Bere nortasun agiriak joan den azaroaren 18an 80 urte bete zituela baieztatzen duen arren, Mickey Mouse zahartzen ez dela dirudi. Pertsonaia honek bere bizitza osoa gaztetxoenei barrea eragiten eman du. Horretarako, denboraren poderioz, oso irtirina den marrazki honek belarrietan, sudurrean eta begietan aldaketak egin ditu.
Karraskari txiki hau, galtza motz gorriak, zapatila horiak eta eskularru zuriak oso gustuko dituena, bere etengabeko irribarrearekin, Walt Disneyen pertsonaiarik garrantzitsuena da. New Yorkeko zinema areto batean, 1928ko azaroaren 18an, azaldu zen lehen aldiz Steamboat Willie film laburrean.
Mickeyk Pete Egurrezko Hanka kapitain gaiztoaren lurrunontzian lan egiten zuen, saguak musika gustuko duela jakiten duenean nagusi gaiztoak patatak zuritzera behartuko du. Istorio hura banatutako lehenengoa izan zen, baina ez zen originala. Aldez aurretik, Plane Crazy eta Gallopin Gaucho egin zituzten, biak mutuak, baina aurrerago estreinatuak izan ziren.
Garai horretan, bere begiak bi puntu beltz ziren; belarriak, borobilak izan ordez, luzeak ziren; bere sudurra zuta zen eta aurpegiko larruazala zuria zen, 1935. urtetik aurrera kolore arrosa hartzen hasi zen arte. Ordurako, Mickeyk bere lehen hitzak esan zituen: "Hot Dogs!", The Karnival Kid lanean (1929).
Kultura amerikarraren ikonoa
Munduko sagurik ospetsuena, hasiera batean ahotsa Disneyek berak jarri zion, gaur egun kultura amerikarraren ikonoa eta munduko merkatutekniaren inperio historiko handi baten irudia da, pelikula (1940ko Fantasia da ezagunenetako bat), film labur eta telebistako kapitulu askotan azaldu ostean.
Lan horietako askotan Minnie bere neska-lagunarekin eta bere beste lagunekin azaltzen da, horien artean dira, Goofy, Donald ahatea edo Pluto bere maskota. Hala ere, bere jaiotza kasualitatea izan zen, Disneyen lehenengo pertsonaia Oswald izeneko zortea dakarren untxi bat izan zen, baina arazo legalak konpontzeko, azkenean, sagu bat bihurtu zen.
Oswalden zirriborroa buruan zuela, artista famatuak, Ub Iwerks animatzailearekin batera, karraskariari itsura nola eman pentsatu zuten, baina Iwerksek marraztu zuen lehen aldiz. Hasiera batean Mortimer izena jarri zioten, Lilly Disneyen, Walt Disneyen emaztearen, ideia izan zen ezagunagoa egiten zaigun Mickey izena jartzea, honekin egin da azkenean betierekoa pertsonaia. 1932an Hollywoodeko Akademiak ohorezko Oscarra eman zion Disneyri pertsonaia hau sortzeagatik.
Famaren pasealekuko lehen marrazki biziduna
Orain arte, Mickey Hollywoodeko Famatuen Pasealekuan izarra lortu duen marrazki bizidun bakarra da. 1978. urtean, 50 urte betetzen zituela ospatzeko jaso zuen golardoa, baina ordutik ez dugu zineman gehiegi ikusi.
Hala ere, telebistan azaltzen jarraitzen du, bertan lehenengo Jim McDonaldek (1947tik 1977ra) eta, ondoren, Wayne Allwinek (1977tik gaur egunera arte) jarri diote ahotsa. Gainera, Allwine Russi Taylorrekin ezkonduta dago, gaur egun Minnie Mousen ahotsa jartzen duen emakumearekin.
Gaur egun saguak telebistan jarraitzen du "The Mickey Mouse Clubhouse" telesaioan, animazio digitalarekin egina eta Disney Channelek emititua.
(Argazkiak: 1, 4 http://disney.go.com , 2, 3 www.myspace.com/mickeymouse , 5, 6, 7 www.disney.es )