Itzuli orri osora
Maureen O'Hara, edertasun eta talentu handiko aktorea
vie, 16 abr 2010 15:32:00 +0200
Irlandako antzezleak 50 film baino gehiago egin ditu, tartean, Rio Grande, The Hunchback of Notre Dame, How Green Was My Valley eta The Quiet Man. Ilegorriak John Wayne izan zuen bikotekide hainbat pelikulatan, eta horrek ospe handia eman zion Hollywooden.

Maureen O'Hara -benetako abizena Fitzsimmons da- Ranelagh herrian (Irlanda) jaio zen 1920ko abuztuaren 17an. Aktore aparta izateaz gainera, ederra ere bazen, eta horrek 40ko eta 50eko hamarkadetako Hollywooden izar ospetsu bihurtu zuen.

Txiki-txikitatik aktore-lana gustuko zuen, eta 30eko hamarkadaren erdialdean irratsaioetan eta umeentzako antzezlanetan lan egiten hasi zen.Walter Fordek zuzendutako Kicking the Moon Around musikalarekin egin zuen debuta zineman. Urte bat beranduago lehendabiziko paper garrantzitsua lortu zuen, Alfred Hitchcocken Jamaica Inn pelikulan; Charles Laughtonekin batera aritu zen. Aktoreak Hollywoodera joateko gonbita egin zion, eta The Hunchback of Notre Dame film luzean bere bikotea izateko aukeratu zuen. Hala, O'Harak pelikula horretako pertsonaia nagusia gorpuztu zuen.

40ko hamarkadan Irlandako aktoreak pelikula ospetsu ugari egin zituen: How Green Was My Valley, The Black Swan, Ten Gentlemen from West Point, This Land Is Mine, Sinbad the Sailor, Miracle on 34th Street, Bagdad eta Sitting Pretty, besteak beste.

1950ean John Fordek zuzendutako Rio Grande "western"aren protagonista izan zen, John Waynerekin batera. O'Hara eta Wayne lagun handiak izan ziren, eta beste hainbat pelikula antzeztu zituzten elkarrekin: The Quiet Man, The Wings of Eagles, McLintock! eta Big Jake.

O'Harak At Sword's Point, Flame of Araby, Kangaroo, Against All Flags, Lady Godiva of Coventry eta Malaga filmetan ere protagonista lanak egin zituen.

Gutxika-gutxika Hollywoodetik aldentzen joan zen, batik bat, telebistan lan egiteko. Garai hartako pelikulen artean The Parent Trap (ahizpa bikien ama zen), Spencer's Mountain eta Mr. Hobbs Takes a Vacation -"James Stewart" izan zuen bikote- nabarmendu behar dira.

1991n ikusi genuen azkenekoz zinema-aretoetan,Only the Lonely familia osoarentzako komedian, John Candy eta Ally Sheedy aktoreekin batera. Horren ostean, bizpahiru telefilm egin zituen. Pelikula gehienetan izaera handiko emakumeak gorpuztu zituen.

Ikusle nahiz kritikarien onespena jaso izan du, eta Hollywoodeko Walk Of Fame paseoan izarra ere badu.

Antzezle ezaguna hiru aldiz ezkondu zen: George H. Brown Ingalaterrako produktorearekin, Will Price zinemagilearekin (Tripoli zuzendu zuen) eta Charles F. Blair abiazio-jeneralarekin. 2004. urtean autobiografia kaleratu zuen "Tis Herslef" titulupean, eta gaur egun Birjina uharteetan bizi da.

(Argazkiak: 1: dcine 2, 3, 4, 5: IMDb 6: Wikipedia)