Aktorea pasa den ekainaren 2an hilda topatu zuten Bangokeko bere hoteleko logelan, eta egunotan, oraindik orain bere heriotzaren zergatiak ez dira azaleratu. Nahiz eta antzerkian, zineman baita telebistan ere ibilbide luzea izan, Carradine batez ere arte martzialen inguruko filmeak egiteagatik egin da ezaguna, eta bereziki, Kwai Chang Caine, Kung Fu 70eko telesail klasikoan kalean bizi den gizonezkoaren papera egiteagatik.
Artista, musikari, eskultore, idazle, ekoizle eta kung-fu aditua... David Carradine, jaiotzez John Arthur Carradine izenekoa, Ameriketako Estatu Batuetan (Los Angeles) jaio zen 1936ko abenduaren 8an. John Carradine aktore legendarioaren semea zen, eta anaiordekoak, berriz, Keith Carradine eta Robert Carradine zituen. Teoria musikalaren eta konposaketaren ikasketak egin zituen San Frantziskoko Unibertsitatean.
Agertoki gainean lehendabiziko pausuak
San Frantziskon urtero egiten zen Atzerki Sailerako musika konposatzen hasi zen, eta orduan konturatu zen agertokietarako zuen zaletasunaz. Horrela, Shakespeare interpretatzen zuen konpainian parte hartzeko erabakia hartu, eta praktikaren bitartez lanbidea ikasteari ekin zion.
Soldaduskan bi urte igaro ostean, New Yorken aurkitu zuen lana artista komertzial gisa, eta geroago Broadwayen arrakasta lortu zuen zenbait paper txiki eginez. Hollywoodera itzuli, eta bere lehendabiziko pelikula grabatu aurretik, Shane telesailean lantxo bat izateko aukera eskaini zioten ikasitakoa proban jartzeko.
Carradinek bere ibilbidea 60ko hamarkadan mendebaldeko telesailetan parte hartuz hasi zuen. Besteak beste Caravana edo El Virginiano telesailetan aritu zen lanean, baina fama Caine, Kung Furen monjearen papera eginez heldu zitzaion. Telesaila AEBetan igorri zen 1972an, eta berehala zaletu kopuru handia lortu zuen.
Carradinek apenas ezagutzen zuen arte martzialen mundu hori, baina interes handiarekin borrokatu zuen horren alde, horrela praktikatzaile sutsua bilakatuz eta horren inguruko liburu bat ere kaleratuz.
Pantaila handira saltoa
Carradine Kung Fu telesailarekin egin zen ezaguna baina hiru urteren buruan telesaila utzi eta zinemara egin zuen salto. Hala ere, telesail horretako pertsonaiak aktorearen ibilbide zinematografikoan eragin handia izan zuen ondorengo lanetan. Arte martzialen inguruko zenbait filmetan parte hartu zuen, Circle of Iron eta McQuade Lobo solitario pelikuletan, besteak beste.
Aipaturikoaz gain, Carradinek 200 bat filmetan eta hainbat antzezlanetan parte hartu zuen,Otelo edo Un enemigo antzezlanetan, esaterako. Kung Fun izandako arrakastaren ondoren zinemaren munduan erabat murgildu zen, eta Bound for Glory bezalako pelikuletan parte hartu zuen, Urrezko Globoetarako hautagaitza lortuz.
Pantaila handian egindako azken lanen artean Billen papera da aipatzekoa, Quentin Tarantinoren Kill Bill filmean; Uma Thurmanekin batera aritu zen lanean bertan. 2009an Big Stan pelikula estreinatu zen, eta pertsonaia nagusiaren arte martzialen irakasle ankerraren rola bete zuen Carradinek, era horretara Kung Fu telesailean izandako aldia gogoratuz.
Heriotza ala hilketa?
72 urterekin, Carradine Tailandiako Bangkok hirian zegoen Stretch, bere pelikula berria grabatzen, Park Nai Lert Hoteleko logelan hilda aurkitu zutenean. Nahiz eta hasiera batean aktoreak bere burua urkatu zuela uste izan, geroago ustekabean gertatutako zerbait izan zela eman zuten aditzera, eta bere estimulazio sexuala gehitzeko masturbazio baten ondorioz ito zela diote zenbait iturrik.
Baina zalantzak aurrera jarraitzen du, artistaren familiak formalki FBIri laguntza eskatu baitio heriotzaren zergatia argitzeko. Familiaren abokatuaren esanetan, aktorea arte martzialetan aritzen den talde klandestino batek hil zuen, izan ere mundu hau ikertzeko lanetan zebilen aktore estatubatuarra, gizarte sekretuak argitzeko lanetan, hain zuzen ere. Dena dela, guztiok gure haurtzaroko heroi gisa gogoratuko dugu Carradine.
(Argazkiak: www.imdb.com)