Azken hamarkadotako zinemagile polemiko eta garrantzitsuenetakoa da Spike Lee. Gidoigile, ekoizle eta aktore lanak egin izanagatik ere ezaguna, zuzendari estatubatuarrak gai polemikoak izan ditu beti hizpide bere ibilbide zinematografikoan; afroamerikarren egoera, arraza arteko harremanak edota txirotasuna dira, besteak beste, bere ibilbide luzean gehien jorratu dituen gaiak. Leeren filmografia oparoa da zinez eta, 1986an debuta egin zuenetik, hogeita hamar pelikulatik gora zuzendu ditu, tartean, Do the Right Thing, 25th Hour edota Malcom X ezagunak.
Shelton Jackson "Spike" Lee 1957ko martxoan jaio zen Atlantan (AEB). Aita jazz kontrabaxista zen eta ama, berriz, arte eta literatura afroamerikarraren irakaslea; amarekin zuen harreman estuaren ondorioz etorri zitzaion kulturarekiko kezka Leeri. Spike txikia jaio eta gutxira, familia Brooklynera (New York) joan zen bizitzera eta, hain zuzen, hiri horretan bizi eta heldu zen zinemagile estatubatuarra.
1976an bere ama hil egin zen eta, ordutik aurrera, aitarekin harremana hautsi zuen Leek. Hartara, amaldeko amama izan zen New Yorkeko Unibertsitateko zinema ikasketak ordaindu zizkiona. Amamaren laguntza eskuzabala eskertzeko, Lee nota bikainez graduatu zen eta, ondoren, Joe's Bed-Stuy Barbershop izeneko pelikula zuzendu zuen graduondorako tesi gisa; lan horri esker, zuzendari gazteei zuzendutako sari bat lortu zuen.
She's Gotta Have It, arrakastarako lehen pausoa
1986an, diru-laguntzak eta maileguak lortzeko lan nekeza egin ostean, zuzendari estatubatuarrak bere lehen film luzea zuzendu zuen: She's Gotta Have It. Zuzendariaz gain, Lee pelikulako gidoilaria eta aktorea ere izan zen. Brooklynen girotuta, komedia honek industriaren ateak zabalduko zizkion. She's Gotta Have It filmeak 175.000 dolar kostatu eta 7 milioitik gora bildu zituen eta, arrakasta horri, AEBetako zinemagintzan arraza beltzeko zuzendaririk ia ez zegoela gehituta, Spike Lee sekulako ospea lortzen hasi zen mundu mailako industria zinematografikoan. Bere lehen lanak hainbat sari eskuratu zituen, besteak beste, Canneseko Jaialdiko zuzendari gazte onenei banatutakoa.
Bere estreinaldi arrakastatsuaren ondoren, 1988an, Lee School Daze filmatzen hasi zen. Ikasle afroamerikarrak zituen AEBetako hegoaldeko unibertsitate batean girotuta, bere bigarren proiektu honetan ikasle talde biren arteko etengabeko eztabaidak kontatu zituen; talde horietako bat AEBetako bizitza estiloan erabat murgilduta zeuden ikasle batzuez osatuta zegoen eta, bestea, Unibertsitateko agintarien kontra borrokatzen zuten gazte aktibista batzuez.
Egizu egin beharrekoa, ospea ate-joka
1989an Leeren hirugarren film luzea estreinatu zen: Egizu egin beharrekoa. Zinemagile estatubatuarrak zuzendu, ekoitzi eta protagonizatutako pelikula polemikoak arraza arteko aurriritziak eta tentsioak zituen hizpide eta inflexio-puntua ekarri zuen Leeren ibilbidean. Arrazen arteko problematika ikuspuntu askotatik aztertu zuen Leek pelikula honetan. Brooklynen girotuta, beltzak, hispanoak, hegokorearrak eta italiar-amerikarrak elkar bizi ziren auzo bateko eguneroko bizitza aurkezten zuen filmeak, auzoko pizza-banatzaile baten ikuspuntutik. Pertsonaia horren parera Spike Leek berak antzezten du eta istorioa osoaren hari eroalea da.
Egizu egin beharrekoa lanak iraultza ekarri zuen industria zinematografiko estatubatuarrera. AEBetan bizi zen arraza arteko egoerari zorroztasunez eta zehaztasunez ekin zion Leek, eta bere lana ez zen ustekabean pasatu. Pelikulak lortutako diru-sarrerek inbertsioa seikoiztu egin zuten eta kritikaren babesa eta onespena lortu zuen; hartara, Oscarretarako izendatu zuten, Jatorrizko Gidoirik Onenaren sarirako.
(Argazkiak: Imdb.com)