Itzuli orri osora
Ekialde Urruneko gaur egungo zinema: Ezinbestekoak (II)
vie, 11 abr 2008 18:29:00 +0200
Iragan astean Zhang Yimou, Wong Kar-wai, Takeshi Kitano, Pen-Ek Ratanaruang eta kim Ki-duk zuzendari asiarren lan interesgarrienak ezagutu genituen. Asteon Shinya Tsukamoto, Hayao Miyazaki, Takashi Miike, Park Chan-Wook eta Johnhie To dira ezagutuko ditugun zuzendariak.

TETSUO. Japonia (1989). Shinya Tsukamoto.

Kultuzko obra da dagoeneko Tetsuo zinema garaikidearen historian. William Gibson idazleak, ziberpunk azpigeneroaren aitak, zineman zientzia-fikzioaren azpigenero horretan egin zen lehen filma dela esan zuen. Ziberpunk hitzaren bidez, teknologiaren geldiezinezko aurrerakada gizakiaren espirituari gailentzen zaion "mundu ez hain urrunekoa" islatu nahi dute, high tech, low life (teknologia maila altua, bizi maila baxua) filosofia. Burdinaren fetitxista bilakatzen den gizonezko baten istorio itogarria kontatzen du Tsukamotoren filmak, ausardia eta irudimen apartaz. Ezinbesteko harribitxia da.

SPIRITED AWAY. Japonia (2001). Hayao Miyazaki.

Japoniako anime kulturak oihartzun nabarmena izan du nazioartean. 1988. urtean, esaterako, Katsuhiro Otomo zuzendariak Mendebaldeko ikusleak zur eta lur utzi zituen Akira filmaz. Horrek eta Dragoi Bola telesailak animearen eztanda moduko bat eragin zuten Japoniatik kanpo. Hayao Miyazaki, hizpide dugun filmaren zuzendaria, aspalditik ari zen marrazki bizidunak ekoizten maisua dela erakusten, eta 2002an sari ospetsuak irabazi zituen nazioartean Spirited Away filmarekin. Publikoa aho zabalik utzi zuen magiaz bustitako kontaketa paregabeak, ikuskizun ederra oparitu baitzien ikusleei asiarrak. Galdu ezinekoa da bere filmografia.

ICHI THE KILLER. Japonia (2001). Takashi Miike.

Takashi Miike japoniar zuzendari zoroa oso ezagun bihurtu da Mendebaldean, bere film harrigarriei esker. Japoniarren diziplinaren eredu bikaina da Miike, ez baita atseden hartzeko ere gelditzen: zuzendari nekaezina da. Urtebetean 7 film ekoizteko gai izan da, eta ez edonolakoak gainera (horien artean, Ichi The Killer zegoen). Telebistan zein zineman aritzen da, eta ikus-entzunezko munduak eskaintzen dizkion aukerak bere pentsamenduak islatzeko aprobetxatzen ditu. Zinema oso ausart eta apurtzailearen bidez, eromena nagusi den unibertsoa eraikitzen du. Ichi The Killer ezinbesteko filma bihurtu da, denboraren poderioz.

OLD BOY. Hego Korea (2003). Park Chan-wook.

Park Chan-wook oso ezagun bihurtu da nazioartean, mendekuaren inguruko trilogiari esker. Izan ere, Sympathy For Mr. Vengeance (2002), Old Boy (2003) eta Sympathy For Lady Vengeance (2005) lanetan, mendekuaren hainbat azterketa egin zituen. Tarantinoren zinemak eragin handia izan zuen hegokorearrarengan, eta Old Boy filmak estatubatuarraren obraren antzerako sentipenak sortzen dituela esan daiteke. Zuzendariak buruan dituen kezkak eta gogoetak konplexurik gabe islatzen dituenean zineman dena posible dela erakusten du film honek.

ELECTION. Hong Kong (2005). Johnnie To.

80ko hamarkadan John Wook eta beste hainbat zuzendarik ezagun egin zuten Hong Kongeko zinema eta gaur egun Johnnie To da zinema horren erreferente. Makina bat ekoizpen egindakoa da, komertzialak gehienak, industriaren arauen menpe egon baita orain gutxi arte. Alabaina, urteekin independentzia lortzen joan da eta, gaur egun, gustuko dituen filmak egiten ditu. Triaden inguruko thrillerra da Election, mafia txinatarraren munduan barneratzeko narrazio bikaina. Urtebete geroago, film honen segida aurkeztu zuen: Election 2. Oso lan gomendagarria da.

(Argazkiak: www.imdb.com)