Itzuli orri osora
Richard Widmark, lehen lanarekin izar bihurtuta
vie, 25 abr 2008 18:29:00 +0200

Zinemako izar gutxik egin dute historia pantaila handian egindako lehen lanarekin. Richard Widmark izar bihurtu zen El beso de la muerte (1947) pelikulan egindako paperagatik. Tommy Udo hiltzailea antzeztu zuen, barre egiteko modu berezia zuen gaizto nazkagarria. Lan horrek betirako baldintzatu zuen bere ibilbidea.

Richard Widmark 1914ko abenduaren 26an jaio zen Sunrise hirian (Minesota, AEB). Antzerkian eta irratian aritu ostean, egun batetik bestera zinemako izar bihurtu zen aktore estatubatuarra. El beso de la muerte (Henry Hathaway, 1947) pelikulan egindako lanak betirako baldintzatu zuen bere ibilbidea. Bilau higuingarri zen pertsonaia sortu zuen, barre egiteko era oso berezia zuena. "Nire barre madarikatu hori!", esan zuen aktoreak 1961ean, "pelikula egin eta hurrengo bi urteetan ez zidaten irribarre egiten ere utzi. Pertsonaia hori piztia bat zen."

Lan horregatik Urrezko Globo bat irabazi zuen eta baita Oscarretarako izendapen bat ere, bere ibilbideko bakarra, bigarren mailako aktore onenarena. Bigarren Mundu Gerra osteko Hollywoodeko aktorerik esanguratsuena bihurtu zen.

Hollywooden lan egin zituen lau hamarkadetan 70 pelikula baino gehiagotan hartu zuen parte eta genero guztietako filmak egin zituen: westerna, belikoa, suspensea eta baita beldurrezkoak ere. Elia Kazanen Pánico en las calles (1953); Joseph L. Mankiewiczen Un rayo de luz (1950) eta Jules Dassinek zuzendutako Noche en la ciudad (1951) pelikulak egin zituen, besteak beste.

Lehenbiziko lanarekin ospe handia lortu ondoren, bazirudien atsekabetutako heroiak eta gizartearen aurkako pertsonaiak baino ez zizkiotela ematen.

1960ko hamarkadatik aurrera beste bide bat hartu zuen bere ibilbide artistikoak, El Alamo (John Wayne) pelikulan egin zuen Jim Bowieren paperari esker. Eta baita Stanley Kramerrek zuzendutako ¿Vencedores o vencidos? filmean antzezten zuen Tad Lawson koronelari esker ere.

Richard Widmarken beste lan ezagunetako bat John Forden El gran combate (1963) filmean egin zuen pertsonaia da, indioei laguntzeko bere lana arriskuan jartzen zuen kapitain estatubatuar bat zen.

Zineman izan zuen arrakastak telebistan ere izan oihartzuna: Daniel Madigan detektibea izan zen Widmark Brigada homicida pelikulan (1968, Don Siegel).

Geroago Sidney Lumeten Asesinato en el Orient Express (1974) pelikulan hartu zuen parte eta Kramerren esanetara egin zuen lan berriz, De presidio a primera página (1977) filmean. Zinemarako egin zuen azken lana El color de la ambición izan zen, 1991an, John Cusackekin batera.

Richard Widmark 2008ko martxoaren 24an hil zen Roxburyko (Connecticut, AEB) bere etxean, aspalditik zegoen gaixo.

(Argazkiak: EFE)