Itzuli orri osora
Vincente Minnelli, genero zinematografikoen maisua
vie, 21 nov 2008 18:30:00 +0100

Vincente Minnellik Zinema Historiaren eta bereziki, Hollywoodeko estudio handien urrezko aroaren zuzendari garrantzitsuenetarikoa da. Musikal ausartenak eta bikainenak filmatu ditu, baita melodrama bizienak eta sutsuenak, eta komedia sofistikatuenak eta dotoreenak ere. Genero horietan obra nagusiak utzi ditu eta gainera, Tacknicolorra eta Scope formatua erabiltzeko duen doina erakutsi du.

Lester Anthony Minelli 1903an jaio zen Chicagon (Illinois, AEB) eta antzerki munduan lan egiten zuen familia batean hezi zen. Izan ere, bere aita Minnelli Brothers' Tent Theater taldeko zuzendaria izan zen eta sarritan ibili zen berarekin biran.

Zinemara jauzia egin baino lehen, besteak beste, aktore, argazkilari eta produkzio laguntzaile lanetan aritu zen. New Yorkeko Radio City Music Hall agertokiko eszenografoa eta Broadwayko antzerki lan batzuen zuzendaria izatera iritsi zen. Lanbide horiek estetikarenganako eta formarenganako zuen joeran mesede egin zioten, edukia alde batera utziz.

Hollywoodeko zinemagile gutxik lortu dute gidoi makaletatik probetxuzko zerbait ateratzea. Minellik sortze-eta egile aztarnak uzteko ahaleginak egiten zituen bere lanetan. Ikuskizuna sortzen zekien eta dekoratuak, koreografia eta aktoreen arteko begiradak ondo zaintzen zituen. Arteaz bere zentzu sofistikatuenean arduratzen zen, eszenografiaz eta koloreaz, hain zuzen.

1937an Metro Goldwyn Mayer estudioetako Arthur Freed ekoizlea ezagutu zuenean, Hollywoodera joan zen. Freedi zuzendari lanetan laguntzen zion eta zineman Cabin in the Sky (1943) musikalarekin egin zuen debuta. Pelikula horrek Minnelliren filmografiaren norabidea markatu zuen.

Musikalaren maisua

Meet me in Saint Louis (1944), The clock (1945), Ziegfeld Follies (1946), Yolanda and the Thief (1945) eta The Pirate (1948) izan ziren bere hurrengo lanak. Horiek Hollywoodeko 40ko hamarkadako zinemagile irudimentsuena eta freskoena bihurtu zuten, azken bi filmek aurrekoek eskuratutako arrakasta lortu ez zuten arren.

50eko hamarkadan Father of the Bride (1950) eta Father's Little Dividend (1951) zuzendu zituen, komedian zentratuz. Hala ere, ez zituen musikalak ahaztu eta An American in ParĂ­s (1951) eta Singin' in the Rain (1952) zinta arrakastatsuak filmatu zituen, biak Gene Kellyrekin.

Proiektu horien ostean, Minellik musikalak beste estiloetako lanekin txandakatu zituen. Horrela, besteak beste, The Bad and the Beautiful (1952), Kirk Douglas, Lana Turner y Gloria Grahame aktoreekin; The Band Wagon (1953), Tea and Sympathy (1955), Lust for Life (1956), Designing Woman (1957), The Reclutant Debutant (1958), Gigi (1958), Some Came Running (1959), eta Home From the Hill (1960), filmatu zituen. Gigi filmarekin bederatzi Oscar jaso zituen, zuzendari onenaren saria barne.

Beherakadaren garaia

60ko hamarkadan publikoak musikalengandik zeukan gustua aldatu egin zen eta horrek Minnelliren porrota azkartu zuen. Komertzialki lan egokiak egin zituen arren, horiek interes artistiko gutxi zuten. Bells Are Ringing (1960), The Four Horsemen of the Apocalypse (1962), Two Weeks in Another Town (1962), On a Clear Day You Can See Forever (1970), Barbra Streisand aktorearekin; eta A Matter of Time (1976), bere alabarekin, dira nabarmentzekoak.

Vincenti Minnelli Judy Garland aktorearekin 1945 eta 1951 urteen artean ezkonduta egoteagatik ere da ezaguna. Batasun horretatik beste izar bat jaio zen: Liza Minnelli. Hurrengo urteetan beste hirutan ezkondu zen, baina ezkontza horiek ez zuten hainbesteko oihartzunik izan.

1974an, bere bizitzako oroitzapenak argitaratu zituen: I Remember It Well. Minellik azheimerraren gaixotasuna sufritu zuen eta 1986ko uztailaren 25ean hil zen, 83 urte zituela.

(Argazkiak: www.imdb.com)