Itzuli orri osora
Pola Negri, zinema mutuaren banpiroa
vie, 29 ago 2008 18:29:00 +0200

Pola Negri Lipnon (Polonia) jaio zen, 1894an. Barbar Apolonia Chalupiec zuen benetako izena, eta zinema mutuko dramaren erregina izan zen. Bere begirada eta exotismoarekin banpiro irudia landu zuen, eta eskandaluek eta maitasun istorioek indartu egin zuten irudi hori.

Polak dantza ikasi zuen eta nerabezaroan Imperial Balletaren partaide izan zen. Musikal askotan parte hartu zuen, baina lesio baten ondorioz, lanbide hori utzi behar izan zuen eta antzezpenaren munduan sartu zen. Varsoviako Arte Dramatiko Eskolan antzezpena ikasi zuen eta taula gainean ospea lortu zuen.

Zinema sortzearekin batera, Pola Alemaniara joan zen eta Berlinen, Max Reinhardten Alemaniar Antzokian, arrakasta eskuratu ondoren, Ernst Lubitsch zinemagilearen laguna egin zen. Horrek egin zuen ezaguna mundu mailan.

Besteak beste, Los ojos de la momia (1918), Carmen (1918), Madame du Berry (1919), Sumurum (1920) edo El gato montés (1921) filmetan parte hartu zuen; Lubitsch maisuak ekoitzi zituen guztiak.

Bere exotismo emankorra ez zen oharkabean pasatu ekoizle estatubatuarrentzako, batez ere Paramountentzat, 1923. urtean Pola AEBtara joatea lortu baitzuen estudio horrek. Garai hartan ekin zion bere ibilbideari lurralde haietan, eta Hollywoodeko estudioek deitu zituzten lehen aktore europarra izan zen.

Etapa arrakastatsua

Berarekin batera, Ernst Lubitsch ere AEBetara joan zen eta biek La frivolidad de una dama (1924), aktorearen film gogoangarrienetako bat, egin zuten.

20ko hamarkadaren amaieran, Pola Negri zinema mutuaren izarrik handienetarikoa bihurtu zen eta La bailarina española (1923), Bella donna (1923), Sombras de París (1924), La hechicera (1925), Buena y traviesa (1926), Las eternas pasiones (1927), Hotel Imperial (1927), Tres pecadores (1928), La mujer de Moscú (1928), Mazurca (1935) eta Tango nocturno (1937) lanetan parte hartu zuen.

Theda Bara eta Gloria Swanson garaiko aktoreekin etengabe izan zituen ego talkak eta Charles Chaplin eta Rodolfo Valentino aktore mitikoekin izandako maitasun istorioak oso entzutetsuak izan ziren.

Soinudun zinema

Soinudun zinema iritsitakoan, Polaren arrakasta desagertzen joan zen bere azentu poloniar gogorraren ondorioz ezin baitzituen garai hartan antzezten zituen paperak bere gain hartu. 30eko hamarkadaren ondoren, film gutxi batzuk egin zituen, gehienak Alemanian; UFA estudioentzat lan egin zuen bertan.

40ko hamarkadaren hasieran, AEBetara itzuli zen eta Casados sin casa (1943) eta La bahía de las esmeraldas (1964) lanetan parte hartu zuen.

1970ean bere autobiografia, Izar baten memoriak, argitaratu zuen. Hala ere, haren bizitzaren azken urteak misterio bat dira. Sunset Boulevard filmean antzeztu zuen Norma Desmonden pertsonaiarekin, burua galtzera heldu zen zinema mutuaren antzinako izarrarekin, konparatzen dute askok.

San Antonion (Texas, AEB) hil zen, 93 urte zituela.

(Argazkiak: IMDB)