Askotan, bere pelikulak gizarte modernoaren erradiografia bat dira, eta eztabaida eragiten dute. Hala ere, Michael Hanekek bere estiloari eutsi dio eta bere bereizgarritasuna den iluntasuna bere lanetan mantendu du, bai telebistarako eta baita zinemarako edo antzerkirako egin dituenetan ere. Der Weisse band zuzendu duen azken lana da eta horri esker Canneseko azken zinemaldian garaile izan da. Zinta bere ibilbideko behin betiko arazketa eta kontzientzia sozialari belarrondokoa da.
Fritz Haneke aktore eta zuzendariaren eta Beatriz von Degenschild aktorearen semea, trebetasun artistikoak familiatik jaso zituen Haneke gazteak. Filosofia, psikologia eta drama ikasi zituen Vienako Unibertsitatean eta 60ko hamarkadaren amaieran editore eta antzerkigile bezala lan egin zuen telebista alemaniar batean.
Bere lehen lana Der 7. Kontinent (7. Kontinentea) izan zen, bere estilo bortitzaren abiapuntua. Hiru urte beranduago, Benny's Video proiektua zinemagilea ezagutzera emateko pausu garrantzitsua izan zen. Hala ere, arrakasta 2001ean iritsi zitzaion. La pianiste bere lanen artean kritikarik onenak jaso dituena da. Zinta horrekin, zuzendari alemaniarrak Canneseko Zinemaldiko Sari Handia lehen aldiz irabazi zuen, 2001ean. Horrez gain, Benoit Magimel eta Isabelle Huppert aktore nagusiek interpretatzaile onenenen golardoak jaso zituzten.
Lazo on bat
Aurten, Hanekek Canneseko jaialdiko sari nagusia eskuratu du berriz ere. Oraingo honetan, zintak Das Weisse Band izena du. Lehen Mundu Gerra hasi baino hilabete batzuk lehenago kokatzen da istorioa eta zuzendariak indarkeriaren antzezpenean aditua dela frogatu du. Horrela, gaur egungo gaitzei kritika Alemaniako iparraldeko komunitate protestante baten bitartez egiten du.
Aipatutako gatazkara gerturatzeko, Hanekek "garai horretako heziketari eta landako bizitzari buruzko apal oso bat" irakurri zuen, eta bertan topatu zuen pelikularen izenburua: araztasunaren bidetik ezin zirela aldendu gogorarazteko umeei jartzen zieten lazo txuri bat (Das Weisse Band edo El Lazo Blanco).
Inozentzia hori da zinemagileak film honen estetikarako hartzen duena. Bere tonua ongi hezia eta urruna da, eta hori irudi zuri-beltz formalarekin indartzen du.
Probokazioa
Istorioak kontatzeko duen modu probokatzaileak ikusleek hausnarketa egitea du helburu eta, era berean, ordura arte zinema ikusteko duten modutik ateratzea.
Bere pelikulak berehalakoak eta errealistak dira, baina ez sinpleak. Azken finean, Haneke ikusleen sentimenduak eta munduarekiko dituzten erantzunak bateratzen saiatzen da.
Bere lan egiteko eraren gauzarik deigarriena bere zintek duten erritmoa da eta, bere berrikuntza nagusia, indarkeriaren aurkezpena, liraindu edo ikusgarri bihurtu gabe. Izan ere, gogortasun hori pixkanaka azaltzen da eta askotan ikusi baino sumatu egiten da. Hanekeren helburua ikuslea egoera deseroso batean jartzea da, horrek duen zinema ikusteko modua aldatuz.
Erronka berriak
Canneseko saria irabazi ostean, zuzendari alemaniarra antzerkigintzara itzuliko da Così fan tutte Mozarten operaren ekoizpen bat zuzentzeko. Proiektua Madrilgo Teatro Realen 2012ko otsailean estreinatzea espero dute.
(Argazkiak: 1, 2, 3, 4 EFE eta 5, 6 www.imdb.com)