Zinemaren historiari Raoul Walshek egin zion ekarpena laburtu behar izango bagenu, westerna, zinema beltza edota itsas drama bezalako genero klasikoen bidez abenturaren mundua bere zentzurik zabalenean pantailaratzen jakin izan zuela izan zen. Gauzak horrela, zaletuen gogoan irauten duen sormen-lan zabala taxutzea lortu zuen, hainbat belaunaldi gozarazi dituena.
1887ko maiatzaren 11n jaio zen New Yorken, eta ikuskizunaren munduko bere ibilbideari antzerkiko eta zinemako aktore gisa ekin zion. Esate baterako, The Birth of a Nation pelikulan Lincolnen erailearenak egin zituen. Dena den, The Life of General Villa filmarekin lortu zuen bere burua egiatan ezagutaraztea. Bere izaera abenturazaleak bultzatuta Mexikora joan zen bertako iraultzari buruzko zenbait eszena filmatu eta Pancho Villa jenerala elkarrizketatu asmoz. Bildutako material hori guztia William Christy Cabanne zuzendariak erabili zuen 1914an egindako pelikulan, eta hark Walsh zuzendarikide gisa agerrarazi zuen. Gainera, bera da gaztaroko Pancho Villa gorpuzten duena.
Garai hartako bere filmeetatik zinemaren historian egin zen gansterrei buruzko lehendabiziko pelikulen artean dagoen Regeneration (1915) azpimarra genezake, baita zeharo berritzailea eta ikusgarria izan zen The Thief of Bagdad (1924) ere. Bertan, Douglas Fairbanks eta Anna May Wong aktoreek parte hartu zuten. Izugarrizko arrakasta izan zuen zinta horretan dekoratu erraldoiak eta estra ugari bildu ziren, eta lan horregatik behin betiko oniritzia jaso zuen Walshek.
Soinudun zinemaren lehendabiziko urratsetan In Old Arizona (1929) westerna zuzendu zuen Fox ekoizpen-etxearentzat. Pelikula horrek zuzendari gisa egindako lanik gorena izan behar zuela zirudien, baina filmaketa amaitu aurretik zorigaiztoko auto-istripu bat izan eta begibakar geratu zen. Ondorioz, Irving Cummings jarri zuten haren ordez. Zuzendari onenaren Oscar saria jasotzeko hautagaien artean egon ziren biak film horri esker.
Hala ere, hura gertatu eta hilabete gutxira, txalo artean itzuli zen The Big Trail (1930) pelikula itzelarekin. Bertan, une hartara arte ezezaguna zen Marion Morrison azaltzen zen. Walshek izena aldarazi eta John Wayne jarri zion.
1935era arte FOXentzat lan egiten jarraitu zuen. Geroago Paramounten egon zen 1939ra arte. Urte hartan Warner Brothers etxeak kontratatu zuen, eta harentzat egin zuen lan 1953. urtera arte. Epealdi horretan filmatu zituen bere lanik gogoratuenetariko batzuk, horien artean zinemako zenbait klasiko zeuden, besteak beste, The Roaring Twenties (1939) -Humphrey Bogartekin eta James Cagneyrekin-, eta Custer jeneralaren bizitzari buruzko abenturazko pelikula bat: They Died with Their Boots (1941). Film horrekin superprodukzioetara itzuli zen. Hala ere, legendazko istorio hori zapuzteko zorian egon zen protagonistarekin, hots, Errol Flynnekin izan zituen etengabeko haserrealdiak zirela-eta. Alabaina, azkenerako Walshen ibilbideko arrakasta nagusienetakoa izan zen eta mito bat western generoaren zaletuentzat.
Bigarren Mundu Gerra gogoan izanda, 1945ean Objective, Burma! filmatu zuen. Zintan aliatuek japoniar tropen aurkako borrokak berreraikitzen dira ahalik eta epika handienarekin. Lan hartan, gainera, Errol Flynnek bere karrerako antzezpen gorenetako bat burutu zuen.
1950eko hamarkadari dagokionez, itsas abenturazko bi pelikula zuzendu zituen Walshek, eta bietan Gregory Peck zen aktore nagusia: Captain Horatio Hornblower (1951) eta The World in His Arms (1952). Garai berekoa da Gary Cooperrek interpretatutako Distant Drums (1951) pelikula ere, western generoko klasikoa bihurtu dena.
Warner ekoizpen-etxearekin zeukan kontratua bukatu ostean, Walshek filmak zuzentzen jarraitu zuen, horien artean bi Clark Gablerekin: The Tall Men (1955) eta The King and Four Queens (1956). 1964an, bere ibilbideari amaiera bikaina jarri zion A Distant Trumpet lanarekin, hots, bere azken pelikularekin. Desagertzeko kinkan zegoen unibertso mitiko bati buruzko begirada krepuskularra zen. Hain zuzen ere, unibertso horretan eskuratu zituen Walshek bere lorpen handienak. Dena den, zinema-industriako zuzendari moldakorrenetakoa izan zen, eta horrek, westernaz gain, beste hainbat genero lantzea ahalbidetu zion, arrakastaz horiek ere.
Kaliforniako Simi Valley herrian hil zen 1980ko abenduaren 31n.
(Argazkiak: 1: www.circulobellasartes.com; 2, 3, 4, 5, 6, 7: www.culturalianet.com)