Woody Allenen pertsonaiak, maila ertaineko estatubatuarrak dira normalki, ukitu lotsatia eta neurotikoa dute erabat, sexuak eta psikoanalisiak obsesionatzen ditu eta zailtasunak dauzkate emakumeekin harremanak izateko. Allenek, agertokian zein kanpoan, panazko galtza lasai eta jertse higatu berak daramatza, armazoi beltzeko betaurreko beltz eta zapata eroso berak.
Pixkanaka, bere pelikulak ere nortasun gogor hori hartzen joan ziren, esaterako, judaismoa, psikoanalisia eta bikoteen arteko komunikazioa ohiko gaiak bihurtuz. Bide horretatik filmatu zituen, Manhattan lanaren ondotik, The Purple Rose of Cairo (1985) eta Hannah and her Sisters (1986) pelikulak, biek ala biek, bere bikote berria, Mia Farrow aktorea protagonista zutela. Dena den, elkarrekin zuten harremana utzi egin zuten 1993an, aurrez, 80ko hamarkada hasieran, Diane Keatonekin gertatu bezala.
90eko hamarkadan, betiere umore garratz hori galdu gabe, Woody Allenen filmek ukitu pentsakorragoa eta transzendentalagoa hartu zuten. Crimes and Misdemeanors (1990), Manhattan Murder Mystery (1993), Bullets over Broadway (1994) eta Deconstructing Harry (1998) lanek ere izan zuten nahikoa ospe eta geroztik filmatu dituenak ere oso ezagunak izan dira nazioartean: The Curse of the Jade Scorpion (2001), Hollywood ending (2002), Anything else (2003), Melinda and Melinda (2004), Match Point (2005), Scoop (2006), Cassandra's Dream (2007) eta Vicky Cristina Barcelona (2008). Azken horretan egindako lanari esker Oscarra jaso du, 2009an, Penelope Cruz aktore espainiarrak.
2002an, Asturiasko Printzea Saria eman zioten New Yorkeko zuzendariari eta 2007an, berriz, honoris causa doktore izendatu zuen Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateak. Era berean, hainbat liburu idatzi du, bereziki bere umore garratza eta jazoa garatzeko lagungarri izan zaizkionak. Besteren artean, Getting Even eta Without Feathers eta hainbat antzerki obra dira joera horren erakusleak.
Urteak aurrera joan arren, badirudi Woody Allenek proiektu ugari gauzatzeko gogoa duela oraindik. Esaterako, Anthony Hopkins izango da zuzendariak filmatuko duen komedia dramatikoko protagonistetako bat. Lan berria Londresen filmatuko dute eta Mediapro konpainia kataluniarrak ekoitziko du, enpresak komunikatu baten bidez jakinarazi zuenaren arabera.
The Silence of the Lambs pelikulan egindako lanagatik Oscar saria irabazia den Hopkinsekin batera, Josh Brolin izango da aktoreen zerrendan. Brolin bera ere, saria jasotzeko hautagaia izan da aurten, bigarren mailako aktore onenaren atalean, Milk filmean egindako paper ona medio.
Londres izango da lan luze horren agertokia, beraz, eta Britainia Handiko hiriburuko kaleetan zehar, intriga erromantikoak eta desira sexualak izango dira, denak, pertsonaia talde baten gurariak agerian utziko dituztenak.
Lehen aldiz egingo dute lan elkarrekin Hopkins eta Allen handiek, nahiz eta Hopkinsek, adibidez, 100 film baino gehiago egin dituen dagoeneko. Brolinek Melinda & Melinda pelikulan izan zuen Allen zuzendari gisa ezagutzeko aukera.
Vicky Cristina Barcelona, Allenek 2007an Bartzelonan eta Oviedon filmatu zuena, Mediaprok ekoitzi zuen, halaber. Orduko hartan, baina, Scarlett Johansson, Javier Bardem, Penelope Cruz, Kevin Dunn, Rebecca Hall eta Chris Messina aktoreak izan ziren pelikulan parte hartu zutenak.
(Argazkiak: www.imdb.com)