Itzuli orri osora
Montxo Armendariz, zinemagile sozial bat
mié, 13 may 2009 18:32:00 +0200

Dokumentaletan eman zituen bere lehen pausuak eta nazioarteko ospea eman dioten filmak egiten bukatu du. Bere lan gehienak gai sozialen ingurukoak dira eta, horrek, zuzendariaren zinema ohiko fikziozko filmetatik urrundu du. Gainera, emaitza interesgarria eta testigantza sozial bezala baliagarria da. Lan egiteko modu horri esker, Oskarretarako izendapena lortzeaz gain, bi Goya sari eta Donostiako Zinemaldiko bi golardo irabazi ditu. Gainera, bere ibilbidean kulturaren eta sormenaren alde egindakoagatik Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria eman zion joan den apirilean.

Montxo Armendariz Oletan jaio zen, 1949an. Iruñea eta Bartzelonan elektronika ikasi zuen eta alor horretan ere irakasle lanak egin ditu. Hala ere, zinema dokumentala ere gustuko zuen eta 1979. urtetik aurrera horretan ere lanean hasi zen. Zinemagintzan egindako lehen film laburrak, hain zuzen ere, Berregarriaren dantza izenekoak, Bilboko Dokumental eta Laburmetraien Nazioarteko Zinemaldiko bi sari jaso zituen, baita Kultura Ministerioko Kalitatea Sari Berezia ere.

1984an, Armendarizek bere lehen film luzea egin zuen, Tasio. Lanak Nafarroako ikazkin baten bizitza kontatzen du eta zinemagileak bere dokumentaletako teknika eta estilo oso antzekoak erabili zituen. Elias Querejeta gipuzkoarrak ekoitzi zuen proiektua.

27 horas pelikularekin, berriz, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko Zilarrezko Maskorra lortu zuen, 1986an. Zintak Gipuzkoako hiriburuko bi drogen menpeko gazteren kronika egiten du eta benetako agertokietan eta profesionalak ez diren aktoreekin egin zuten. Lau urte beranduago, zuzendariak Zinemaldiko Urrezko Maskorra jaso zuen Jose Angel Mañasen Las cartas de Alou liburuan oinarritutako izenburu bereko lanarekin. Filmak gidoi onenaren Goya saria ere irabazi zuen.

Bere arrakastaren sekretuak

Gazteen nihilismoari buruzko gupidarik gabeko Historias del Kronen (1995) lanari esker, inoiz baino diru gehiago bildu zuen. Gainera, kritikaren eta lankideen oniritzia jaso zuen. Horrela, azken horiek bere bigarren Goya saria eman zioten, oraingoan gidoilari onenarena.

Arrakasta 1997an iritsi zen Bihotz ondoko sekretuak filmarekin. Imanol Uribek ekoitzia, pelikulak Berlineko zinemaldiko Europako film onenaren saria jaso zuen eta Oscar saritan parte hartu zuen, atzerriko film onenaren sailean.

1999ean, Oria Films ekoiztetxearen sortzaileetako bat izan zen zinemagile nafarra.

1998an, Montxo Armendarizek Vianako Printzearen kultura Saria eta Zinemagintzako Sari Nazionala jaso zituen.

Silencio Roto 2001ean iritsi zen zinema aretoetara. Amodio eta borroka istorio hori 1944an kokatzen zen eta Lucia Jimenez eta Juan Diego Botto zituen protagonista. Filmean Nafarroako mendietan ezkutatutako maki batek frankismoaren errepresioaren aurka gudu egiten du.

Bere hurrengo proiektua Escenario móvil (2004) dokumentala izan zen. Lana Extremadurako eskualdean herriz herri dabiltzan musikari talde baten egunerokoan oinarritua dago. Urte horretan bertan, Zinemako Arteen eta Zientzien Akademiako bigarren lehendakariorde izendatu zuten.

2005ean, Bernardo Atxagaren Obaba laneko mundu literarioa egokitu eta Donostiako Zinemaldian estreinatu zuen. Zintak Pilar Lopez de Ayala eta Juan Diego Botto zituen protagonista. Pelikulak New Yorkeko Ikuskizuneko Zinemagintzako Kronikagileen Elkarteak eskaintzen duen urteko filmik onenaren saria jaso zuen.

Orain arte, hori izan da Montxo Armendarizen azken proiektua.

Sari gehiago

Joan den apirilean, Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria eman zion zuzendariari orain arte kultura arloan egindakoagatik. Euskal erakundeak nazioartean ezaguna den zinemagile nafarraren bikaintasun artistikoa azpimarratu nahi izan zuen. Horrez gain, antolatzaileek Armendarizek zinema adierazpenerako bide bat bezala erabili duela esan zuten eta gaur egungo gizartearekin zerikusi gutxi duten bizimoduen inguruan hausnarketa egin duela.

(Argazkiak: 1, 2, 3 www.filmotecavasca.com, 4, 5 www.imdb.com eta 6, 7 EFE)