Oscar saietarako eta Urrezko Globoetarako inork baino hautagaitza gehiago dauzkan Meryl Streep aktoreak 60 urte bete zituen iragan astelehenean. Dagoeneko, zinemagintzako legenda bilakatu da, garai batean, Katharine Hepburn, Bette Davis eta Ingrid Bergman bezala.
Meryl Streep Summiten, New Jerseyn, jaio zen 1949an. Jatorriz judu sefardia den familia dirudun bateko alaba nagusia da. Haurtzaroa Bernadsvillen eman zuen, jaio lekutik gertu, baina mundu artistikotik erabat aldenduta.
Haurra zenetik du izaera gogorra. Ikasgelan baino karisma gehiago izan zuen bertatik kanpo, zientzietako ikasgaietan zailtasunak izaten baitzituen.
Institutuko Graduazio festan erregina izan zen, baita futbol amerikarreko taldearen animatzailea ere. Hollywoodeko pelikuletako nerabe ile hori eta eder baten bizimoduaren antza handia izan zuen Streepenak. Akaso horregatik ez du inoiz halako paperik bete zineman.
Abeslari izateko klaseak hartzen hastean hurbildu zen ikuskizunaren esparrura. Antzerki taldean murgildu zenean ere mantendu zuen ohitura hori, izan ere, beka bati esker, urte batzuen buruan Yale School of Drama delakoan egin zituen interpretazio ikasketak. 1975ean egin zen lizentziadun.
Eskola horri esker egin izan zuen salto Broadwayra. 1976an, New York Shakespeare Festivalen Enrique IV lanean hartu zuen parte. Bere lehen jendaurrekoa izan zen, eta ikusleek harrera on egin zioten. Bertan izandako arrakastak zabaldu zizkion zinemarako ateak. Pantaila handian 1977an egin zuen debuta. Fred Zinnermann zuzendariaren aginduetara, Jane Fonda eta Vanessa Redgraverekin batera aritu zen Julia filmean.
Bost urte behar izan zituen ezezaguna izateari utzi eta Oscar saitarako lau hautagaitza eta bi garaipen eskuratzeko. Geroztik ez du besterik jaso Oscarretan.
1979an Hollywoodeko fenomeno berria bihurtu zen Kramer vs. Kramer pelikulako bigarren mailako paperari esker. Hiru urte beranduago Sophie's Choice filmatu zuen. Bi lan horietan emandako maila onari esker lortu zituen bi estatuatxoak.
Oscarretako kandidaturetako zerrendetan ohikoa bilakatu zen, eta gaur arte mantendu du joera hori, batez ere, erregulartasun ikaragarriari esker. Hori dela eta, 15 aldiz izan du zinemagintzako golardo garrantzitsuena irabazteko aukera. Azken edizioan, Dude filmak eman zion aukera.
Arlo horretan markak hautsi ditu eta izar handienen mailara iritsi da: Katharine Hepburn, Bette Davis eta Ingrid Bergman, hurrenez hurren, 12, 11 eta 7 hautagaitza jaso zituzten.
Lanean egindako esfortzu horren beste emaitzetako bat, akaso nabariagoa, Urrezko Globoetakoa izan da. Atzerriko hedabideen elkarteak ematen ditu sari horiek, eta Streep 23 aldiz izendatu eta 6 aldiz saritu dute.
Hainbat filmetako protagonista izan da bere hastapenetatik: Woody Allenen Manhattan (1979), Robert Redfordekin filmatu zuen Out of Africa (1985), Clint Eastwoodekin The Bridges of Madison County (1995), eta berriki Adaptation (2002) eta The Devil Wears Prada (2006).
2008an dantzan eta kantuan murgildu zen, ostera, komediara itzuliz. Mamma Mia! izan zen Heartburn (1986) eta Death Becomes Her (1992) lanen ondoren komedia jorratzeko aitzakia. Normalean estilo dramatikoan aritu den aktorea izan da.
Udan, Julie & Julia estreinatuko du Streepek. Hori izan daiteke Oscarra eskuratzeko erabili dezakeen beste lan bat gehiago. Hain zuzen, ia 20 dira ez duela estatuatxorik lortzen, eta badirudi lehenago ala beranduago berriz irabaziko duela.
(Argazkiak: www.imdb.com)