New Yorkeko Brooklyn auzoan jaio eta hazi zen, eta zorigaiztoko haurtzaroa izan zuen. Honen familia egoera ezegonkorrean bizi zen. Aitak zerbitzari lanetan jarduten zuen, eta ez zen apenas etxean egoten. Gainera, askok diote urritasun fisikoa zuela, eta ama eta alabari tratu txarrak ematen zizkiela. Ama, berriz, emagaldua zen, eta epilepsia eta buruko gaitzak zituen. Familiako hirugarren alaba zen, baino honen beste anai-arrebak hilda jaio ziren, eta hori dela medio, amak, honekin ere gauza bera pasako zelakoan, ez zion jaiotza-ziurtagiririk egin.
Bizitza horretatik alde egiteko asmoz, Clara pelikulen munduan murgildu zen. Pelikulen inguruko hainbat lehiaketetan parte hartu zuen, eta egun batean, Clararen bizitzak izugarrizko bira eman zuen, izan ere, aipatu lehiaketa horietako batean garaile suertatu zen edertasunaren saria jasoz. Saria pelikula batean figurante gisa aritzea zen.
Bowk amaren aurka borrokatu behar izan zuen, izan ere, honek aktore lanetan aritzea emagalduen kontua zela esaten zuen behin eta berriro. Horregatik behin baino gehiagotan aktoreak herio mehatxuak jasan behar izan zituen amarengandik. Clararen ama 1923an zendu zen, hain juxtu alaba zinemaren munduan bere ibilbidea egiten hasi zenean. Bowren bizitza aldatu egin zen B.P Schulberg ezagutzean . Paramount boteretsuarekin elkartu zen Schulberg, eta Clarak ere berarekin batera hegan egin zuen mendebaldeko kostaldera Hollywoodeko lur eguzkitsuetan bere ibilbidea hastera.
"It Neska"
1920ko hamarkada erdialdean Paramount aktore berriaren publizitatean zentratu zen, eta hala, The Plastic Age (1925) edo Mantrap (1926) filmetan parte hartu zuen. Baina Bowren goreneko aldia 1927an Clarence Badgerrek zuzenduriko It filmarekin heldu zen, hala zinema mutuko izar bilakatuz.
Une hartatik aurrera Clara "It Neska"n bihurtu zen. Prentsak gertutik jarraitzen zituen Bowren maitasun-harreman guztiak. Izan zituen maitaleen artean, Gary Cooper, John Gilbert, John Wayne edo Bela Lugosi dira aipagarrienak. Urte horretan bertan William Wellmanek zuzenduriko Wings filman protagonista nagusiaren papera egin zuen. Pelikula hau izan zen lehendabizikoa pelikula onenari Oscar saria jasotzen.
Era berean, 20ko hamarkada zoro honetan, "flapper" neskan bihurtu zen (hamarkada horretan modan zihoan gaztea). Clara "flapper" aldiko irudi nagusia zen, eta honen ile motz estiloa Ameriketako Estatu Batuetako emakume guztiek imitatu zuten. Zinemako izar baten bizitza bazuen ere, hainbat eskandaluren biktima izan zen Clara.
Artistarentzako urte ilunak
Urteak aurrera egin ahala, aktorearen ospea desagertzen joan zen publiko egin ziren hainbat eskandaluren ondorioz, besteak beste, joera sexualen edo jokoaren ondorioz zituen hainbat zorrak zirela medio. Honek guztiak eta aktoreak izan zituen zenbait maitasun-harremanak kontuan hartuta, ulertzekoa da publikoaren eta aktorearen arteko harremana moztu izana.
Gainera azken pelikuletan kalitate eskasa erakutsi zuen, pisuaren inguruan ere konplexu handiak zituen, eta une oro ezegonkortasun emozionalak izaten zituen. Soinudun zinema sortu zenean, ez zuen batere ahaleginik egin joera berrian murgiltzeko, eta hala, 1933an Clarak zinemaren mundua alde batetara uztea erabaki zuen.
1932an Rex Bellekin ezkondu zen, eta elkarrekin bi ume izan zituzten, Tony eta George. 1949an eskizofrenia diagnostikatu zioten aktoreari, eta ondorioz hainbat tratamendu gogor jasan beharra izan zituen. 1965eko irailaren 27an hil zen bihotzekoak jota. Zinemaren industriari egindako ekarpenagatik, Hollywoodeko Ospearen Pasealekuan izar bat du Clara Bowk.