"Jende askok ez zekien Walt Disney izeneko pertsona bat existitzen zenik, beti marka batekin lotu izan baita, eta ezagutzen zutenek ere, aitaren okerreko irudia zuten", dio Walt Disneyren alaba Efe Diane Disney Millerrek. XX. mendeko talentu handienaren ibilbideari errepasoa egiten dion gunea da museoa, artistaren goreneko aldiak eta porrotak biltzen dituena.
San Frantziskoko Presondegiko hiru eraikinetan kokatua, museoak hamar galeria, antzoki bat, kontzertu eta bestelako emanaldietarako areto bat eta trebakuntzarako zentro bat biltzen ditu, hau guztia 64.300 metro karratutan banaturik.
Museoan barrena ibilbidea
Kansas City hirian Walt Disneyk sorturiko lehendabiziko estudioaren porrota, eta entretenimenduaren munduan ezagun egin zenean sindikatuekin izan zituen arazoak ikus daitezke, besteak beste, erakusketan. Gainera, urte hauetan zehar jasotako sarien bilduma eta "Edurnezuri eta zazpi epotxak" filmarekin eskuratutako zazpi Oscarrak ere bertan biltzen dira. Horrez gain, ortografia akats ugari dituen eskuizkribu zahar bat ere antzeman daiteke, Mickey Mousen sortzaileak berak idatzirikoa.
Familiako argazkiek eta Bigarren Mundu Gerrak iraun zuen bitartean Disney faktoriak marrazturiko emakume biluzien irudiek arreta pizten dute. Argazkiei laguntzen dien bereizmen handiko bideoak daude, eta ukimen-pantailen bidez dokumentu historikoak ikusteko aukera eskaintzen du museoak, orain arte kristal atzean ikusten ditugun dokumentu horiek ikusteko beta, hain zuzen ere.
Walt Disney berak gaztaroan egindako marrazkiak ere biltzen ditu museoak, baita bere lehendabiziko lanak, munduko sagu ezagunenaren aurreneko zirriborroak, gidoi grafikoak eta kamera multiplano bat ere. Azken hau bere lehendabiziko pelikulari, Edurnezuri eta zazpi epotxak (1937), bizitasuna eta sakontasuna eman zion asmakuntza berri bat izan zen, eta erakusketan dago ikusgai.
Ibilbidea Disney hil eta berehala iturri ezberdinetatik jasotako dolu adierazpenen bilduma batekin amaitzen da.
Arrakasta lortu zuen baserritarra
Ekoizlea, zuzendaria, gidoigilea eta animatzaile estatubatuarra, Walter Elias Disney 1901eko abenduaren 5ean jaio zen Chicagon, baina bere haurtzaroko urterik zoriontsuenak Marceline (Missouro) hiritik hurbil zegoen baserri batean pasa zituen. Aita 1909an hil zitzaion eta familia Kansas City hirira joan zen bizi izatera. Ikasten ari zen bitartean, egunkariak banatzen aritu zen.
Istoriotxoak marraztea gustuko zuen, eta bere lehendabiziko lanak Chicagoko institutuko egunkarian azaldu ziren, bertara itzuli baitzen ikasketekin aurrera jarraitzea. Soldaduzka egin eta gero, Kansas City hirian publizista gisa lan egin zuen Pesemen-Rubin Art Studioan, eta hantxe egin zen Ubbe Iwerks marrazkilariaren laguna. Biek Iwer-Disney Comercial Artists enpresa sortu zuten, porrotean amaitu zena.
Ikasten jarraitu zuen eta 1922an Laught-O-Gram Films konpainia sortu zuen, haurren ipuinetan oinarrituriko zenbait film labur eginez. Baina ekoizpen gastuak onurak baino handiagoak ziren eta beraz, enpresa itxi egin beharra izan zuten. Berehala banatzaile enpresa batek kontratatu zuen artista eta animazioa eta irudi errealak bilduko zituen filmak egiteko eskatu zioten. Horrela Disney Brothers Estudioa sortu zen, Walt eta bere anaia Royk zuzendurikoa.
Sagu ospetsuenaren sorrera
Egin zituen telesailek arrakasta lortu zuten, baina Universal Pictures, Oswalden eskubideak zituen enpresarekin izandako oztopoak zirela medio, honen zerbitzuak baztertzea erabaki zuten, eta ia enpresak lurra jo zuen. Irtenbidea beste pertsonaia berri bat sortzea izan zen, eta hala iritsi zen Mickey Mouse sagu ezaguna, Steamboat Willie (1928) filmarekin arrakasta lortu zuena. Bi urte geroago komikietako pertsonaia izatera pasa zen sagutxoa.
Jasotako onurekin estudio ikaragarria sortu zuten Burbanken, eta hortik heldu ziren Pinotxo, Dumbo edo Banbi bezalako pertsonaia ezagunak. 1941. urtean izandako grebak, estudioa geldiarazi eta enpresaren irudiari kalte handia eragin zion. Ondorioz, beste genero batzuetara zabaldu zen enpresa. Dokumentalak egiten hasi ziren, eta 50eko hamarkadan harrera oso ona izan zuten zenbait film iritsi ziren, Mari Errauskin, Alizia mundu maitagarrian, Peter Pan eta Dama, besteak beste. Aktore errealekin ere pelikulak egiten hasi ziren, baita telebistarako telesaiak ere. Azkenik, 1955. urtean, Disneylandia parkea eraiki zen, historiako aurreneko parke tematikoa.
Marrazkilariaren azken urteak
Azken denboraldian enpresa munduko proiektuetan zentratua egon zen Mickey Mousen sortzailea, 1966an biriketako minbizia atzeman zioten arte. Handik gutxira hil zen Disney. Ehunka egunkarik Donald Ahatearen, Mickey Mousen eta Pinotxoren istoriotxoak sartu zituzten euren aleetan, sortzailearen heriotzarekin atsekabeturik.
Baina oraindik orain gizatiarturiko faunaz beteta dauden pelikula maitagarri horiek, haurren irudimenean jarraitzen dute. Urte asko lanean igaro ondoren, eta 110 miloi dolarretako inbertsioa egin eta gero, Disneyren familiak museoa martxan jartzea lortu du. Horien ustetan publikoak marrazkilariaren "alde pertsonala ezagutuko du eta gauza guztien gainetik familia bateko gizona izan dela ohartuko dira".
(Argazkiak: www.disney.es)