak erabiliz.

Dokumentala zinema didaktikoa dela esan daiteke, errealitatea jaso eta erakustea baitu helburu. Naturako fenomenoak, animalien bizimodua, gerrak, politika eta historiako bestelako pasarteak, gizarte eta kultura mota ezberdinak, eguneroko kontu xumeak... gai askoren inguruan egin dituzte dokumentalak.

Hasierako urteetan zailtasun handiak izaten zituzten dokumentaletako zuzendariek. Kamerak oso astunak ziren eta ez zen erraza horiekin kalera irtetea; beraz, batzuetan, inguruan ikusitako platoetan grabatzen aritzen ziren.

Lehenengo urte hauetan Brighton Eskola izeneko joera bat nabarmendu zen Britainia Handian. Naturan, kanpoan, grabatzen zuten guztiek, dekoratu tristeak baino, argi asko erabiliz. Horrekin batera, lehen planoa, travellinga eta muntaia beste inork baino lehenago erabili zituzten. Baliabide horietako batzuk agertu ziren dagoeneko The big Swallow (1901) Georges Albert Smithen filmean.

Zineman egin ziren aurrerapen guztiek eragina izan zuten dokumentaletan ere. Hala ere, dokumentalentzat teknikaren benetako iraultza 50eko eta 60ko hamarkadetan etorri zen. Garai horretan egin zuten bat magnetoskopioak eta kamerak, beraz, irudia eta soinua batera grabatzea posible egin zuten eta kamerak asko txikitu ziren.

Horrek posible egin zuen, kamera eta mikrofonoa bizkarrean hartuta, kanpoan gauzak grabatzen hastea. Ordura arte, irudia alde batetik grabatzen zen eta, askotan, gertaera hura berriro grabatzen saiatzen ziren soinua jaso ahal izateko. Beste batzuetan, argiari zegozkion arazoak sortzen ziren, gauean filmatu behar zelako. adibidez. Arazoa zen, foku bereziak erabiltzean, zuzenean eragiten zela errealitateko gertaera horretan.

Denborarekin, aurrerapauso handiak egin dira, gehienbat naturako fenomenoak eta animaliak grabatzen asko lagundu dutenak: urpeko kamerak, animalien gorputzari atxiki dakizkiekeen kamera txikiak, izpi infragorridun kamerak, lente mota asko, zooma... Muntaiari dagokionez ere gauza berriak asmatzen ari dira etengabe.

Teknologiak aurrera egin duen heinean, dokumental motak aldatu egin dira. Zuzendari batzuek errealitatea den bezalakoa jasotzea nahiago izan dute. Beste batzuek, ordea, gertaeretan eragitea positibotzat jo izan dute, honela, produktu ezberdinak lortu ahal izateko.