Itzuli orri osora
Woody Allen, zinema zuzendari nekaezina (I)
vie, 14 ago 2009 18:32:00 +0200

Zinemako zuzendaria, aktorea eta gidoigilea, musikaria eta idazlea, besteak beste, Woody Allen azken hamarkadetan izan den sortzaile emankorrenetako bat da. Hiru film labur eta 38 pelikula zuzendu ditu, 39tan izan da aktore eta gutxi gora behera 40ren gidoiak idatzi ditu. Gainera, 22 liburu argitaratu ditu eta klarinetea jotzen du New Orleans Jazz Band taldean. Besteren artean, hiru Oscar, bost Bafta, Urrezko Globo bat, Donostia saria eta publikoaren errespetua eta maitasuna irabazi ditu egindako lanaren truke.

Heywood Allen Stewart Konigsberg, Woody Allen, New Yorken sortu zen 1935eko abenduaren lehen egunean. Behin oinarrizko ikasketak bukatuta unibertsitatera joan zen, baina laster utzi zuen hura. Gaztea zenetik saldu zizkien bere txisteak zutabegileei eta komiko profesionalei (Ed Sullivan, Sid Caesar, Jack Paar, eta Pat Boone umoregileei esaterako) eta urte batzuk beranduago gaueko tabernetarako, Brodwayko aldizkarietarako eta telebistako programentzako sketchak prestatzen hasi zen.

Telebistan lehen aldiz agertu zenean, Tonight Show programan, Charles Feldman ekoizleari gustatu egin zitzaion Allenen jarduna eta What's New, Pussycat? filmaren gidoia sortzeko eskatu zion. Komedia hura Clive Donnerek zuzendu zuen, 1965ean, eta Allenek berak aktore gisa parte hartu zuen.

Artean, Playboy, The New Yorker eta Evergreen bezalako aldizkarientzat lanean jarraitzen zuen eta jazzarekiko zaletasuna errotzen jarraitu zuen. Hasieran saxoa jotzen zuen arren, klarinetearekin jarraitu zuen gerora.

Lau urte geroago, 1969an, lehen pelikula filmatzeko egokiera izan zuen; Take the Money and Run izeneko zinta gag segida batean oinarrituta zegoen. Bananas (1971), Everything You Always Wanted to Know About Sex (But You Were Afraid to Ask) (1972), Sleeper (1973) eta Love and Death (1975) zintak iritsi ziren ondoren eta, besteak beste, sarkasmorako zuen gaitasuna utzi zuen agerian proiektu horiekin.

1972an, Herbert Rossen Play It Again, Sam lanean protagonistaren papera jokatu zuen Diane Keatonen aldamenean. Film hartan egindako lana izan zen aktore bezala egindako onenetako bat eta, gainera, Keaton eta Allenen arteko harremana eragin zuen. Hori dela eta, Allenen hurrengo proiektuetako batzuetan parte hartu zuen Keatonek eta hainbat sari eskuratu zituzten, esaterako, Annie Hall lanarekin: zuzendari onenari, jatorrizko gidoi onenari (Marshall Brickman eta Allen bera), emakumezko aktore nagusi onenari (Diane Keaton) eta film onenari ematen zaizkien Oscarrak jaso zituzten.

Interiors lana iritsi zen ondoren, 1978an, eta hurrengo urtean komediara itzuli zen zuzendaria Manhattan pelikula filmatzeko. Bere ibilbideko lan esanguratsuena dela esan daiteke eta, ostera, Diane Keaton, Michael Murphy eta Mariel Hemingway aktoreak izan zituen bere aginduetara. Istorio harekin, New Yorkeko giro sasi intelektuala islatu nahi izan zuen.

Manhattan bikoteak trukatzen dituzten lau pertsonaren zalapartak eta sentimenduen kronikak nahasian jartzen dituen lana da. Woody Allen Isaac Davis gidoigilearen larruan sartu eta Tracy nerabearekin maitemintzen hasiko da. Gaztetxo batekin halako harremana zuen pertsonaia irudikatu izanak asaldatu egin zuen publiko estatubatuarra eta filma "R" gisakoa izendatu zuten, helduentzat soilik gomendatua.

Woody Allenek adierazi zuenez, helburua ez zen iskanbila sortzea, ezpada bere hiriari eta musikari kuttunenari, George Gershwini, omenaldia egitea. Manhattan pelikulak kritikarien eta ikusleen oniritzia lortu zuen azkenerako eta bi izendapen jaso zituen Oscar sarietarako: gidoi onenari eta bigarren mailako aktore onenari (Mariel Hemingway) dagozkienak.

(Argazkia: www.imdb.com)