Badira urte batzuk lehen aldiz Bollywooden, Indiako zinema industria handiaren, berri izan genuenetik. Entzun ohi ditugun albisteen arabera, Hollywood baino are industria garrantzitsuagoa da, izan ere, honek baino film gehiago ekoizten ditu (iaz 1014 pelikula ekoitzi zituzten Indian, munduan zinemarako lan gehien ekoizten zituen herrialdea izatea lortuz). Gainera, Indiako filmen ikusle kopurua ere handiagoa da. 2006an Indiako zinemak 3.000 milioi sarrera saldu zituen, eta Hollywoodekoak 2.600 milioi.
Baina Bollywood Indiako industria handiena den arren, ez da bakarra. Bollywoodi buruz hitz egiten ari garenean, Mumbain (lehenago Bombay deitzen zen eta hortik datorkio izena, Bombay + Hollywood= Bollywood) hindi hizkuntzan egindako zinema komertzialaz ari gara, baina Indian industria gehiago ere badaude. Zinema ekoizpen handiena duten lekuak honakoak dira: Tamil Nadu estatua, batez ere Chennai (Madras) hirian kokatua, Kollywood izenez ezaguna (Kodambakkam, Chennaiko leku baten izena, eta Hollywood hitzak batzetik dator); Teluguko eta Bengalako industriak, Tollywood izenez ezagunak; Kannada estatukoa Sandalwood izenez ezaguna, non kannada hizkuntzan egiten dituzten filmak; azkenik Mollywood daukagu, Malayamgo industria. Bertako hizkuntzan filmatzen dituzte pelikulak eta aipatutako eskualdeetatik ekoizpen txikiena duena da. Beraz, Indian egiten den zinema Bollywood baino zerbait gehiago dela ikusi dugun arren, berau da herrialdeko industria handiena.
Inkesten arabera, indiarrak munduan zinemara gehien joaten diren herritarrak dira; inoiz hiru hilabetetan mila milioi lagun joan izan dira bertan zinemara. Honen arrazoietako bat da zinemarako sarrerak oso merkeak direla Indian, 17 zentimokoak. Bestalde, Indiako zinema mundu guztira hedatu da azken urteetan, batez ere herritarren artean Indiako inmigranteak dituzten herrialdeetan.
Baina zinema indiarrak historia luzea du, izan ere, 2002an ehun urte bete zituen. Indian egindako fikziozko lehen filma, Raja Harischandra, 1913koa da baina soinudun zinema iritsi zenean, Alam Ara pelikularekin (1931n, hindi eta urdu hizkuntzetan filmatu zuten), hasi ziren bertako filmak estatubatuarrei protagonismoa kentzen.
Alde batetik, ikusleek beren hizkuntzan ikusi nahi zituzten lanak, eta horregatik enpresariak filmak hizkuntza nagusietan ekoizten hasi ziren, Ingalaterrako koloniako zinema Hollywoodentzat lehiakide garrantzitsu bihurtuz. Baina bestalde, soinuarekin hizkuntza arazo ere bilakatu zen, izan ere, herrialdean 23 hizkuntza ofizial eta 2000 dialektotik gora daude. Hori dela eta, pelikulak hindi hizkuntzan (hiztun gehien dituena) eta eskualdeetako hizkuntzetan bikoizten hasi ziren.
Berezitasunak
Atal honetan Bollywoodeko zinemaren berezitasunak azalduko ditugun arren, herrialdeko gainontzeko industrietan ere antzerakoa da zinema. Pelikula ikusgarriak izan ohi dira eta aurrekontu handiak izaten dituzte. Filmen iraupena hiru ordukoa izaten da, eta kolore asko dituzten dekoratu eta jantzi miresgarriak erabiltzen dituzte.
Generoei dagokienean, pelikuletan bat baino gehiago azaldu ohi da uztartuta; horrela, film berean musikalaren, melodramaren, akzioko zinemaren, suspensearen eta komediaren elementuak azaldu daitezke. Generoen nahasketa duten filmak Masala izenez dira ezagunak. Izen hau hindi hizkuntzatik hartuta dago eta Indiako janarian egiten den espezia nahasketari deitzen zaio horrela.
Argumentua ia beti da berdina: gizonezko batek emakumezko bat ezagutzen du, maitemindu egiten dira baina gizarte klase ezberdinekoak dira eta, beraz, zenbait oztopori eta familien gaitzespenari aurre egin behar diote. Amaieran maitasuna da garaile.
Musika
Generoen nahasketa aipatuta, ezin esan gabe utzi genero musikala eta musika bera dela Indiako filmen funtsezko elementuetako bat. Hollywoodeko musikal klasikoan gertatzen den bezala, kantuek eta dantzek ekintza geldiarazten dute. Askotan, hauek ez diote ezer gehitzen istorioari, baina batzuetan abestiek pertsonaien sentimenduak adieraz ditzakete, baita pertsonaien arteko elkarrizketak ere. Eszena hauetan playbacka erabiltzen dute: aktoreek mimika egiten dute eta abeslari profesionalek bikoizten dituzte hauen ahotsak.
(Argazkiak: www.bollywoodworld.com)