Anna Magnani menderaezina zen, gauzak sentitzen zituen bezala egiten zituen. Neorrealismoaren "mamma" izan zen eta baita Italiako zinemarena ere. Martxoan bere jaiotzaren ehungarren urteurrena bete zen, 1973an hil zen Maganani, pankrea-minbizi batek jota. Bellísima eta Roma, città aperta bezalako klasikoak utzi zituen historiarako.
Oscar bat irabazi zuen lehen emakumezko aktore italiarra izan zen Anna Magnani. Baina batez ere, glamourra bortizki alde batera utzi eta bere hiriko (Erroma) kaleetako hautsaz zikintzen ziren istorioak zituen herrialde bateko irudia izan zen.
Neorrealismoaren hasiera zen, bere krudeltasunagatik zineman iraultza suposatu zuen lengoaia berri baten hastapena. Errealitatea gehigarririk gabe erakusten zuen. Roma, città aperta (1945) pelikulan zinemaren historiako heriotzarik hunkigarriena antzeztu zuenean mugimendu horren matriarka bihurtu zen Magnani.
Roberto Rosselliniren pelikularekin izar handi bihurtu zen, Hollywood utzi eta Italiara itzuli zen Pasoliniren Mamma Roma (1962) filmean lan egiteko eta betirako agur esan zuen Federico Felliniren Roma (1972) egin ostean.
Begi beltz handiei esker adierazkortasun sutsua zuen bere aurpegiak eta bere antzezpenetan sufrimendua erakusten aditua zen Magnani.
Anna Magnani 1908ko martxoaren 7an jaio zen Erroman. Berak, ordea, Alexandriakoa (Egipto) zela esan izan zuen beti, hara ihes egin baitzuen bere amak. Babesik gabeko alaba izan zen eta polioagatik elbarri geratutako seme baten ama etsitu bat ondoren. Antzeztu zituen pertsonaia bakoitzean azaleratu ziren egoera horiek.
Roma, città aperta pelikulan erakutsi zuen Rosellinik Magnanik zeukan gaitasuna. L'amore (1948) filmean ere musa bihurtu zuen. Gainera, maitasunarekiko ilusioa itzuli zion zuzendariak, izan ere, Stromboli (1949) pelikularen filmaketan Rossellinik eta Ingrid Bergman aktoreak maitasun harreman bat hasi zuten, Hollywood puritanoa eraldatu zuen harreman horrek, biak ezkonduta baitzeuden.
Magnanik maitasun harreman sutsua izan zuen aurretik zuzendariarekin eta Roselliniren eta Bergmanen arteko harremanak haserretu egin zuen. Mendeku moduan Stromboli filmaren kopia trakets bat egin zuen, Vulcano (1950), William Dieterle zuzendariaren aginduetara.
Lusiano Viscontik Bellísima (1951) pelikulan parte hartzeko dei egin zion. Oraingoan ere pertsonaia lazgarri bat antzeztu zuen. Hurrengo lanerako ere Magnani aukeratu zuen Viscontik, La carroza de oro (1953) -azkenean Jean Renoirrek zuzendu zuen filma-. Edertasun heterodoxoa izan arren, Hollywoodek aktorearengan jarri zuen arreta, eta Hollywoodek ez bakarrik, Tennessee Williamsek ere bai.
Idazle estatubatuarrak drama berri bat idatzi zuen aktorea buruan izanda: La rosa tatuada (1955). Emakumezko aktore onenaren Oscarra eman zioten Magnaniri. Beste behin ere izendatu zuten, Viento salvaje (1955, George Cukor) pelikulagatik, baina ez zuen irabazi, bai ordea Berlingo Zinemaldiko Urrezko Hartza. Tennessee Williamsek idatzitako Piel de serpiente (1959, Sidney Lumet) filma egin zuen ondoren, Marlon Brando eta Joanne Woodward aktoreekin.
Italiara itzuli zenean Mamma Roma (1962) egin zuen Pasolinirekin. Kritikak eta publikoak oso ondo jaso zuen Magnaniren lan hori. Ondoren, antzerkian eta telebistan egin zuen lan eta 70eko hamarkadan, jadanik minbizia zuen aktoreak, zinemarako azken lana egin zuen: Roma (1972). Berak antzeztu zezan nahi izan zuen Fellinik, Erromaren irudi nahasia emateko aktorea beharrezkoa zela iritzi zion zuzendariak. Pelikula honekin betirako agur esan zion zinemari Magnanik. Urtebete geroago, 1973ko irailaren 26an, hil zen Anna Magnani.
(Argazkiak: 1 eta 6: IMBd; 2 eta 5: Miniposter; 3: The other side; 4: Wayitalia).