Itzuli orri osora
Michael Curtiz, gidoirik gabe 'Casablanca' zuzendu zuen gizona
vie, 05 mar 2010 16:15:00 +0100

Michael Curtiz, zuzendari hungariarra gizon polifazetiko eta xelebrea izan zen. Gauza berritzaileen zaletu amorratua zen, eta bere lana izugarri miresten zuen. Zirkoko artista gisa lanean aritu eta erdipurdiko aktorea izan bazen ere, 150 izenburu baino gehiagotan utzi du bere arrastoa Curtizek. Hala ere, eta nahiz eta hamaika film arrakastatsu eta ospetsu burutu, bere izena film esanguratsu baten azpian ezkutatu egon da beti, Casablanca pelikulan, hain zuzen ere.

Michael Curtizen benetako izena Manó Kertész Kaminer zen. 1988ko abenduaren 24an jaio zen Budapesteko (Hungaria) familia judutar batean. Txikitako istorioak kontatzea gustuko zuen, eta zirko batean lan egiteko gaztetan etxetik alde egin zuela kontatzen zuen behin eta berriro. Baina jakin badakigu 1912an Hungariako Antzoki Nazionalean aktore eta zuzendari ikasketak egin aurretik, Markoszyko unibertsitatean eta Budapesteko Antzerki eta Artearen Errege Akademian jardun zuela ikasten.

Bere aurreneko lanak Hungarian egin zituen, eta 1919an zinemaren industria nazionalizatu eta gero, Vienara ezarri zen. Sascha Films-entzako 20 film baino gehiago egin zituen, horien artean Sodom und Gomorrha (1922) eta Die Sklavenkönigin (1924) pelikula biblikoak. Azken hau Ameriketako Estatu Batuetan estreinatu zen eta Jack Warnerren arreta piztu zuen. Hala, Warnerrek kontratatu egin zuen Noah´s Ark filma zuzentzeko.

Zinema mututik soinudunera saltoa

Michael Curtiz 20ko hamarkadan heldu zen Ameriketako Estatu Batuetara, eta behin han zela, bere izena ingelesera moldatu zuen, Michael Curtiz izena hartuz. George O´Brien eta Dolores Costello protagonista zituen Noah´s Ark superprodukzioa egiteko eskatu zioten. 1930ean, Mammy musikalarekin, zinema mututik soinudun zinemara saltoa egin zuen. Gerora hainbat film zuzendu zituen, Doctor X (1932), Mystery of the Wax Museum (1933) eta The Kennel Murder Case (1933), besteak beste.

Abentura zalea zen Curtiz, eta 30eko hamarkada erdialdera, abenturazko pelikulen zikloa hasi zuen, eta ia film gehienetan Errol Flynn eta Olivia de Havillan aktoreekin lan egin zuen. Horien artean daude Captain Blood (1935), The Charge of the Light Brigade (1936), Krimeako Gerraren inguruko filma, The Adventures of Robin Hood (1938), The Private Lives of Elizabeth and Essex (1939) edo Santa Fe Trail (1940) filmak. Salbuespen gisa Flora Robson protagonista duen The Sea Hawk (1940) eta Errol Flynn eta Humphrey Bogart aktore gisa dituen Virginia City (1940) filma aipatu behar dira.

Casablanca, bere maisu obra

Curtizen lanak aurrera jarraitu zuen 40ko hamarkadan. 1941ean Edward G. Robinson eta John Garfield aktoreekin The Sea Wolf (1941) zuzendu zuen, eta urte berean, bere goreneko lana eta zinemaren historian izan den pelikula esanguratsuenetako bat gidatu zuen, Casablanca. Hala ere, behin baino gehiagotan aipatu izan da gidoi zehatzik gabe zuzendu zuela filma. Egia dena da filmak aktore ospetsu eta gidoigile bikainak zituela.

Pelikulak hasiera irmoa izan zuen, baina ez ikusgarria, eta aldiz, denborak aurrera egin ahala nagusitasuna lortzen joan zen eta pelikula onenen zerrendetan aurreneko postuak lortu zituen. Gaur egun erabateko maisu lana izaten jarraitzen du, zinemaren historiako opari bat, elkarrizketa bikainekin eta zuzentze, eszenaratze eta interpretazio magikoarekin.

Baina hamarkada honetan beste zenbait film ere grabatu zituen. James Cagney eta Walter Huston aktoreekin Yankee Doodle Dandy (1942) filma buru zuen, eta urte bete beranduago, gerran laguntzeko asmoz, sobietarren aldeko film propagandistikoa zuzendu zuen Misión to Moscow izenburupean. Mildred Pierce (1945), Night and Day (1946), The Breaking Point (1950) edo I´ll See You in My Dreams (1951) filmak ere garai hartan gidatu zituen Curtizek.

Warnerrekin desadostasunak

1940eko hamarkadan Curtizek kostuak eta ondorengo filmen irabaziak banatzeko asmoz, Warnerrekin eta bere produktorearekin hitzarmena sinatu zuen. Baina zuzendariaren eta Estudioaren artean arazoak izan ziren. Hala, 1954. urtetik aurrera Curtiz zinema independentea egiten hasi zen eta The Egyptian, White Christmas edo We´re No Angels bezalako filmak egin zituen.

The Comamcheros (1961) westernaren grabaketaren muntaia bukatzear zela agur esan zion zuzendari hungariarrak zinemaren munduari. Hollywooden ibilbide luze eta emankorra izan zuen, 100 film baino gehiago zuzendu zituen, eta 50 filmetik gora Europan. 1962ko apirilaren 10ean, 75 urte zituela minbizi baten ondorioz hil zen Hollywooden zuzendaria hungariarra.

(Argazkiak: Classicfreemovies)