Itzuli orri osora
Etorkizun handiko ibilbideak, heriotza goiztiarrak (I)
vie, 27 jun 2008 18:29:00 +0200

XX. mendean, heldu ez ziren fruituak jaio ziren zinemaren munduan. Aktore gazteak izan ziren horiek, beraien ibilbidearen loraldian pantaila handitik desagertu egin zirenak publikoa euren irudira makurtuta utzita. Egun, zazpigarren artearen ikono izaten jarraitzen dute, beti gogoan izango ditugun interpreteak dira.

Marylin Monroe (1926-1962)

Aktorea edo 50eko hamarkadako sinbolo sexuala? Norma Jeane Mortenson modu askotara gogoratzen da. Con faldas y a lo loco, Una Eva y dos Adanes, Los caballeros las prefieren rubias edo Como casarse con un millonario dira Monroek egin dituen filmetako batzuk.

Marylinen ibilbidea 1945ean hasi zen. Urte hartan 30 aldizkaritako azaletan agertu zen, jada ilehoriz tindatuta. Hiru urte beranduago, paper protagonista lortu zuen Ladies of the chorus pelikulan. Baina arrakastatsua izan behar zuela ematen zuen ibilbide hori 1962an gainbeheratu zen. Bere heriotza suertatu baino lehen, Robert F. Kennedyrekin eta John F. Kennedyrekin erromantze bat izan zuela uste dute batzuek. Kennedytarrek Marylinekin jarraitu nahi ez izatea izan daiteke bere heriotzaren zergatia, barbiturikoen gaindosia hartzearen arrazoia. Hala, bere etxean aurkitu zuten hilda eta gertaera hori suizidiotzat hartu zuten, nahiz eta norbaitek hil zuela ere pentsatu zuten. Aktoreari egin zioten autopsiaren arabera, ez zuen inongo substantziarik gehiegikeriaz irentsi.

James Dean (1931-1955)

James Byron Deanek hiru urteko ibilbidea izan zuen. Rebelde sin causa eta Gigante pelikuletan distiratu egin zuen. Nabarmentzekoa da bi film horiek anektoda bat dutela amankomunean: filmatzeek irauten zuten bitartean, Deanek debekatuta zeukan automobil-lasterketetan parte hartzea. Baina horixe bera izan zen bere amaiera tragikoa. James Deanek Porsche 550 spyder bat erosi zuen eta goiz batean kalera atera zuen bere mekanikoarekin batera. Patuak nahi izan zuen Kaliforniako bidegurutze batean ikasle batek gidatzen zuen auto batek berearekin talka egitea. Beste gidaria eta mekanikaria bizirik atera ziren, baina, 1955eko abenduaren 30ean, 24 urte zituen etorkizun handiko aktorearen heriotza deitoratu zuen mundu osoak.

Brandon Lee (1965-1993)

Esan ohi da alderaketak gorrotagarriak direla, baina horrelaxe bizi izan zen Brandon Bruce Lee publikoak txalotu zuen arte. Beti egon zen bere aitaren, Bruce Lee aktorearen, irudiaren itzalpean. Bere aita ere baldintza arraroetan hil zen 32 urte zituela.

1986an sartu zen zinemaren munduan, Kung-Fu pelikularekin. Horri esker, kritika onuragarriak lortu zituen eta, geroxeago, Rapid Fire filmarekin izarra izatera heldu zen. Lee 28 urterekin hil zen El Cuervo pelikulako eszena bat errodatzen ari zela ustekabeko tiro bat jaso zuenean. Filmaketako langile baten arduragabekeriak bideratu zuen zorigaiztoko ezbeharra. Grabazioan erabiltzen ari ziren 44ko kalibreko Magnum pistola batek bala zahar bat zuen danbor metalikoan eta inork ez zuen hori sumatu arma tirokatua izan zen arte. Nahiz eta jazoera istriputzat jo, batzuek diote kontu-garbitze bat zela medio hil zutela eta asmo txarrez egindako zerbait izan zitekeela.

Brandoren heriotza sorrarazi zuen eszena ez zen erabili filmean. Istripua 1933an gertatu zen, filmaketa amaitzeko 8 egun falta zirenean, eta pelikula bukatzeko efektu digitalak erabili zituzten. Bestalde, zurrumurruak isilarazteko, garai hartan esan zen El Cuervo filmeko aktorea auto-istripu batean hil zela.

(Argazkiak: portada: http://bp3.blogger.com; 1: http://www.cinematocasa.it; 2: http://bp1.blogger.com; 3: http://www.blogdelaurita.bicheando.net; 4: http://img.imageloop.com 5: http://tresdragones.idoo.com; 6: http://desgraciashumanas.blogcindario.com)