Honen gaitasuna ikusirik, jende askok gisa horietako filmetan ia zergatik zebilen galdetzen zion artistari, eta berak, aktorea zela eta bere lana antzeztea zela erantzuten zien. Vincentek lanean irabazten zuen dirua artean finantzatzen zuen, eta horrela, Beverly Hillsen galeria bat irekitzea lortu zuen. Gainera, 80 egunkaritan argitaratu zen zutabe bat idatzi zuen, eta Ameriketako Estatu Batuetako Arte Indigenen Saileko presidente izendatu zuten. Hori gutxi balitz bezala, artearen inguruko hainbat liburu idatzi zituen.
Baina artea ez zen bere pasio bakarra, izan ere, Pricek izugarri gustoko zuen gastronomiaren mundua. Hala, 70eko hamarkada erdialdera sukaldaritzaren inguruko telesailak aurkezteari ekin zion, eta sukaldaritzako hainbat liburu idatzi zituen. 1971n Hamiltonen (Kanada)The Hilarious of Frightenstein haurrentzako telesailean parte hartzea onartu zuen. Urte horretan bertan The Abominable Dr. Phibesen aritu zen eta 1973an, berriz, Theatre of Blooden.
Alice Cooperrekin elkarlanean
Murriztu egin ziren Pricek filmetan egiten zituen agerraldiak eta ahotsarekin hasi zen lanean. Aurrekontu gutxiko beldurrezko filmetan zuen arrakasta ikusirik, Pricek proposatzen zioten pelikula guztietan ahotsa jartzen hasi zen. Alice Cooper Pricen zale amorratua zen, Pricen beldurrezko klasikoak ikusten hazi baitzen.
Alice eta Vincent hiru bider aritu ziren elkarrekin beharrean: Alice Cooper: The Nightmare (1975) telebista saioan aktoreak Ametsgaiztoen Ispiritua hezurmamitu zuen; Welcome to My Nightmare (1975) pelikulan, berriz, armiarma bati ahotsa jarri zion; eta The Strange Case of Alice (1979) bideoan, narratzaile papera hartu zuen.
Ibilbideko azken urteak
Jendeak mundu makabroarekin identifikatzen zuen oraindik ere aktorea, eta azken urteetan ere onurak jasotzen jarraitu zuen. 1980an, PSB kateak Mystery telesaila aurkezteko aukeratu zuen Price, eta 1982an John Landis zuzendariak Thriller Michael Jacksonen bideoklip mitikorako poema bat ozen irakurtzeko eskatu zion. Era berean Tim Burton zinemagile gaztearengan eragin handia izan zuen. 1982an animaziozko film labur beltz bat grabatu zuen Vincent izenburupean. Aktore izateko obsesionaturik zegoen mutil gazte baten historia kontatzen du film honek.
Priceri izugarri gustatu zitzaion proeiktua, eta narratzailea izatea onartu zuen. Zortzi urte geroago, Burtonek bere ametsa bete zuen, aktoreak Edward Scissorhands filmean lan egin baitzuen. Hau izan zen Pricen ibilbide luzearen azken lana. Ordurako aktorea gaixorik bazegoen ere, indarra atera eta bere zaletuei profesionaltasunaren ikasgaia eman zien.
Vincent Price 1993ko urriaren 25an, 82 urte zituela hil zen biriketako minbiziak jota Hollywood Hillseko (Los Angeles) bere etxean. Honen heriotzarekin, munstro eta arlote gisa lan egin zuten zenbait aktorek agur esan zien zinemaren munduari: Lon Chaney, Bela Lugosi, Boris Kalorff, Peter Lorre... guztiak beldurrezko zinemaren goreneko aldikoak. Vincent Price aktore bikaina eta imitaezina izan zen.
(Argazkiak: IMDb)